Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dantza Tipologia Jakin Batean Oinarrituta Ekitea


Sarrera
 
Tipologia jakin batean oinarrituta ekitea
 
Dantza tradizionalaren estilo aniztasuna
 
Oinarrizko kontzeptuak
 

 
TIPOLOGIA JAKIN BATEAN OINARRITUTA EKITEA

   Dantza tradizionala jarduera artistiko eta kultural berezia da eta pertsona bat edo hainbat arropa berezia jantzita beren gorputza desberdin mugiarazten dutenean, eguneroko bizitzaren zereginetan esku hartzen dutenean ez bezala alegia, gertatzen da. Tradizional gisa ezagutzen diren gizarteetan pertsonek beren gizarte-bizitzan, ekonomia jardueretan eta beren sinesmen izpiritual eta erlijiozkoetan funtsezkoak diren uneetan dantza egiteko joera handia dutela antzeman daiteke.

Hori dela-eta hartzen da dantza tradizionala gizarte- eta kultura-sentimendu nabarmenen adierazpentzat. Izan ere, dantzak erkidegoaren barruan garrantzi handiko gertaera bat ospatu behar den egoeretan sortzen dira eta hala gertaera ekonomikoen, erlijiozkoen, historikoen, politikoen, mitikoen edo norbanakoen ondorioz ospatu beharreko gertakariek eraginda sor daitezke; haatik, ospakizunaren arrazoia, oro har, zerrendatu ditugun ezaugarri desberdinak nahasten dituen gertakari bat izan ohi da.

Horrenbestez, dantza tradizionala pertsonen bizitzan nolabaiteko garrantzia duten gertakariak ospatzeko antolatzen den gizarte-gertakizun bat da.

KLASIFIKAZIO KRITERIOA

    Dantza tradizionala aztertzeko garaian dantzak sailkatzeko jarraitu beharreko irizpidea finkatu behar da. Julio Caro Barojak eta beste batzuek dantzak denboraren arabera sailkatzeko irizpidea jarraitu dute. Irizpide honen arabera dantza tradizionalak erkidego baten jai zehatzen inguruan gertatzen diren kultur adierazpenak dira eta, honela, hauek guztiek urte osoan zehar banatzen diren jai eta dantza tradizionalen egutegia osatzen dute. Hortaz, jaiak eta jai hauetan egiten diren dantzak pertsonaren bizimoduan eta gizarte-taldeetan funtsezkoak diren gizarte-aldaketa, nekazaritza-ziklo eta urte-sasoi desberdinen barruan hari bat osatuta gertatzen diren ospakizunak dira.

Ikertzaileak ez dira ados jartzen dantzak sailkatzeko garaian nagusitu behar den irizpideari buruz. Esate baterako, Juan Antonio Urbeltz-ek irizpide morfologikoak eta koreografikoak jarraitu ditu euskal dantzak sailkatzeko sistema landu duenean. Bestetik, José Antonio Quijera euskal folklorearen ikertzaileak irizpide formalak eta koreografikoak jarraitu ditu eta proposamen honen ondorioak eta Juan Antonio Urbeltzen proposamenarenak desberdinak dira. Juan Antonio Urbeltzek egindako proposamenean zazpi epigrafe nabarmentzen dira, honako ordenari jarraituta: gizonezkoen norbanako dantzak; emakumezkoen norbanako dantzak; gizonezkoek soilik egiten dituzten taldekako dantzak; emakumezkoek soilik egiten dituzten taldekako dantzak; gizonezkoek eta emakumezkoek egiten dituzten taldekako dantzak; inauterietako dantzak eta konpartsak; lanbideen dantzak, jolas-dantzak eta jolasak. Era berean, Juan Antonio Urbeltzek aipatutako epigrafeen barruan beste banaketa batzuk egin ditu eta dantzak sailkapen honen arabera zerrendatu ditu. José Antonio Quijerak, aldiz, erremintak erabiltzen dituzten eta ez dituzten dantzen arteko bereizketan oinarritzen den sailkapen-sistema proposatzen du, ondoren bere sailkapeneko atal nagusi hauek azpiatal zehatzagoetan banatzen ditu eta dantzak azpiatal hauen arabera zerrendatzen ditu.

Jaien banaketa kronologikoa aukeratu duten ikertzaileen artean Julio Caro Baroja nabarmentzen da, ikertzaile honek idatzitako ondoko lanetan ikus daitekeen moduan: El carnaval: análisis histórico-cultural eta El estío festivo: fiestas populares del verano . Euskal Dantzarien Biltzarrak argitaratzen duen Dantzariak aldizkariak bere lehen zenbakietan Euskal Herriko jaien egutegia eman zuen argitara emanaldika. Dantzariak aldizkariak landutako jai eta herri eta hauetan ikus daitezkeen dantza eta beste berezitasun batzuen egutegia urtarrilaren 1arekin hasten zen eta egunez egun urtean aurrera egiten zuen abenduaren 31ra arte. Nolanahi ere, Fiestas populares: España día a día liburuan María Ángeles Sánchezek jaien zikloak eta egutegi zibila bat ez datozela dio. Ikertzaile honen iritziz egokiena egutegiari abenduaren 13an Santa Luzia jaiarekin hasiera ematea da. María Ángeles Sánchezek neguko jaien zikloa Gabonetako jaiekin hasten dela eta Gabonetako jaiak Santa Luziaren omenezko ospakizunekin hasten direla uste du. María Ángeles Sánchezen egutegiarekin bat eginik, José María Jimeno Jurio ikertzaileak Nafarroan landutako jaien egutegiak egutegi zibila eta jai herrikoien egutegia bat ez datozela islatzen du. Haatik, José María Jimeno Jurioren iritziz jai herrikoien egutegiari abenduaren 24an ematen zaio hasiera.

KRONOLOGIKO MODUAREN HAUTAKETA

    Jai eta dantza tradizionalak kronologikoki aurkezteak zenbait gai finkatzea eskatzen du. Kultura jakin batean zein jaik ematen dio hasiera jaien zikloari? Zein jaik ematen dio amaiera zikloari? Zein ezaugarri izan behar dituzte ziklo beraren barruan biltzen diren ospakizunek? Izan ere, hemen argitara ematen den moduko jaien egutegi batek bi denbora-irizpide desberdin bateratzen ditu: batetik, tokiko ekonomien denbora-zikloa eta pertsonen bizitzaren denbora-zikloa.

Honi dagokionez, naturaren ziklo biologikoaren menpe dauden ekonomia-jarduerekin bat egiten duten ospakizunen barruan biltzen dira jai eta dantzen kopuru handi bat. Era berean, dantza eta ospakizun hauek erlijiozko jaiekin -jai kristauekin zein paganoekin- lotzen direla edo bien ezaugarriak nahasten dituztela antzeman daiteke. Ospakizun hauek sailkatzerakoan folklorea ikertzen dutenek lau jai-ziklo nagusi bereizi dituzte: neguko jaiak, udaberriko jaiak, udako jaiak eta udazkeneko jaiak. Orokorrean, neguko jaietan protagonismoa jaiak ospatzen dituen herriko gazteenek izaten dute, hala gertatzen da nekazaritza-giroko euskal inauterietan eta egun desberdinetan ospatzen diren gabonsariak eta bestelako eskeak egiteko bisitaldi-jaietan. Era berean, gizakien, animalien edo landareen heriotzarekin eta berpizkundearekin lotzen diren gaiak dramatizatzen dituzte. Hori dela-eta, jai hauek birsorkuntzaren jai gisa interpretatu dira. Udaberriko jaiak, aldiz, nekazaritzako izurriteen aurkako zein familiakoengan edo norbanakoengan eragina duten gaixotasun edo zorigaitzen aurkako prebentzioari zuzentzen zaizkiola hartu da aintzat. Euskal erromeria asko mota honetako jaiekin lotzen diren dantzak dira. Udako jaiak, bestalde, zalapartatsuagoak dira eta gehienetan jaiak ospatzen dituen gizarte-taldearen bizi-iraupenerako funtsezko ekonomia-jardueren baten burutzapena edo burutzapenaren hurbiltasuna ospatzeko egiten dira, Euskal Herriko herri askotako zaindariaren jaietan antzeman daitekeen moduan. Azkenik, udazkeneko jaiek bizirik daudenen mundua eta hilik daudenena lotzen dituzte. Hildakoen ohorezko jaiak dira, hauen arimen aldekoak. Neguko jaietan bezalaxe, ospakizun hauek heriotzaren eta biziaren arteko atalasea oso txikia dela gogorarazten dute. Hala eta guztiz ere, neguko jaiek materia birsor daitekeen ideia gehiago nabarmentzen dute udazkenekoek baino, hauetan ospakizunaren ardatza arimak eta izpirituen mundua dira-eta.


1Juan Antonio Urbeltz, Reflexiones sobre el folclore coreográfico vasco, Cuaderno de Sección de Folclore nº1, Sociedad de Estudios Vascos, San Sebastián, 1983. También se puede consultar el nº10 de la revista Dantzariak, páginas 4-8, Euskal Dantzarien Biltzarra, Bilbao, 1979.
2José Antonio Quijera, Sistematika euskal folklore koreografikoan, Jentilbaratza nº7 Sociedad de Estudios Vascos, San Sebastián, 2000.
3 Editorial Taurus, Madrid, 1965.
4 Editorial Taurus, Madrid, 1984.
5 María Ángeles Sánchez, Fiestas populares: España día a día, Maeva Ediciones, Madrid, 1998.
6 José María Jimeno Jurio, Calendario festivo de invierno, Panorama nº 10, Gobierno de Navarra, Pamplona, 1988.

Emilio Javier Dueñas

Azken eguneratzea: 2006/01/02