Segurtasun Saila

Azken eguneratzea: 2012/08/28

Euskal Autonomia Erkidegoko urriaren 21eko hauteskundeetarako erroldak 1.775.750 hautesle ditu

Hauteskundeei buruzko informazio osoa hemen: www.elecciones.net

 
Guztira, 1.775.750 izango dira urriaren 21ean bozkatzeko eskubidea gauzatu ahalko duten euskal herritarrak, Eusko Legebiltzarraren hurrengo legegintzaldian haiek ordezkatuko dituzten 75 legebiltzarkideak hautatzeko. Hiru lurralde historikoetako eta Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzarretako 110 kide izango dira prozesuaren funtzionamendu ona ikuskatzeaz arduratuko direnak. Prozesu hori gaur, asteartean, abiarazi da, EHAAn hauteskundeei buruzko deialdia argitaratzearekin batera, eta abenduaren erdialdean amaituko omen da, Legebiltzar berria osatzen denean. Hauteskundeetarako Zuzendaritzak www.elecciones.net webgunea abiarazi du gaur, gaur hasten den prozesuari buruzko informazioa agertzen duena.
 

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak www.elecciones.net webgunea abiarazi du gaur, asteartean. Webgune horrek urriaren 21erako aurreikusitako hauteskundeei buruzko deialdiari lotutako informazio osoa jartzen du erabiltzaileen eskura. Webgune horren bidez, Internetetik informazio eta zerbitzuen sorta zabala kontsulta daiteke, aurreko bertsioen aldean erantzuteko gaitasun hobea daukana. Bozkatzeko prozedurei, posta bidezko botoari eta hautesleei sortzen zaizkien zalantza nagusiei protokolo bizidunen eta grafikoen bidez erantzuten zaie, eta horrek ulermena errazten du.

Webgunearen atal aipagarrienen artean, honako hauek nabarmendu behar dira: prozesuaren egutegia buruzkoak, bozkatzeko prozedura eta posta bidezko botoaren prozedura, Hautesleen gida hauteskunde-mahaietako kideentzako gida, galderak eta erantzunak, elektronikoak. Berritasun nabarmenen artean, honako hauek azpimarratu behar dira: pausoz pauso urratseko gidaliburuak, botoa emateko orduan erabiltzaileari sor dakizkiokeen prozedurazko zalantzak modu atseginean eta grafikoan argitzeko aukera ematen dutenak.

Halaber, webguneak Sailak alde beretik zabaldu duen twiiter kontua (@hauteskundeak) harpidetzeko aukera ematen du. Kontuak hauteskunde-prozesuari lotuta sortzen diren albisteei buruzko komunikazio bidea ematen du ia denbora errealean. Horrez gain, 012 telefono-zenbakia jarri da erabiltzailearen esku, kontsulta pertsonalizatuak egiteko.

Hauteskunde errolda

Euskal Autonomia Erkidegoko 1.775.750 gizon eta emakumek bozkatzeko eskubidea gauzatu ahalko dute urriaren 21ean, EAEko hurrengo legegintzaldian haiek ordezkatuko dituzten 75 pertsonak hautatzeko. Zifra horrek murrizketa oso txikia dakar EAEko 2009ko Hauteskundeetako erroldaren aldean, urte horretan balizko hautesleen kopurua 1.776.006 izan zela. Hala eta guztiz ere, benetan errolda txikiagoa duen hiru lurralde historikoetako bakarra Bizkaia izan da: 952.818 hautesle egon ziren, eta orain, aldiz, 949.704; Araban, berriz, hautesleen zerrenda handiagoa da: 248.230 hautesle egon ziren, eta orain, aldiz, 250.708, eta Gipuzkoan 574.958 hautesle ziren, eta orain 575.338. Zenbaketa oso horren barnean, azken hiru urte eta erdian neurri handian gehitu dira atzerrian bizi diren eta bozkatzeko eskubidea izango duten euskal herritarren kopurua: 43.660 ziren, eta orain, aldiz, 56.140.

Hurrengo asteetan urriko hauteskundeetan aurkeztuko diren kandidaturen datuak gauzatuko dira, baina Hauteskunde Batzarren konfigurazioa dagoeneko zehazten hasi da, organo horietako kideek prozesu osoaren funtzionamendu ona zaindu beharko dutela. Erakunde arduradun gorena den aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzarrak lurralde historikoetako hiru batzarren eta eremuko beste hamar batzarren laguntza izango du. Guztira, 110 legelari eta epaile barne hartuko dituzte batzar horiek. Beraiek izango dira prozesuan alderdi politikoei eta EAEko 251 udalerrietako hautesleku eta mahai bakoitzean bozkatzen duten herritarrei sor dakizkiekeen galdera eta zalantza guztiak ebatziko dituztenak.

2009ko zifrak

Orain abiarazten den prozesuari begira erabiltzen diren zifrek Eusko Legebiltzarrerako aurretik egindako hauteskundeen esperientzia hartzen dute oinarri, eta ezin izango dira oso ezberdinak izan. Horrela, 2009an hautesleek 762 hauteslekutan (103 Araban, 346 Bizkaian eta 313 Gipuzkoan) bozkatu ahal izan zuten, 2.735 mahai, 5.470 hautestontzi eta 2.735 kabina egon zirela. Bozkatzeko mahaietan 8.205 herritar eta 16.410 ordezko egon ziren, eta horiek arduratu ziren hautestontzi ondoan prozesu osoaren funtzionamendu onaz. Hauteskunde administrazioak 33.000 eskuliburu banatu zituen horien artean, haien betebeharren eta eginkizunen funtsezko aldeak zehatz-mehatz azaltzen zituztenak.

Prozesua eta haren une gogoangarri nagusiak

Gaur EHAAn argitaratuz hauteskundeak modu formalean deitu ondoren, hurrengo egunetan prozesuaren lehenengo urratsak gauzatzen hasiko dira. Bihar bertan alderdiek kandidaturetako ordezkari orokorrak izendatu beharko dituzte Hauteskunde Batzar Nagusiaren aurrean, eta hurrengo egunetan mugape bakoitzeko kandidaturetako ordezkariak, administratzaile orokorrak, ahaldunak, kontu-hartzaileak eta abar hautatu beharko dira. Abuztuaren 31n lurralde historikoetako eta eremuko Hauteskunde Batzarrak osatuko dira.

Deialdia egiten den unetik eta kanpaina ofizialki hasi arte, indarrean egongo da karteletan, merkataritza euskarrietan eta komunikabideetan hauteskunde propaganda egiteko debekua. Aldi berean, udalek hauteskunde propagandarako eta kanpainako ekitaldietarako (hori modu formalean hasten denean) erabili beharko diren lekuak eta espazioak aukeratzeko epea zabalduko da.

Gaur asteartea eta deialdiaren lehenengo eguna da, eta epea zabaltzen da posta bidezko botoa eskatu nahi dutenentzat zein atzerrian bizi diren eta bozkatu nahi duten euskal herritarrentzat. Lehenengoek urriaren 11ra arteko epea izango dute eta bigarrenek, aldiz, abuztuaren 28tik irailaren 22ra bitartekoa. Halaber, urriaren 21ean Braille sistemaren bidez bozkatzea eskatu nahi dutenentzat ere gaur hasten da epea.

Irailaren 3tik aurrera hauteskunde errolda erakusten hasiko da udaletxeetan eta kontsuletxeetan, eta balizko erreklamazioak aurkezteko epea zabalduko da. Egun horretan bertan hauteskundeetarako atalak, lokalak eta mahaiak argitaratuko dira hiru lurralde historikoetako aldizkari ofizialetan.

Irailaren 22an bozkatzeko mahaiak osatu beharko dituzten herritarrak hautatzeko zozketak egingo dira, eta hurrengo egunean jakinarazpenak egiten eta eskuliburuak pertsona horien artean banatzen hasiko dira.

Hiru egun beranduago, irailaren 25ean, hain zuzen, EHAAn argitaratuko dira hauteskundeetan aurkezten diren kandidaturak.

Hauteskunde kanpaina urriaren 5ean abiaraziko da modu formalean, eta urriaren 19ra arte luzatuko da, egun hori delako urriaren 21eko bozketen aurreko gogoeta egiteko egunaren bezpera. Mahaiak goizeko bederatzietan zabalduko zaizkie hautesleei, eta arratsaldeko zortzietan itxiko dira, une horretan emaitzak zenbatzen hasiko direla.

Hauteskunde Batzarrak zenbaketa orokorra egingo du urriaren 27tik 31ra bitartean, eta kargu hautetsiak azaroaren 4tik 10era bitartean izendatuko omen dira. Errekurtsoak aurkezteko epe guztiak amaitu eta gero, emaitzak behin betiko argitaratuko dira EHAAn azaroaren 11tik 24ra bitartean. Abenduaren erdialdean Legebiltzarra osatzen denean, ofizialki hasiko da Legebiltzarraren hamargarren legegintzaldia.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko informazio osoa hemen: www.elecciones.net.