Segurtasun Saila

Azken eguneratzea: 2012/09/10

Irailaren 12an hauteskundeetarako hautagai zerrendak aurkezteko epea hasiko da

Hauteskundeei buruzko informazio osoa hemen: www.elecciones.net

Irailaren 12an Eusko Jaurlaritzako hauteskundeetarako (urriaren 21ean) hautagaiak aurkezteko epea hasiko da. Egun horretatik aurrera eta irailaren 17ra arte, alderdi politikoek, federazioek, koalizioek eta hauteskunde-elkarteek beharrezko dokumentazio guztia eman beharko dute lurralde historikoetako Hauteskunde Batzarretan. Hautagaien zerrendak EHAAn argitaratuko dira 19an, eta egon litezkeen akatsak zuzendu ondoren, Batzarrek, 24an, hauteskundeetan lehiatuko diren hautagai zerrendak aldarrikatuko dituzte.

Alderdi politikoek, federazioek, koalizioek eta hauteskunde-elkarteek sei egun izango dituzte euren hautagai zerrendak lurralde historikoen Hauteskunde Batzarretan aurkezteko. Epe hori irailaren 12an hasiko da eta 17ko gaueko 12etan amaituko da. Hala agintzen da Hauteskunde Egutegian, Herrizaingo Sailaren Hauteskunde Administrazioko Zuzendaritzak egina.

Hautagaien zerrendak zerrenden lurralde ordezkariek aurkeztuko dituzte (edo zerrenden sustatzaileek, hauteskunde-elkarteen kasuan). Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen Legearen 50. artikuluaren arabera, aurkezpen idazkian ondoko datu hauek azaldu behar dira, besteak beste:

- Izendapena, siglak eta identifikazio-sinboloa. Hauteskundeetan zehar ezin dira aldatu.

- Hautagaien eta ordezkoen izen-abizenak, helbide zehatza eta zerrendaren barruan zenbatgarren postuan dauden.

- Hautagai zerrendaren lurralde ordezkariaren izen-abizenak. Lurralde historikoaren hiriburuan izan behar du helbidea.

- Hautagai izatea onartzearen ziurtagiria, hautagai eta ordezko bakoitzak sinatua. Autonomi erkidegoaren barruan zerrenda bakar batean dagoela eta hautatua izateko gainerako baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duen adierazpena.

- Hautagaia Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen hauteskunde erroldan izena emanda dagoelako ziurtagiria.

Zerrendetan hogeita bost hautagai sartu behar dira lurralde historiko bakoitzeko. Gainera, gutxienez hiru eta gehienez bost ordezko egon behar dira. Horri buruz esan behar dugu zerrendetako kideen %50 gutxienez emakumezkoak izan behar direla zerrendak ontzat eman ahal izateko, 2005eko martxoko Berdintasunaren Legearen arabera. Zehazki, proportzio hori mantenduko da hautagaien eta ordezkoen zerrendan, 6 izeneko tarte bakoitzeko.

Irailaren 20aren eta 21aren artean, lurralde historikoen Hauteskunde Batzarrek atzemandako edo salatutako akatsak jakinarazi behar dizkiete aurreko eguneko EHAAn argitaratutako hautagai zerrenden ordezkariei. Akats horiek irailaren 22an eta 23an zuzendu behar dira.  Irailaren 24an, lurralde historikoetako Hauteskunde Batzarrek hautagai zerrendak aldarrikatuko dituzte. Zerrendak Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira biharamunean.

Inprimaki elektronikoak

Hauteskunde-prozesu honetarako berrikuntza modura, Hauteskunde Administrazioaren Zuzendaritzak aukera hau jarri du Interneten: hautagaitzak aurkezteko inprimakiak bide elektronikoa erabilita deskargatu ahal izango dira. Legebiltzarrerako 2012ko hauteskundeetan hautagaitzak aurkezteko dauden sei inprimakiak web orrialde honetan deskarga daitezke: www.elecciones.net. Inprimaki horiek elektronikoak dira eta norberak bete eta edita ditzake bide telematikoz. Horri esker, papera aurreztuko da eta tramitazio-prozesua arinago egingo da.

www.elecciones.net

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak www.elecciones.net webgunea abiarazi du. Webgune horrek urriaren 21erako aurreikusitako hauteskundeei buruzko deialdiari lotutako informazio osoa jartzen du erabiltzaileen eskura. Webgune horren bidez, Internetetik informazio eta zerbitzuen sorta zabala kontsulta daiteke, aurreko bertsioen aldean erantzuteko gaitasun hobea daukana. Bozkatzeko prozedurei, posta bidezko botoari eta hautesleei sortzen zaizkien zalantza nagusiei protokolo bizidunen eta grafikoen bidez erantzuten zaie, eta horrek ulermena errazten du.

Webgunearen atal aipagarrienen artean, honako hauek nabarmendu behar dira: prozesuaren egutegia buruzkoak, bozkatzeko prozedura eta posta bidezko botoaren prozedura, Hautesleen gida hauteskunde-mahaietako kideentzako gida, galderak eta erantzunak, elektronikoak. Berritasun nabarmenen artean, honako hauek azpimarratu behar dira: pausoz pauso urratseko gidaliburuak, botoa emateko orduan erabiltzaileari sor dakizkiokeen prozedurazko zalantzak modu atseginean eta grafikoan argitzeko aukera ematen dutenak.

Halaber, webguneak Sailak alde beretik zabaldu duen twiiter kontua (@hauteskundeak) harpidetzeko aukera ematen du. Kontuak hauteskunde-prozesuari lotuta sortzen diren albisteei buruzko komunikazio bidea ematen du ia denbora errealean. Horrez gain, 012 telefono-zenbakia jarri da erabiltzailearen esku, kontsulta pertsonalizatuak egiteko.