Segurtasun Saila

Azken eguneratzea: 2012/09/25

Hauteskunde Batzordeek hauteskundeetan parte hartuko duten hemeretzi alderdi politikoak jakinarazi dituzte

Hamahiru alderdi hiru lurralde historikoetan aurkeztuko dira, eta beste sei soilik Araban edo Bizkaian

Hauteskunde Batzordeek atzo, astelehena, jakinarazi zituzten Eusko Legebiltzarrerako datozen hauteskundeetan parte hartuko duten hautagaitzak, hiru lurralde historikoetan. Orotara, EAE osoan hamahiru alderdi politiko desberdin aurkeztu dira; horiez gain, beste bi alderdi Araban baino ez dira lehiatuko, eta lau Bizkaian. Aurkeztutako hautagaitzen zerrendak gaur argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hiru lurralde historikoetako Hauteskunde Batzordeek atzo, astelehena, jakinarazi zuten Eusko Legebiltzarrerako datozen hauteskundeetan lehiatuko diren hautagaien zerrenda; aurretik, urriaren 21eko autonomia erkidegoko hauteskundeetara aurkeztutako hautagaien dokumentazio osoa berrikusi dute.

Hamahiru alderdi politiko aurkeztu dira erkidegoko hiru lurraldeetan: Euzko Alderdi Jeltzalea-Partido Nacionalista Vasco, Partido Socialista de Euskadi-Euskadiko Ezkerra (PSOE), Alderdi Popularra, Unión Progreso y Democracia, Euskal Herria Bildu, Ezker Batua-Berdeak, Izquierda Unida-Los verdes-Ezker Anitza, Equo Berdeak-Euskal Ekologistak, Unificación Comunista de España, Partido Animalista contra el Maltrato Animal, Escaños en Blanco-Aulki Zuriak, Bidezko Mundurantz-Por un Mundo más Justo eta Partido Humanista.

Horiez gain, beste bi hautagaitza Arabako lurraldean baino ez dira aurkeztu: Ongi Etorri eta Partido Integración Comunitaria; beste bi talde, aldiz, soilik Bizkaian aurkeztu dira: Partido Familia y Vida, Euskal Komunsitak-Partido Comunista de los Pueblos de España, Hartos eta Partido Obrero Socialista Internacionalista.

Hautagaiak EHAAn argitaratu ondoren, orain izendapen horien aurkako errekurtso bidea zabalik dago. Hain zuzen ere, aurka egiteak bihar (asteazkena) eta etzi (osteguna) artean aurkeztu beharko dira, eta epaitegiek datorren larunbatera arteko epea izango dute horien gaineko ebazpena emateko. Aurka egindako hautagaitzen kontra errekurtsoa jarri ahalko da Auzitegi Konstituzionalaren aurrean eta azken horrek epaia behin betiko eman beharko du hauteskunde kanpaina hasi baino lehen (urriak 5).