Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Azken eguneratzea: 2011/05/17

Malizia, mahats beltzaren Estatuko lehen izotz-ardoa, merkatuan

San Prudencio Upeltegia aitzindaria da Espainian, tempranillo eta garnatxa bezalako mahats beltz klasikoez honelako ardoa egiten.

Malizia de bodegas San Prudencio.

San Prudencio upeltegiak (Moreta, Araba), mahats beltzaren Estatuko lehen izotz-ardoa merkaturatuko du ‘Malizia’ izenarekin. Goi-sukaldaritzako sektoreetan hasiko da Malizia banatzen, hain zuzen ere, 375 ml-ko 1.000 botilen ekoizpen mugatuarekin, estilo berriko ardoak aurkitzeko erronkari erantzunez.

2009ko urtarrilaren lehen asteetan, hamahiruan erori zen urteko lehen asteartean, zehazki, termometroek 800 metroko altueran, Montelaturce mendiaren (Errioxa) magalean, 7 gradu zero azpitik markatzen zutenean, San Prudencio upeltegiek Maliziaren mahats-bilketari ekin zioten. Ardo hori egiteko, izoztutako 5.000 kilo mahats bildu ziren guztira, hogeita hamar urtetik gorako tempranillo eta garnatxako mahatsondoetatik, eta mahastian bertan zapaldu ziren. Horrela, ura pikorraren barruan izoztea lortzen da eta oso kontzentratutako eta azukretan aberatsa den muztioaren esentzia lortzen da, eraldatzeko oso-oso errendimendu baxuarekin, hau da, %14ra, izan ere, bildutako 5.000 kilo mahatsetik muztio preziatu honen 750 litro baino ez dira ateratzen.

Frantses haritzezko upeletan, 15 gradutik beherako tenperaturetan motel hartzitu ondoren, sei hilabetez ondu da barriketan hondarren gainean. Uzta honetatik ateratako ardoa arras gozoa, aromatikoa eta melenga da, eta 22º-ko alkohol-gradu potentziala du, baina hartzidura partzialari esker, 11º gradutatik gertuko alkohol-graduazioa duen ardoa lortzen da, gainerako azukreak, 200 bat gramo litroko, gozotasun berezia ematen diolarik.

Izotz-ardoa, Ice wine, produktu tradizionala da, Alemania, Austria edo Kanada bezalako herrialdeetako eskualde ardo-egilerik hotzenetakoa, baina betiere, mahats zurian oinarrituta. San Prudencio Upeltegia aitzindaria da Espainian, tempranillo eta garnatxa bezalako mahats beltz klasikoez honelako ardoa egiten.