Euskadi iparraldetik hegoaldera (Irun-Madril, N-I) eta ekialdetik mendebaldera (Bartzelona-Zaragoza-A Coruña) doazen errepide-ardatzen elkargunean dago kokatuta. Horrez gain, Europaren gaineratikoarekin dago lotuta, E-5, E-70 (A-8) eta E-80 (A-68) ibilbideen bitartez.
Barruko komunikazioa arina eta segurua da errepideen sare trinkoari esker, euskal hiri nagusiak lotzen dituzten autopistetarako sarbide ugari dituzte-eta.
Gaur egun, Garraio Iraunkorraren Plan Zuzentzailean jasotako datuen arabera, bidaiarien errepide bidezko garraioa %80koa da; eta merkantziena, %67koa. Bidaiarien tren bidezko garraioa, ordea, %19koa da; eta zamena, %2koa. Era berean, itsaso bidezko garraioa %30ekoa da.
Horrez gain, Euskadi tren bidez lotuta dago estatu espainoleko hiriburu nagusiekin, RENFEko sarearen bitartez. Tokian-tokian, ordea, FEVE eta EuskoTren enpresetako sareek eskaintzen dute zerbitzua. Lehenengoak Kantauriko erlaitzeko eremu geografikoa zeharkatzen du. Bigarrenak, ordea, euskal hiri nagusietako aldiriko eta hiri-inguruko zerbitzuak garatzen ditu, eta Eusko Jaurlaritzaren menpe dago.
Bestetik, Euskadik gaur arte garatu duen trenbide-proiektu nagusiari aurre egingo dio. Euskal "Y" trenbideaz ari gara. Abiadura handiko barnebidea da, eta, ordu erdi eskasean, hiru euskal hiri nagusiak lotuko ditu azken belaunaldiko trenen bitartez. Era berean, ibilbide luzeko eta nazioarteko lineekin lotuta egongo da. Gaur egun, Irungo mugako hiria Frantziako AHTrekin lotuta dago. Horri esker, bidaiariak bost ordutan iristen dira Euskaditik Parisera, eta, bertan, loturak dituzte Europako hiri nagusiekin.
Era berean, Euskadik hiru aireportu ditu, eta azpiegitura ezin hobeak dituzte bidaiariak eta merkantziak garraiatzeko. Hiri nagusietatik hurbil kokatuta daude, eta, hirurak oso hur daudenez, osagarriak dira euren artean.
Bilboko aireportua Kantauriko erlaitzeko aireportu garrantzitsuenetakoa da bidaiarien joan-etorriei dagokienez. Urteko mugimendua, hain zuzen ere, hiru milioi bidaiari ingurukoa da, eta hegaldi erregularrak ditu estatu espainoleko hiriburu gehienetara eta Europako kontinenteko hiriburu garrantzitsuenetara; esate baterako, Parisera, Frankfurtera, Dusseldorfera, Londresera, Bruselara, Milanera, Lisboara, Oportora edo Bordelera. Gasteizko aireportuak sistema aurreratuenak ditu, eguraldia oso txarra denean ere bertako jarduera bermatu ahal izateko. Horrez gain, hegazkin handienak hartzeko prestatuta dago, eta merkantzien zirkulazioan berezituta dago. Gaur egun, laugarren postuan dago estatuko aireko zamaren sailkapenean. Horrez gain, produktu galkorren terminala dago bertan, eta eguneko 24 orduetan dago zabalik.
Hondarribiako aireportua Donostiatik hurbil dago, eta hegaldi asko ditu estatuko hiri garrantzitsuenetara joateko, Euskadiko pertsonen joan-etorrien osagarri.
Nabigazioari dagokionez, Euskadik bi merkataritza-portu ditu; Bilbokoa, garrantzitsuena, eta Pasaiakoa. Bi portuetako azpiegiturak handiak direnez, oso egokiak dira petrolio-produktuak, merkantzia orokorrak, ibilgailuak eta burdingintzako ondasunak garraiatzeko. Euskal merkataritza-portu bietan, aldaketa fisiko eta kudeaketa-aldaketa sakonak egin dituzte XXI. mendeari begira. Izan ere, kudeatzaileek garatzen dituzten plan estrategikoek merkataritzako eragiketen balio erantsia handitzea dute helburu nagusi. Horretarako, instalazioak handiagotuko dituzte eta zirkulazioak dibertsifikatuko dituzte.
Bilboko portuko merkantzien zirkulazioa urteko 30 milioi tonatik gorakoa denez, laugarren postuan dago estatu espainoleko mugimenduen sailkapenean. Portuko helmuga nagusiak Europako Atlantikoko herrialdeak dira, merkantzien %50en jatorria edo helmuga dira-eta. Ondoren, Amerikako kontinentearekiko merkataritza-trukeak nabarmendu behar dira, %18koak dira-eta. Asia Pazifikokoak %16koak dira, eta gehienak petrolioaren inportazioarekin dute zerikusia. Bestetik, Afrikako portuekin garatutako eragiketak aipatu behar dira, portuko zirkulazioaren %7koak dira-eta.
Gaur egun, 378 metroko luzera eta 500.000tik gora tona dituzten itsasontziak lehorreratzen dira Bilboko portuan. Bertako instalazioen sakonerak 5 metrokoak dira Nerbioiko itsasadarrean, eta, 32 metrokoak, kanpoko portuan. Hain zuzen ere, petrolio-ontzi handiak bertan lehorreratzen dira, petrolioa Petronor findegian hustera datozenean.
Pasaiako portuari dagokionez, burdingintzako produktuen, txatarren, paperaren eta ibilgailuen zirkulazioan dago berezituta, eta merkantzien mugimenduak 6 milioi tonakoak dira urtean.
Portu horiek ez ezik, Euskadik beste hamabost portu txiki ere baditu, eta itsas, arrantza eta kirol arloko garraioko jarduerak garatzen dituzte. Horrelako portu gehienetako atrakalekuak eta azalerak handiagotu egin dituzte, premia berrietara egokitzeko. Horra hor Bermeoko portua. Izan ere, merkataritza-jarduera berreskuratu du, bertako arrantza lehiakorra alde batera utzi gabe.