Azken eguneratzea: 2012/05/04
Jarduera sailkatuen arloko aldaketak administrazioaren esku hartzeko araubidean; barne-merkatuko zerbitzuei buruz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak abenduaren 12an emandako 2006/123/EE Direktibara egokitzeko
2012ko apirilaren 30eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dela 7/2012 Legea, apirilaren 23koa, barne-merkatuko zerbitzuei buruz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak abenduaren 12an emandako 2006/123/EE Direktibara egokitze aldera zenbait lege aldatzekoa.
Arau horren helburuen artean, besteak beste, honako hauek daude: aurretiazko baimenen beharra kentzea fundamentuzko arrazoiak ez badaude; alegia, osasun publikokoak, ingurumena zaindu beharrekoak edo ordena publikoa edo segurtasun publikokoak. Baimen horren ordezko modura, gerora egin beharreko jakinarazpenak edo adierazpenak erabiltzea, agintari eskudunek jarraipena egin dezaten. Jakinarazpen edo adierazpen horietan, dena delako zerbitzua ematen duen pertsonak edo enpresak bere gain hartuko du bere jarduerak zuzen funtzionatzeko beharrezko baldintzak betetzeko ardura. Gainera, administrazio-lanak sinpletu nahi dira, horretarako, alferrikako tramite guztiak eraitsi eta, aukeran, herritarrei gaitzik txikiena eragiten dieten bideak hartuko dira; esate baterako, tramitazio telematikoak edo urrunetik egiteko aukerak erraztuko dira, leihatila bakarrak zabalduko dira, eta abar.
Zerbitzu Direktibara egokitzeko aldatzen diren legeen artean 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa babestekoa dago. Hain zuzen ere, aldatu egiten dira jarduera sailkatuen erregimen juridikoa jasotzen duten hainbat artikulu.
Egindako aldaketa horrek aurreikusten du administrazioak esku hartzeko hainbat araubide zehaztuko dituela, horretarako, kontuan hartuko ditu zer-nolako eragina duen jarduera bakoitzak ingurumenean eta pertsonengan. Hartara, jarduera sailkatuen lizentzia lortu behar izango dute II. Eranskinaren A atalean jasotzen diren jarduerek. B eranskinean daudenek, hau da, ingurumen-inpaktua txikiena dutenek aldiz, bete beharko dute aurreko komunikazioaren araubidea.
Aldaketa horren alderik garrantzitsuenetariko bat da ondorengo irekitze baimena ez eskatzea ingurumen arrazoiengatik jarduera sailkatuaren lizentzia behar duten jardueretan. Horrela, lizentzian ezarritako neurri zuzentzaileakmartxan jarri eta gero, jarduera hasiko da tokiko agintaritzan dagokion komunikazioa aurkeztutako egunetik bertatik aurrera.
Aurre-komunikatzeko erregimen berriari dagokionez, esan behar da ingurumen-inpaktu eskasa duten jarduera sailkatuek ere badutela martxan jartzea dagokion komunikazioa aurkeztutako egunetik bertatik aurrera. Hala ere, jarduera hasiko da titularren eta ziurtagiria eman duten teknikarien ardurapean, erabat. Ziurtagiri hori Udalean aurkeztu behar da jardueraren alde teknikoen memoriarekin batera. Kasu honetan ere ingurumen arrazoiengatik irekitze baimena ez da eskatu behar.
2012ko maiatzaren 1ean indarrean sartu zen 7/2012, apirilaren 23ko Legea. Hori dela eta, data horren aurretik abian ziren baimen-prozedurak izapidetu eta ebatzi egingo dira baimen-eskaera aurkeztu zen garaian indarrean zegoen araudiaren arabera. Salbuespena honakoa da: sustatzaileek berariaz eskatzen badiote Udalari baimen-eskaera atzera botatzea eta araudi berria aplikatzea.
Era berean, aurreikusten da indargabetzeamartxoaren 9ko 165/1999 Dekretua, Ingurugiroa Babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean jasotzen den jarduera-lizentzia eskuratzetik salbuetsitako jardueren zerrenda finkatzen duena. Izan ere, gaurko jarduera sailkatuen aurre-komunikatzeko erregimenak ordezkatuko du 165/1999 Dekretu horrek aurreikusten zuen administrazioak interbenitzeko erregimena.
Jarduera sailkatuak: