Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Azken eguneratzea: 2008/10/10
Eusko Jaurlaritzak argitaratu dituen basogintza eta ingurumen adierazleek euskal basoak ondo kudeatuta daudela erakusten dute
EAEko basoak etengabe ari dira zabaltzen 1972az geroztik, eta hobetu egin dira bai zuhaiztiak, bai basoetako karbono edukia
Txostenak indarguneak eta hobetu beharreko alderdiak zehaztu ditu

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura zein Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailek 2008ko EAEko Basogintza eta Ingurumen Adierazleak txostena argitaratu dute. Txostenak nabarmendutako ondorio nagusien artean, EAEko basoen hedadura eta karbono edukia 1972tik gaur arte nabarmen igo direla aipatu beharra dago. Egun, EAEko % 55 betetzen dute zuhaiztiek (396.701 ha).

Txostenak 23 adierazle erabili ditu EAEko basoen egoera balioesteko. Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila Eusko Jaurlaritzako sail gehiagorekin aritu da elkarlanean, hainbat sektorek (nekazaritza, osasuna...) ingurumenean dituzten ondorioak aztertzeko; kasu honetan, basoetan dituzten eraginak.

Espainian aitzindari den egitasmo honen xedea ingurumenari buruzko gogoeten emaitzak basoak kudeatzeko orduan kontuan hartzea da. Txostenak sektorearen ezaugarri ekonomiko eta sozial nagusiak aztertzeko helburua ere badu, Europar Batasunak basoen arloan garatutako politikarekin bat eginez.

EAEko 2008ko basogintza eta ingurumen adierazleak prestatzeko orduan, basoak iraunkortasunez kudeatzeko adierazle paneuroparrak hartu dituzte kontuan; adierazle horiek Europako basoen babesteko xedearekin antolatutako lau ministro biltzarretan zehaztu dituzte gerora. Adierazle paneuropar horiek iraunkortasunez kudeatzeko bidean eginiko aurrerapenak ebaluatzeko aukera ematen dute, eta oso tresna baliagarriak dira basoen kudeaketa sustatzeko.

Txostenean basoak iraunkortasunez kudeatzeko deskribaturiko 23 adierazleak sei ardatzen inguruan daude egituratuta; hots, baso sektoreko interesgune garrantzitsuenen inguruan:

  • Basoetako baliabideak mantentzea, modu egokian hobetzea, eta karbonoaren ziklo orokorrei egiten dieten ekarpena handitzea

  • Baso ekosistemen osasuna eta bizitasuna mantentzea

  • Basoen ekoizpen funtzioak mantentzea eta hobetzea

  • Baso ekosistemetako aniztasun biologikoa modu egokian mantentzea, kontserbatzea eta hobetzea

  • Basoak kudeatzeko funtzioak mantentzea eta hobetzea

  • Beste funtzio eta baldintza sozioekonomiko batzuei eustea

Txostenak aipaturiko 23 adierazleek joera positiboa dute oro har, nahiz eta badiren arreta bereziz jarraitu beharreko zenbait kasu, joera neutroa edota ezkorra erakusten dutenak. Azken horien artean, arriskuan dauden landare eta animalia espezieen auzi garrantzitsua dago, basoak babesteko ahalmena edota baso sektoreko enpleguen jaitsiera.

 

Basogintza eta Ingurumena. Adierazleak