Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Azken eguneratzea: 2010/04/16
Jon Azkuek esker ona agertu zuen saregileen lanagatik, eta Eusko Jaurlaritzak lanbide hori mantentzen lagunduko duela adierazi zuen
Guztira 23 ikaslek amaitu dute Euskal Autonomia Erkidegoko lehen saregile-ikastaroa; Itsasmendikoik eta Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiak eman dute ikastaroa.

Jon Azkue Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuordeak “esker ona” adierazi du gaur, “gure arrantzaleen ingurasareak egin eta konpontzen” saregileek egiten duten lanagatik; eta Eusko Jaurlaritzak kolektibo horren jardueran prestakuntza emateko eta lanbidea mantentzeko laguntza ematen jarraitzeko asmoa duela azaldu du. Euskal Autonomia Erkidego osoan, 64 pertsonaren enplegua da jarduera hori.

Ingurasareak konpontzeko ikastaro pilotu bat egin izanaren ziurtagiriak eman ditu gaur Hondarribian Jon Azkue. Ikastaroa Gipuzkoak herri horretan egin dute 23 pertsonak: 14 emakumek eta 9 gizonek.

Ekitaldian, beste hauek ere esku hartu dute: Aitor Kerejeta Hondarribiko alkateak, Jakes Agirrezabal IMK Itsasmendikoi Eusko Jaurlaritzaren baltzu publikoko zuzendari kudeatzaileak, Jokin Díaz Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak eta Norberto Emazabel Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiaren lehendakariak.

Azkuek “poza” agertu du ingurasareak konpontzeko lehen ikastaro horren emaitzagatik. Izan ere, horri esker, gai horretan “teoria nahiz praktikaren arloko oinarrizko prestakuntza” duten pertsonak sar daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko portu batzuetan “belaunaldien arteko ordezkoak nahikoa ez diren” kolektibo horretan. “Horregatik, garrantzitsua da, halaber, gure harri-koskorra ekartzeko konpromisoa hartzea, nolabait belaunaldien arteko ordezkatze hori errazteko prestakuntza-ikastaroak bultzatuz”.

Hondarribiko egoera EAEko beste portu batzuetakoa baino hobea da. Batez beste 36 urte dituzten 15 saregile daude, eta jatorri-portua Gipuzkoako herri horretan daukaten 17 itsasontziri ematen diete zerbitzua. Baina ez dira nahikoa ontziteria horri behar bezala erantzuteko. EAEko gainerako portuetan, saregileen lanbidean ez dago argi belaunaldien arteko ordezkatzea, eta, askotan, erretiroa hartzear dauden emakumeek egiten dute lan hori.

Lehen ikastaro hori, aurki Euskal Autonomia Erkidegoko beste portu batzuetara heda daitekeen esperientzia izan da, eta Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiak eta Eusko Jaurlaritzaren baltzu publikoa den IMK-k antolatu dute. Landa eta itsasoko inguruneen gaineko prestakuntza eskaintzen duen sozietatea da IMK. Ikastaroan, guztira, Gipuzkoako herri horren inguruko 23 ikasle egon dira, eta gehienak 25 eta 45 urte arteko adina zuten.

Prestakuntza-prozesu horri esker, ikasleek lanbidearen gaineko oinarrizko ezagutzak bereganatu ahal izan dituzte, eta horrela errazagoa izango dute kolektibo horren lanean sartzea. Praktika profesionalarekin osatuko dute trebetasun eta gaitasunak bereganatzeko prozesua. Tradizioz, familia barruan egin izan da prestakuntzaren transmisioa: funtsean, ama eta alaben artean.

Egun, 64 saregile daude Euskal Autonomia Erkidegoan, eta honela daude banatuta EAEko portuetan: 3 Bermeon, 2 Lekeition, 5 Ondarroan, 27 Getarian, 12 Orion eta 15 Hondarribian.

Azken herri horretan daude ondoen ekipatuta eta egokituta saregileek lanerako dituzten instalazioak, eta Kofradiaren jabetzakoa den lokal bat daukate lanerako. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, berriki, kolektibo horren lan-baldintzetan hobekuntzak sartzen lagundu du: diru-laguntzak eman dizkio EAEko Ingurasaregileen Elkarteari, ekipamendua erosteko: aulkiak, zutoinak, karpak eta metalezko beste egitura batzuk.

Hondarribiko saregileek hitzarmen bat daukate izenpetuta herriko itsasontzien jabeekin, eta horrek egonkortasuna eta segurtasuna ematen die urtean zehar bi aldeei, bai lanaren ikuspegitik eta ikuspegi sozialetik eta bai sareak mantentzeko lanen aldetik ere.