Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Altxerriko, Ekaingo eta Santimamiñeko kobak, Gizateriaren Ondare
 
Orain arte, Bizkaiko Zubia zen UNESCOk Euskadin Gizateriaren Ondare izendatutako monumentu bakarra.

Santimamiñeko kobako labar-pinturetako bat

Egunotan Quebecen urteroko biltzarra egiten ari den Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak (UNESCO) Gizateriaren Ondare izendatu zituen astelehen honetan Santimamiñeko (Kortezubi), Ekaingo (Deba-Zestoa) eta Altxerriko (Aia) kobazuloak labar-artearen Kantaurialdeko beste hamabi santutegirekin batera.

Duela bi urte jarri zuen abian Eusko Jaurlaritzak, Kantabriako eta Asturiasko gobernu autonomikoekin elkarlanean, orain sari gorena erdietsi duen hautagaitza. Horretarako, Kantaurialdean dauden horma-arte paleolitikoaren adibiderik onenak bildu zituzten, 1985ean Gizateriaren Ondare izendatu zuten Altamirako aztarnategiaren lorpena berdindu nahian.

Historiaurreko margoak babesteko eta zaintzeko xedez, egun hiru haitzuloak itxita dauden arren, Santimamiñeko koben kasuan, Bizkaiko Foru Aldundiak haitzuloan barrena bisita birtuala egiteko aukera jarri zuen martxan udaberrian.

Ekainen kasuan, berriz, uda ostean jatorrizko kobazuloaren alboan Ekain Berri izeneko erreplika zabaltzeko asmoa baitute. Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko dute.

Izendapen horrek hiru kobazuloetako labar-pinturen aberastasuna aitortzen du eta nazioarteko ateak zabaltzen dizkie Altxerriko, Ekaingo eta Santimamiñeko kobei,  nazioarteko zirkuitu turistiko eta kulturaletan sartzeko bidea emango baitie. Horixe gertatu zitzaion, hain zuzen, 1985ean Euskadin Gizateriaren Ondare izendatu zuten aurreneko monumentuari, Portugalete eta Getxo lotzen dituen Bizkaiko Zubiari. 


Azken eguneratzea: 2008/07/10