|
HABEk eta UPV/EHUk lankidetza-hitzarmena sinatu eta aurkeztu dute gaur goizean Donostian, Miren Azkarate Kultura sailburuak, Juan Ignacio Pérez Iglesias UPV/EHUko errektoreak eta Joseba Erkizia HABEren zuzendari nagusiak parte hartu duten ekitaldi batean. Hitzarmen honen helburua hauxe da: HABEren liburutegiaren funts eta baliabideak EHU/UPVko ikasle, irakasle eta ikertzaileek erabil ditzaten sustatzea, eta, halaber, helduen euskalduntzea eta alfabetatzea azterlan eta ikerketa unibertsitarioen interesgune bihur dadin bultzatzea.
Hitzarmen honi esker, HABEren liburutegia eta Euskal Herriko Unibertsitatearen liburutegi-zerbitzua uztartuko dituzte. Gisa honetan, HABEren liburutegiak berezkoa duen erabiltzaile naturalari -eta horietakoak dira helduen euskalduntze eta alfabetatzean dabiltzan irakasle eta didaktikariak- zerbitzu egokia ematen jarraitzeaz gainera, unibertsitate esparruko ikasle zein irakasleengana gehiago gerturatzea da xedea. Era berean, akordio honi eskera, azpiegitura publiko honi etekin handiagoa atera nahi diote, HABEren fondoak EHUren eskura jarri eta, beraren bitartez, estatuko gainerako unibertsitateen eskura ere. Unibertsitate-liburutegien plazara agertuz, bere burua ezagutzera eman.
Euskaratik abiaturik, eleaniztasunaren nazioarteko esparru zabaleko dokumentazioa biltzen duen liburutegia osatzen joan da HABE bere bizitzaren 25 urteotan eta, gaur egun, mundu osoko 35.000 liburu, 600 aldizkari eta ehunka DVD, CD eta beste euskarritan dagoen dokumentu ugari jaso, katalogatu eta jendearen eskura jarri ditu, bere funtsengatik erreferentziazko liburutegia bihurtuz. Hizkuntza ikasteko baliabideen atalean, adibidez, euskara ikasteko eta irakasteko dauden metodo eta material ia guztiak ez ezik, hizkuntza asko eta asko ikasteko eta irakasteko materialak biltzen ditu: gaztelania, ingelesa, katalana, frantsesa, alemana, txinera, arabiera, errusiera, hindi, poloniera…, eta beste asko. Era berean, filma aukera zabala izango du maila jasoa lortu duenak, DVD formatuan.
Hitzarmenaren ardatzak:
Liburutegi arloan, HABEren eta UPV/EHUren arteko lankidetza honako eremu hauetakoa izango da:
a. Liburutegien arteko mailegua (bai liburuak, bai artikuluen kopia digitalizatuak edo paperean).
b. Liburutegiaren katalogoa REBIUN katalogo kolektiboan (Unibertsitatearen katalogo kolektiboan) sartzeko bideragarritasuna aztertzea.
c. Liburu-erosketak koordinatzea.
d. Aldizkarien harpidetza koordinatzea.
e. Beste hainbat lankidetza.
f. Aurreko jarduerak bideratzeko, HABEko eta Euskal Herriko Unibertsitateko liburutegiko hainbat arduradunen artean bilerak egitea.
Liburu maileguaren alorrean, UPV/EHUk HABEko katalogoari emango dio lehentasuna Hizkuntzalaritza Aplikatuko dokumentuak eskatzeko orduan. Jokabide bera erabil liteke euskal argitalpenak eskatzeko. Horren truke, HABEk konpromisoa hartzen du dokumentua dagokion fakultatera helarazteko eskaera egiten denetik hiru egunera gehienez ere.
Gainerakoan, maileguaren baldintzak REBIUNen indarrean daudenak izango dira.
Halaber, ahaleginak egingo dira UPV/EHUk HABEren liburutegiari nolabaiteko onespena eman eta, horrela, REBIUNen katalogoan agertzeko UPV/EHUren liburutegi lankide gisa.
UPV/EHU eta HABE lankidetzan arituko dira liburu-erosketak koordinatzeko. Lankidetza horren helburua baliabideak hobeto kudeatzea da. Horretarako, neurriak hartuko dituzte Hizkuntzalaritza Aplikatuaren eremuan, ahal eta komeni den neurrian, dokumentuen bikoiztasunik ez sortzeko, batez ere erabilpen urriko eta kostu handiko dokumentuetan.
Liburuekin bezala, eta arrazoi berberengatik, bi erakundeek adostu egingo dituzte Hizkuntzalaritza Aplikatuaren esparruko aldizkarien hainbat harpidetza.
Liburutegia hiru ataletan
Hiru atal nagusitan dago banatuta HABE liburutegia:
1. Eleaniztasunaren alde didaktiko, soziologiko, psikologiko eta hezkuntzazkoak biltzen dituen atala: hizkuntzalaritza aplikatuarena, alegia.
2. Hizkuntzak irakasteko eta (auto)ikasteko materialez osatutako atala.
3. Euskarazko produkzioa biltzen duen atala.
Lehenengo atala (eleaniztasunari buruzkoa) oso teknikoa da eta unibertsitateko ikasle/irakasle, tesi-egile, ikerle eta bestelako adituk dituzten beharrei erantzutera dator. Hainbat azpi-gaiz osatuta dago:
a. Hizkuntzen didaktika: programazioa eta ebaluazioa, metodo eta planteamenduak, irakasleen prestakuntza, aldagai psikologikoak (motibazioa, gaitasuna…), lau trebetasunak, hiztegia, ahoskera, xede berezietarako hizkuntza, talde-dinamika…
b. Soziolinguistika: munduko hizkuntzen egoera, munduko lurraldeen hizkuntz egoera, hizkuntz plangintza eta hizkuntza politika, elebitasuna eta diglosia, hizkuntza normalizazioa, hizkuntza minorizatuak, hizkuntz ukipena, hizkuntzak mantentzea, ordezkatzea eta hiltzea, hizkuntzak eta legeak, hizkuntzak eta komunikabideak, hizkuntzak eta generoak, hizkuntzak eta klase sozialak, hizkuntzak eta erlijioa, hizkuntzak eta gazteak, hizkuntzak eta migrazioak…
c. Psikolinguistika: haurren hizkuntza, hizkuntzaren jabekuntza, bigarren eta hirugarren hizkuntzaren jabekuntza, hizkuntzalaritza kognitiboa, biolinguistika, neurolinguistika, logoterapia…
d. Hizkuntzak hezkuntza sistemetan: irakaskuntza elebiduneko/hirueleduneko ereduak munduan, hizkuntzak unibertsitatean, inmigrazioa eskolan…
Bigarren atalak (hizkuntza ikasteko baliabideenak) euskara ikasteko eta irakasteko dauden metodo eta material ia guztiak ez ezik, hizkuntza asko eta asko ikasteko eta irakasteko materialak biltzen ditu: gaztelania, ingelesa, katalana, frantsesa, alemana, txinera, arabiera, errusiera, hindi, poloniera…, eta beste asko. Era eta euskarri askotako materialak dira: batzuk berariaz hizkuntzak ikasteko sortuak, besteak horretarako lagungarriak: esaterako, zine-filmetan aukera zabala eta eguneratua izango du maila jasoa lortu duenak, DVD formatuan.
Hirugarren atalean edozein gairi buruz euskaraz sortzen diren dokumentuak biltzen dira. Honek bide ematen dio bezeroari edozein jakintzagai euskaraz lantzeko.
5.157 bazkide dituelarik, HABE liburutegiaren funtsak kontsultatzeko bi tresna daude eskura Interneten: katalogo orokorra eta artikuluen datu-basea, non 90.000 artikuluri buruzko informazioa aurki daitekeen.
|