Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Azken eguneratzea: 2009/06/05
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta la Caixak Bizitzeko tokiak pertsonentzako tokiak herriz herriko erakusketa inauguratu dute
Erakusketaren helburua da Euskadiko bioaniztasunaren balioei buruz gogoetak eragitea.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, Pilar Unzalu, Euskadiko La Caixako delegatu orokorrak, Ana Guzmán, eta Vitoria-Gasteizko alkateak, Patxi Lazcoz, Natura 2000 Sarea Bizitzeko tokiak pertsonentzako tokiak erakusketa ibiltaria inauguratu dute gaur goizean.

"Bizitzeko tokiak pertsonentzako tokiak " izeneko erakusketa herriz herri ibiliko da Natura 2000 Sareari eta bioaniztasunaren balioei buruzko gogoetak piztu nahian.

Euskadin, bereziki zaindu beharreko 57 gune ditugu Europa mailako sare ekologiko horren barruan (Txingudi, Urdaibai, Valderejo, etab.) Izan ere, Euskadiko azaleraren %20tik gora Natura 2000 Sarearen barruan dago.

Erakusketa ibiltari honek herritar guztiengana heldu nahi du, irizpide ekologikoen arabera taiutu da eta bai panelak bai altzariak (aulkiak) kartoizkoak dira.

Erakusketa 8 modulutan egituratuta dago. Bertan, plasma pantailak, panelak eta terminal informatikoak daude Natura Sareak Euskadin eskaintzen duen bioaniztasuna sakon ezagutzeko (landaredia, fauna eta habitat dibertsitatea). Horrezaz gain biblioteka tematikoa ere badago.

Erakusketarekin batera eta berori osatzeko hainbat ekintza programatu dira: gidapeko bisitak (45 minutukoak), hitzaldiak, mintzaldiak, mahai-inguruak eta kaleko animazio-antzerkia "Super-bios ekinean" taldearekin, bioaniztasunaren alegiazko zale porrokatuak.

Erakusketa gaur, ekainak 3, abiatuko da Ingurugiro Gaietarako Ikastegian (CEA), Gasteizko Olarizuko etxaldean eta 2010eko otsailaren 21ean amaituko da Eskoriatzan Euskadiko 35 herri bisitatu ostean.

Aurrekontu osoa 400.000 eurokoa izan da eta erdi bana kofinantzatu dute Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta " La Caixa" Obra sozialak. Ekimen hau Euskadiko naturguneak hobetzeko eta zaintzeari begira bi erakundeok izenpetu duten lankidetza-hitzarmenaren babesean gauzatu da. Akordio honen indarraldia hiru urtekoa da eta finantza-entitateak 1,2 milioi euroko inbertsioa egin du bi helburu hauek betetzeko asmoz: Naturguneak zaintzea eta hobetzea, eta, gizartetik baztertzeko arriskuan dauden pertsonak gizarteratzen laguntzea.

"La Caixa" Obra sozialaren ingurumen-programa

"La Caixa" Obra sozialaren ingurumen-programak helburu dauka gizarteak ingurumen arloan eskatzen dituenei eginkortasunez erantzutea. Gaur aurkezten den erakusketa eredu, hainbat ekimenek osatzen dute programa hau, esaterako, natura zaintzeko eta hobetzeko ekimenak, jarduera jasangarrien garrantziaz ohartarazteko dibulgazio eta sentsibilizazio programak, eta, herritarren kontzientziaziorako baliabideak. Finantza-entitateak 500 milioi euro jarri du guztira 2009. urtean "La Caixa" Obra sozialarentzat. Horietatik 81 milioi euro Ingurumen eta Zientzia programan erabiltzekoak dira.

Erakusketa ibiltaria "Bizitzeko tokiak, pertsonentzako tokiak" Natura 2000 Sarea Euskadin