Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Azken eguneratzea: 2007/04/10
Kultura sailburuaren eta EITBko zuzendari nagusiaren agerraldia, beraiek eskatuta, EITBren Programa-Kontratuaren balantzea aurkezteko EITBren Kontrolerako Legebiltzarreko Batzordearen aurrean
Miren Azkaratek dioenez, EITB taldearen ezaugarriak geroari begira hauxek izango dira: euskararen "presentzia indartua" eta zerbitzu publikoaren "eskaintza aberastua", eta, bereziki, eskaintza informatiboa sendotua, "hurbiltasuna eta herritarren parte hartzea" azpimarratuz; izan ere, EITBren "gertutasuna dugu bere indarguneetako bat"

Legebiltzarkide jaun-andreok, arratsaldeon.

Nirekin batera, Andoni Ortuzar dago, EITBko zuzendari nagusia.

Berandu bada ere (agerraldi eskabidea iazko udan egin genuen), gaur dugu aukera EITBrako 2002-2005 Programa-Kontratuaren  inguruan aritzeko eta baita EITBk, berak, eta Eusko Jaurlaritzak  ere, egiten dugun balantzearen berri zuei, gaur hemen azaltzeko.  2007-2010 Programa-Kontratua prestatzen ari garen honetan, berebiziko aukera dugu egindako bidea  aztertzeko eta bide horretan ondo egindakoak gogora ekartzeko eta, nola ez, etorkizunera begira, okerrak zuzentzeko.  Etorkizuneko bide honetan, lagungarri izango ditugu baita ere, EITBren Kontrolerako Legebiltzar Batzorde honetan sortu diren bi ponentzi ezberdinen emaitzak: alde batetik, bukatu berri den Programa-Kontratuaren inguruan osatutakoa eta bestalde,  EITBren sortze Legearen 17. atala aldatzeaz gain, legearen artikulu guztien erreformari ekingo dion ponentziaren emaitzak.

Jakin dakizuen moduan, 2002-2005 urtealdirako Euskal Irrati Telebistaren Programa -Kontratua 2002ko azaroaren 5ean izenpetu genuen.    

Bi ziren betekizun nagusiak: alde batetik, Europako Erakundeek irrati telebistako zerbitzu publikoen zereginaren eta funtzionamendu irizpideen inguruan ezarritakoa betetzea; bestetik, Eusko Legebiltzarreko 2002ko otsailaren 1eko Ebazpenari erantzutea: "Eusko Legebiltzarrak dei egiten dio Eusko Jaurlaritzari Euskadiko Herri Administrazioaren eta EITBren arteko erlazioak arautzera, finantzaketa eredu egoki baten bidez eta 1993ko irailaren 30eko osoko bilkuran EITBren txostenari lotuta onartutakoari jarraituz".

Programa-Kontratua Erakunde Publikoaren Administrazio Kontseiluari aurkeztu zitzaion, 2002ko urriaren 22ko bilkuran, eta ondoren, EITBren Legebiltzar Kontrolerako Batzordeari, 2002ko azaroaren 27an. 

Programa-Kontratuak bi organo ditu jarraipen eta ebaluaziorako:

Lehena, Programa-Kontratuaren Jarraipen Batzordea, Eusko Jaurlaritzako eta EITBko ordezkariek osatua.  Batzordeak bi bilkura egin ditu urtean 2003az geroztik, eta urteko konpromisoen betetzeari buruzko txostena burutu du, ekitaldi bakoitzaren amaieran.

Jarraipen eta kontrolerako bigarren organoa orain bildurik garen EITBren Kontrolerako Legebiltzar Batzordea hau dugu.

Programa-Kontratuaren indarraldia amaitu ondoren (2002-2005), eta Jarraipen Batzordeak kontratuaren burutzapenari buruzko amaierako txostena egin eta onartu ondoren, orain Kontrolerako Batzorde honi aurkezten diogu, Programa-Kontratuak berak ezarritakoa kontuan harturik.

Irin horietan sartu aurretik, gogora ekarri nahi nuke Programa-Kontratuaren zazpigarren atala, bertan aurreikusten baita hurrengo Programa-Kontratua onartu bitarteko honen luzapena, Jarraipen Batzordeak onartzen dituen baldintzen barruan.

Atal horretan oinarrituta, Jarraipen Batzordeak 2006. urterako Programa-Kontratuaren luzapena onartu zuen. Luzapen hau, lehenago indarrean zegoen eskemen baitan egin zen eta hurrengo Programa-Kontratua definitu bitartean. Beraz, indarrean den luzapen honek amaitutako Programa-Kontratuaren egitura bera du eta horren ondorioz Jaurlaritzaren eta EITBren arteko finantza harremanak  2006. urte bitartean indarrean izan ziren xede, adierazle eta ekintza beretan oinarritzen da. 


PROGRAMA-KONTRATUAREN XEDEA ETA HELBURUA

2002-2005 aldirako Programa-Kontratuak Euskadiko Autonomi Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta EITBren arteko harreman eremua zehaztea zuen xede, EITBri 5/1982 EITBren sorrerako legeak ezartzen dizkion funtzioen garapenari begira.  Kontratu Programaren bigarren klausulak adierazten du haren helburua, eta hauxe da:  "Programa-Kontratu honek helburu integratzailea du; izan ere, Eusko Jaurlaritzak eta EiTBk elkarrekiko harremanen esparrua zehaztu zuten. Esparru horrek, indarrean dagoen legediaren arabera, EiTBren ardurapeko irrati- eta telebista-zerbitzu publikoaren edukiak zehazten ditu eta EiTBk 2002-2005erako duen Plan Estrategikoan aipatutako helburuak eta epe horretarako finantziazio egonkorra, era integratuan, definitzen du. Finantziazio horrek zerbitzu hori kalitate egokiarekin eskaintzeko eta Taldearen Plan Estrategikoko helburuak betetzeko aukera eman behar du".

 
HARTUTAKO KONPROMISOAK ETA BETETZE MAILA

Programa-Kontratuak betebeharrak zehazten dizkie sinatzailei: EITBri eta Eusko Jaurlaritzari.
 
Jakin dakizuen moduan, atal nagusi horietako bakoitzean alde bakoitzak bete behar dituen konpromisoak zehazten ditu, "adierazleak" eta "ekintzak" izeneko eginbideen bitartez.  Adierazleei dagokienez, urtez urte zehaztutako konpromisoak ezarri dira eta zein izan den egiazko emaitza ebaluatu egin da, hauek dira funtsezko konpromisoak. Ekintzei dagokienez, hauek adierazleei zuzenki lotuak ez dauden ekintzak dira. Agerraldi honetan ez  naiz hasiko adierazle eta ekintza guztien gaineko xehetasunak ematen, aldiz nagusienak aztertuko ditut, beti ere Programa-Kontratuak  berak ezartzen dituen hiru ildo nagusien argitan:

-Lehenik, EITBren zerbitzu publikoaren funtzioaren edukia definitzean, programazioko edukien ikuspuntu hertsitik.

-Bigarrenik, EITBren zerbitzu publikoaren misioa zehaztean; programazio horrekin lotutako ikus-entzuleen eta irudiaren helburuak finkatzeaz gain, EITBk zeregin hauetan izan behar duen rola ere definitzen du: sektorea garatzen, informazio-gizartea sustatzen eta zerbitzuaren kudeaketa hobetzeko konpromisoak hartzen, Taldearen Plan Estrategikoarekin koherentzia izanez.

-Hirugarrenik, 2002-2005 artean EITB Taldearen finantziazio-esparru egonkorra sortzean, Programa-Kontratuak ezartzen dituen helburuak betetzeko.

Agerraldia osatzeko, beste mota bateko datuak ere erabiliko ditut, hauen jatorria azalduz, hala nola  "EITBri buruzko herritarren iritziak" izeneko Eusko Jaurlaritzaren Soziologia Ikerketarako Kabineteak Kultura Sailaren eskarik iazko apirilean egindako inkestatik ateratako emaitzak.


1.- Programa-Kontratua EITBren zerbitzu publikoaren programazioa modu objektiboan hartzeko tresna gisa 

Urtez urte programazio-orduei buruz hartu diren konpromisoetatik bi ondorio atera dira: EITB Taldeak askotariko programak eskaini behar ditu (albistegiak, dibulgaziokoak, haurrentzako programak, kulturalak, sozialak,  entretenimendukoak, etab.), eta programazioan euskara sustatu behar du.

Zerbitzu publikoa izateak eragin handia du Programa-Kontratuak mota horretako saioetarako aurreikusten dituen ordu-kopuruetan, eta, beraz, EITBren programazioak desberdina izan behar du telebista eta irrati komertzialen programazioaren aldean. Objektibatzeko metodoa baliozkoa da, eta lau urterako planifikatuta egoteak aukera eskaini dio Taldeari ekoizpena behar bezala planifikatzeko eta aldi horretako programazio espezifikoaren ezaugarriak definitzeko.


1.1.- Herritarrei programazio-mota desberdinak eskuragarri jartzeko konpromisoarekin lotutakoak

EITBk programazioan zerbitzu publikoa emateko duen funtsezko betebeharra identifikatzen du konpromiso horrek.  Eskaintza elebiduna ematea du ezaugarri betebehar horrek, eta horrekin batera garrantzi handia izan behar dute albistegiek eta dibulgazioko, kulturako eta haurrentzako programek. Halaber, gizarte, kultura, politika eta instituzioen alorreko gaiak jorratzen dituzten programak sustatu behar dira, baita informazio eta eztabaida programak eta oro har parte-hartzea bultzatuko dutenak ere.

Asmoak ia erabat bete dira (salbuespena irratian eta haurrei zuzendutako programetan gertatu da, "Maritxu Berritxu" irratsaioaren desagertzearen ondorioz) eta, batzuetan, ezarritako helburuak baino emaitza hobeak lortu dira.

Eskaintza elebidunari dagokionez, urtero bete dira konpromiso guztiak, bai irratiko bai telebistako programazioan. Euskarazko telebista-eskaintzari eta Radio Vitoriaren eta EITB Irratiaren programazio-orduei dagokienez, aurreikusitako helburuak baino askoz emaitza hobeak lortu dira.

Saio-motei dagokienez, nabarmentzekoa da telebistan urtero bete direla albistegien eta dibulgazioko, kulturako eta haurrentzako programen programazio-orduekin lotutako konpromisoak, eta, hartutako konpromisoak bete ez ezik, gainditu ere egin dira.  Irratian ere eusten zaio Programa-Kontratuaren orekari programazio-mota horietan; 2005ean haurrentzako programazioan izandakoa da  salbuespen bakarra -lehen aipatutako irratsaioaren desagerpenak eragindakoa-.

Gizarte-, kultura- eta politika-gaien jarraipena egiteko konpromisoari dagokionez, ezarritako helburuak urtez urte bete dira, bai irratian, bai telebistan. Jarritako helburuak bete egin dira ere  herritarren parte-hartzea sustatzeko programen atalean edo eta gorrentzako azpitituluak dituzten programen eskaintzan. Gizartea gai horietan sentsibilizatzen lagundu dute kausa solidarioak direla eta urtero egin diren maratoiek.

Aurrera egin baino lehen,  "Herritarrek EITBri buruz duten iritzia", Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egin duen azterketa gogora ekarri nahi nuke, honek erakusten baitigu  EAEko herritarren % 73k uste duela ETB-2ko programazioa oso ona edo nahiko ona dela. Telebista kateen arteko programazioaren balorazio onena jaso du ETB2k, eta alde handia atera die ondorengoei: La2 eta Tele5 (% 45), Cuatro (% 37), Antena 3 (% 32) eta Televisión Española (% 26). Tartean geratu da ETB-1 (% 40), nahiz hobekuntza nabarmena izan 1997ko datuekin alderatuta (% 36).

Telebistako haurrentzako programazioari dagokionez -hori zen Programa-Kontratuan zehazten zen programaziorako xede nagusietako bat-, azterketaren arabera, herritarren % 41ek uste du egokia dela ETBk haurrentzako programazioari ematen dion garrantzia, eta % 11k uste du ez dela nahikoa. % 25entzat hobetu egin da haurrentzako programazioa azken bost urteotan, eta aldiz okertu egin dela uste du % 4k.

1.2.- Programazioaren bidez euskara normalizatzeko eta hizkuntzaren erabilera sustatzeko konpromiso hartzea

EiTBk euskarazko komunikazio-kanal hauek eskaintzen ditu:

-telebista-kanal bat (ETB-1),
-bi irrati (Euskadi Irratia eta Euskadi Gaztea),
-Interneteko bi kanal (eitb.com eta eitb24.com)
-bi atari espezifiko (E-Gaztea.com eta Betizu.com).

Eskaintza hori garatzean, lau alderditan oinarritzen ziren Programa-Kontratuaren helburuak:

  • Haurrei eta gazteei arreta espezifikoa ematea, hezkuntza-arloa euskarazko entretenimenduaz ere osatzeko.
  • Euskalkiak erabiltzeari arreta espezifikoa ematea, bi helbururekin: hizkuntzaren erabilera aberasteko eta jendeari hurbiltzeko, batez ere ikus-entzule zaharragoei.
  • Taldeko komunikabideetan euskararen kalitatea hobetzea eta bikoizketan ere alderdi hori kontuan izatea.
  • Euskara gizarteratzen laguntzea, Taldearen programazioari lotutako haurren klubaren bidez.

Jarritako xedeak bete egin dira.

Programazioaren edukiari dagokionez, erabat bete dira helburuak, 2005eko irratiko programazioarekin zerikusia duten bi adierazletan izan ezik. Baita, adibidez,  funtsezko elementu hauetan ere: telebistan euskaraz emandako programazio-orduak; telebistan euskaraz emandako haurren eta gazteen programazioa; eta euskarazko ekoizpen propioaren orduak. Emaitzek ezarritako helburuak gainditu egin dituzte. 

Garrantzi berezia izan du haurrentzako eta gazteentzako programazioak zein ekoizpen propiokoak. Esan bezala, euskarazko ekoizpen propio gehiago sortu da, eta, ekoizpen propioaren gehitze horren ondorioz  ez da bete Programa-Kontratuan bikoizketarako ordu-kopuruetan egin zen aurreikuspena.

Euskalkien erabilerarekin lotutako lanak elementu berritzaileak ekarri ditu, eta harrera ona izan dute ikus-entzuleen aldetik.

Euskararen kalitatea hobetzeari dagokionez, lan handia eta koordinatua egin du EITBk. Aipagarria da:

-Bikoizketari dagokionez, baloratzeko, irizpideak finkatzeko, ebaluatzeko eta berrikusteko lan bateratua egin da etengabe 2003tik, eta asko hobetu da kalitatea (EITB Taldeko Hizkuntza Kalitaterako saila sortu da).

-EHUrekin eta Euskaltzaindiarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenenak.

-Hizkuntza Politikako Sailburuordetzarekin izandako elkarlana.

-Halaber, nabarmentzekoak dira Euskadi-Gaztea irratiak egindako lana eta bereziki "Registro Joven de la Lengua Vasca - Gazte Hizkera" sortu izana. Gazteen hizkera aberastea xede duen lan honek Andoni Egañak, Joserra Gartziak eta Kike Amonarrizek Euskararen Aholku Batzordearentzat egindako txostena izan du oinarri.

-2004ean EITBk "2004-2007rako Euskara Plana" onartu zuen, eta bertan  euskararen erabileraren jarraipena egiteko oinarrizko irizpideak ezarri eta erabilera eta kalitatea ziurtatzeko irizpide nagusiak finkatu dira.

-Euskararen erabilera gizarteratzea bultzatzeko ekintzei dagokienez aipagarria izan da Taldearen programazioari lotutako haurren klubaren bidez lortutako emaitza bikaina. Betizu 2001ean sortu zen, 2002. urtean 24.000 bazkide zituen eta 2005ean ia 70.000ko mugara iritsi zen.   

Arestian aipatutako ikerketaren arabera, herritarren 58ak EITBk euskarari behar duen garrantzia eskaintzen diola uste du, garrantzi gutxi (%12k) edo gehiegi (%11k) uste dutenak dezente gutxiago dira eta ia berdinduta daude.  Herritarren %40ak  uste du azken 5 urtetan EITBk euskarari eskaintzen dion lekua emendatuz doala   eta aldiz %2ak hau gutxituz doala  uste du.


1.3.-  Herritarrei informazio osoa ematea era objektiboan, egiazkoan, inpartzialean, berehalakoan eta hurbilean 

Programa-Kontratuaren baitan, albistegi atalari esfortzu gehigarria agintzen zaio.   Hitzez hitz, Kontratu Programak EITBri zera eskatzen dio :  "(4.2.6.) Lehentasuna emango dio  informazioari honek har ditzakeen itxura guztiak kontuan izanda, eta ikus-entzunezkoen alorreko informatiboetako erreferente nagusia izatera helduko da, eskainiko duen gaien objektibotasuna eta sakontasuna medio, horrela iritzi publiko heldu eta anitza osatzen lagunduz. Zerbitzu informatiboek euskal irrati telebistako programazioaren ardatz izaten jarraituko dute".

Adierazleak eta jendearen iritzia bat datoz eta biek erakusten digute xedea egoki bete dela. Euskadin informazio eskaintza handiena osatzen duen komunikazio taldea da EITB, irratiko eta telebistako eguneroko albistegietako programazio orduei, lurraldeetako albistegietako programazio orduei, asteko albistegi espezializatuei eta aktualitateko elkarrizketei esker. Eta lotura hau Taldearen nortasunaren ezaugarri bilakatu da. Canal Vasco, ETBSat, eitb.com eta eitb24.com-en albistegiak nazioartean hedatzen dira, eta, ondorioz, Euskadik kanpoan inoiz izan duen erreferenterik sendoena izatea ekarri du.

Hilero Legebiltzarrera "Erakundeei eta alderdi politikoei eskainitako denborari buruzko txostena" bidaltzeak ere lagundu du ekintzak burutzen, baita informazioa tratatzean kalitatea, berehalakotasuna eta hurbiltasuna adierazleak onartzeak eta horien jarraipena egiteak ere.

Ikus-entzuleen aldetik ETBko albistegiek lidergoa jaso dute 2003an, 2004ean eta 2005ean. Euskal Soziometroaren emaitzen arabera, ETB2 da euskal herritarrek informazioa jasotzeko lehen aukerako telebista katea (%51ak dio kate honetako albistegiak ikusten dituela), ondoren datoz Tele5 (%35a), TVE (%29), Antena 3 (%22a), ETB1 (%13a), La2 (%4a), La Cuatro (%3,5)  eta toki telebistak (%1,5a).

Gauza bera gertatzen da Irratian, Soziometroaren emaitzak diote Radio Euskadiren albistegiak direla euskal herritarrek gehien entzuten dituztenak (%18a), atzetik datoz SER katekoak (%16a), toki irratietakoak (%10a), Euskadi Irratiakoak (%8,5a) eta RNE-koak (%8a).

Sinesgarritasunaren aldetik, 2004 Soziometroak dio herritarren %47ak ETBn jartzen duela konfiantza gehien informatzeko, eta oso atzetik datoz Tele5 (%23a), TVE (%16a) eta Antena3 (%7a).  

Irudiari dagokionez, "EITBren irudiari buruzko azterketa"-k nabarmentzen duenez, % 69k uste du garrantzi egokia ematen diela EITBk albistegiei, eta oso gutxik uste dute emandako garrantzia handiegia (% 5) edo eskasegia (% 7) dela. Gainera, herritarren %45k uste du albistegiak hobetu egin direla azken bost urteotan, eta okerrera egin dutela % 3k -bakarrik- uste du.


1.4.- Programazioaren hedadura eta zabalkundea

Programa-Kontratuak honako aipamen zehatza egiten du: "ziurtatzea programazioaren jarraipena, hedadura geografikoa, soziala eta kulturala honako hauek lortzeko: batetik, ahalik eta herritar gehienengana heltzeko, bestetik, Euskal Herriko lurraldeen arteko komunikazioa eta kultura eta informazio trukea sustatzeko eta hirugarrenik, programazioa Euskal Herritik kanpora diren euskal kolektibitateei ere helarazteko. Guzti hori, euskal komunikazioaren gunea eta imajinarioa sustatzeko".    

EITB Taldeak, egun, 14 komunikazio-kanal ditu:

-lau, telebista-euskarrian (ETB-1, ETB-2, Canal Vasco eta ETBSat);
-bost, irrati-euskarrian (Euskadi Irratia eta Euskadi Gaztea, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta EiTB Irratia);
-beste bost, Internet euskarrian (eitb.com/euskera, eitb.com/gaztelania;eiTB24.com/euskera;eiTB24.com/gaztelania eta EiTB24.com/ingelesa).

Egun Taldearen nortasunaren beste ezaugarri bat da nazioarteko hedadura da eta berau Programa-Kontratua indarrean egon den gauzatu da.

EiTBk eremu horretan bere gain hartutako konpromisoak betetzearen ondorioz, satelite bidezko telebistan bi eskaintza ditu EiTBk gaur egun -Amerikarako kate espezifiko bat, Canal Vasco, eta Europarako beste bat, ETBSat-. Honi, satelite bidezko irratiko beste bi eskaintza gehitu behar zaizkio (Euskadi Irratia eta Radio Euskadi). Gainera, ia Latinoamerika osoan eta Estatu Batuetan ikus daitekeen "Canal Vasco News" eguneroko albistegia sortzen eta ematen du.

Nazioarteko eskaintza garrantzitsua osatu da. Taldearen inoizko hedadurarik handiena da, baita irrati eta telebista autonomikoen arteko handienetakoa  ere. Alor honetarako jarritako  helburuak bete egin dira, euskarazko kanpo emisiorenak kenduta, hauek dagoen publikoari lotu baitzaizkio. 

Satelite bidezko nazioarteko hedadura hori Internet bidez eskaintzen denarekin osatu da; hau ere  Programa-Kontratuan hartutako konpromisoa zen eta garapen ikaragarria izan du azken urteotan: 2004an, milioi bat eta erdi saio egin ziren; 2005ean, bi milioi eta erdi baino gehiago egin ziren, eta saio bakoitzak 45 minutu iraun zuen, batez beste.

Nafarroan eta Iparraldean estaldura eta emanaldiak izateko konpromisoari dagokionez, helburua bete egin da, eta inoiz izan gabeko hedadura lortu da bi lurralde horietako gertaerei estaldura emateari dagokionez. Lehen aldiz, bi albistegi ditu Taldeak, astelehenetik ostiralera, lurralde horietako gaurkotasuna jorratzeko: "Navarra Directo" eta "Iparraldearen Orena".


2.- Kontratu-Programa, EITBk zerbitzu publiko gisa duen eginkizuna objektibatzeko tresna 

Programazioaren edukiak zehazteaz gain, Programa-Kontratuak lau esparru espezifikotan banatzen du EITB Taldeak zerbitzu publiko gisa duen eginkizuna:

  • ikus-entzuleen kopurua handitzea eta taldearen irudia hobetzea;
  • Euskadiko ikus-entzunezkoen sektorea garatzea;
  • informazioaren gizartea bultzatzea
  • zerbitzuaren kudeaketa hobetzea. 

2.1.- Ikus-entzuleen kopurua handitzea eta taldearen irudia hobetzea

Irratiko nahiz telebistako programazioaren ikus-entzuleen kopurua handitzeko eta irudia hobetzeko konpromisoa hartu zuen EITBk Programa-Kontratuaren bidez.  Hasierako aurreikuspenak gainditu egin dituzte emaitzek, eta, Programa-Kontratua indarrean egon den bitartean, 25 urteko ibilbidean izan dituen daturik onenak eskuratu ditu EITB Taldeak ikus-entzuleei eta irudiari dagokienez.

Telebistako ikus-entzuleei dagokienez, pantaila-kuotaren % 23,5eko batezbestekoa lortu du bi kateen artean. Aurreko aldiaren (1998 - 2001) batezbestekoa % 22,1 izan zen. Beraz, EITBk bere emaitzetan % 5,9 egin du gora, eta hori are adierazgarriagoa da kontuan hartzen badugu telebista-eskaintza handitu egin dela aldi horretan.

Aurrekaririk gabeko entzule-kopurua erdietsi da irratian ere. 2002. eta 2005. urteen artean, 400.000 entzule izan ditu EAEn eta Nafarroan, batez beste. 1998-2001 aldian, berriz, 329.000 entzule izan zituen batez beste. Horrenbestez, % 17 baino gehiago egin du gora entzule-kopuruak.

Euskaraz haur eta gazteentzat ematen diren programetako ikus-entzule indizeak hobetzea zen beste helburu nagusia, eta hori ere lortu da. Ikus-entzule gazteek pantaila-kuotaren % 6,8 hartzen zuten 2001ean. 2005ean, berriz, % 9,4 (hortaz, % 50 baino gehiago hazi da publiko mota horri dagokion merkatu-kuota).

Irudia hobetzeari dagokionez, Programa-Kontratuak zera aurreikusten zuen: "beste kate eta emisora batzuekin alderatuta, ikus-entzuleek EITB taldeko irrati eta telebistekiko duten pertzepzioa hobetzea, profesionaltasunari, kalitateari eta lidergoari dagokionez".

EITBk taldearen kate eta irratien irudia neurtzeko eta hautemateko tresnak sortu ditu, Programa-Kontratuak aurreikusten zuenez. Une honetan, irrati eta telebisten esparruan irudia balioesteko dagoen tresnarik osatuenetakoa du EITB Taldeak.

Gizaker ikerketa etxeak 2005ean egindako azterketak euskal herritarrek Taldeko telebista zein irrati kateen gaineko iritzi ona dutela azaldu du. Besteak beste, herritarrek alderdi hauek balioetsi zituzten: objektibitatea, profesionaltasuna, askotarikotasuna, publizitatea, modernotasuna eta heldutasuna.

TELEBISTA ETA IRRATI-KATEEN BALIOESPENA 2005EAN (Iturria. GIZAKER)

TELEBISTA      IRRATIA
ETB 6,7           EiTB irratiak 7,2
Tele 5 6,0        SER 6,8
TVE  5,7          RNE 6,3
Antena 3 5,4    Onda Cero 6,0

Telebistari dagokionez, ETB2 besteen oso aurretik azaltzen da, kate honek 8,3 puntu atera zituen. ETB1ren kasuan honek balorazioa txikiagoa jaso du ikusentzulego osoa kontuan hartuta, baina emandako puntuazioa 6,8ra igotzen da publiko elebidunen artean, hots ETB1 uler dezaketenen artean.

"Euskal herritarrek EiTBri buruz duten iritziaren azterketa" lanak osatu ditu neurtzeko tresna propioekin datu horiek. Azterlan horren arabera, biztanleen % 45en iritziz, EITBren irudia hobetu egin da azken bost urteetan. % 3k, berriz, uste du txarrera egin duela.
 

2.2.- EITB eta informazioaren gizartearen garapena. Internet euskarria

Programa-Kontratuaren baitan, EITB Taldeak euskarri berriei -bereziki Interneti-  garrantzi handiagoa emateko eta informazioaren gizarte berrian edukiak eta jarduera ekonomikoa sortzeko gaitasuna handitzeko konpromisoa hartu zuen.

Atal honetan emandako aurrera pausuekin mugarri berriak ezarri ditu EITBk.

2002an, EITB Taldeak bi kanal zituen Interneten  eta urtean 371.363 lagunek erabili zituzten. 2005ean, bost kanal eta bi atari espezifiko ditu, bat gazteentzat eta bestea haurrentzat eta urtean 3.023.357 lagunek erabili zituzten eta -urte berean- 39 milioi sarrera baino gehiago lortu ziren.

Egindako eskaintzaren barruan, nabarmentzekoa da albiste-eskaintza. Izan ere, eitb24.com marka duten eta albisteak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez ematen dituzten hiru kanal jarri dira sarean.  Kanal horiek 2003an sortu ziren, eta 2005ean  milioi eta erdi  erabiltzaile izan dituzte, urte berean  15 milioi orrietara sartu ziren (horietatik, bi milioi baino gehiago ingelesez zeuden). Gorakada horren ondorioz, erabiltzaile kopurua asko handitu da hiru hizkuntzetan eta negozio planak kanal horretarako zehaztu zituen helburuak argi gainditu dira; aipatzekoa da, eitb24 agerkariak lehiakide diren beste euskarri digital batzuk baino askoz gehiago egin duela gora,  batez beste. Zaila bada zehaztea nongoak diren baliabide horien erabiltzaileak, orriak ingelesez ikusten dituzten pertsonei buruzko datuak hartzen baditugu eta datuak eitb.com-en datuekin alderatzen baditugu, ondorioa da orriak gaztelaniaz ikusten dituzten lagunen kopuru esanguratsua Euskal Herritik kanpokoa  dela. Beraz, agerkari digital honek bere helburu nagusienetako bat bete egin du: Euskal Herritik kanpo euskal gaurkotasunaren erreferente bihurtzea euskarri digitalean. 

Euskarri berrietarako edukiak sortzeari dagokionez, EITB da euskarri berrietarako eta, zehazki, Internet euskarrirako euskarazko eduki gehien sortu eta egiten dituen komunikabidea, zalantzarik gabe. Eskaintza horren barruan, guztietatik dago eta batez ere honako eduki hauek eskaintzen dira: gaurkotasuna, aisia, informazioa, kirolak, gizartea, musika, zerbitzuak -ikuskizunen saila, farmazia, loteriak, burtsa…-, meteorologia, efemerideak, etab.

Taldeak jarduera berri hori jorratzeko egitura berria sortu du. Horretarako, EITBnet SA negozio-unitate berria sortu zen EITBren baitan, Eusko Jaurlaritzak Gobernu Batzordearen akordio baten bitartez eta EITB sortzeko 5/1982 Legeak aurreikusten duen moduan. Agerikoa baita EITBko sortze Legeak ezin zuela 1982an Internet bezalako euskarria aurreikusi eta beraz ezta bitarte horretako agerkariak kudeatuko zituen sozietateen sorrerarik, aldiz argi markatzen du zein den gisa horretako sozietateak sortzeko bidea.    

Elkarte berri  horren bidez garatzen ari da euskarri berrietarako edukiak egiteko eta ekoizteko estrategia, sektoreko enpresekin lankidetzan. Horren ondorioz, edukiak ekoizteko industria sendotzen ari da Euskadin,  etorkizunean garapen ekonomikoa izateko potentzial handia duen esparru batean.

EITBk teknologi berri hauen esparruan emandako urratsak Euskadi Informazioaren Gizartean Planaren baitan uztartzen dira. Halaber, herritarren eta administrazioaren arteko hartu emanak errazteko pausuak e-Administrazioa eta e-Gobernua planetan txertatzen dira eta Administrazioak zuzenean zabaltzen dituen bideen mendeko dira.

2.3.-  Euskadiko ikus-entzunezko produkzioa sustatzea eta sektorea garatzea

Gai hau funtsezkoa da eta  garrantzi berezia du eta beraz nahi nuke honetan bereziki sakontzea. Uste baitut asko egin dugula, aurrera pausu nabarmenak eman ditugula, baina horrekin batera uste dut bidea hasi besterik ez dugula egin eta asko dugula egiteko eta hobetzeko eta lan eta jardun horretan murgildurik gara EITB eta Eusko Jaurlaritza. 

Programa-Kontratuak  hiru motako konpromisoak ezarri zituen:

  • Ikus-entzunezkoen sormena sustatzea, formatu eta programa berriak bultzatuz eta horietan lan egiten duten profesionalen eta oro har alorraren garapena eraginez.  
  • Ikus-entzunezkoen euskal industria garatzen laguntzea eta eragin horretan parte hartzea,  alorraren lehiakortasuna eta ekoizpen gaitasuna areagotzeko eta sektorea sendotzeko. Honetarako, EITBk Jaurlaritzaren Kultura eta Industria, Merkataritza eta Turismo sailekin elkarlanean eta era koordinatuan lan egingo du.  
  • Ikus-entzunezko alor publiko sendo eta lehiakorra garatu, EITBren parte hartzearekin. 

Xedeak horiek izanda, lorpenak handiak izan dira Programa-Kontratua indarrean egon den bitartean. Hasteko, erakundeek hausnarketa eta diagnostiko komuna egin dugu eta,  neurri handi batean, alorra egituratu egin da.

Ezer baino lehen, guztiz beharrezkoa zen hausnarketa eta diagnostikoa eta hori izan zen "Ikus-entzunezkoen sektorearen liburu zuria". Jaurlaritzak eragindako gogoeta estrategikoa, 2003. urtean onartu genuena.  Diagnostikoa egiteaz gain,  liburu zurian  aurreikusitako jarduerak abian jarri ditugu.

Ez da izan hau funtsezko aurrera pausu bakarra, Liburu Zurian aurreikusi baitzen EIKEN (Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterra) eta hau ere sortu da,  eta  honen bitartez estrategia bat garatu da tamaina handiagoko ikus-entzunezko enpresak osatzen laguntzeko. Gainera, elkarlanerako esparruak sortu dira sektoreko enpresekin lankidetzan aritzeko, haien garapena errazteko (trebakuntza-hitzarmenak, ekipamendua alokatzeko hitzarmenak, etab.), eta enpresen arteko itunak sortzea bultzatu da, helburu horiek lortzen laguntzeko.


Programa-Kontratuaren barruan, EITBk ahalegin berezia egin du nazioarte mailako koprodukzio egitasmoetan partaide izateko eta, halaber, nazioartean bidea izan dezaketen euskal ekoizpenak bultzatzen. ETBk elkarlanean lan egin du BBC buru duen eta  nazioarte mailako erreportajeak egitea xede duen egitasmoan. Horrekin batera, ETBk indartu du bere parte hartzea bertatik, Euskal Herritik,  bultzatutako produkzio egitasmoetan;  euskarri eta formatu desberdinetan ekoiztuak, hauetako batzuk euskal gaien ingurukoak izan dira eta guztiek bere ibilbidea izan dute hemendik kanpo.

Programa-Kontratuan aurreikusitakoa baino handiagoa izan da ekoizpen propioko orduen kopurua. 2002. urtean 11.600 izan ziren; 2005. urtean, berriz, 13.011. Halaber, sektorearekin izenpetutako hitzarmenen bidez, ETBk konpromisoa hartu du bere kateetako programen edukien ekoizpenaren zati handi bat Euskadiko ikus-entzunezkoen sektorea osatzen duten ekoizpen-enpresei agintzeko.

Ibilbide honetan funtsezkoa  izan du alorreko enpresekiko harremana. Horren ondorioz, garrantzi handiko bi esparru-hitzarmen adostu ditu ETBk:

-Euskadiko ikus-entzunezkoen industriarekin: 2000-2002 aldirako ETB - IBAIA hitzarmena da lehenengoa. Honen barruan, EITBk hitzartu zuen ETB1eko eta ETB2ko ekoizpenaren zati esanguratsua Euskadiko ikus-entzunezko alorrarekin ekoiztea, era horretara ikus-entzunezko alorra suspertzeko. Halaber, EITBk ekoizpen independientea sustatzeko konpromisoa hartu zuen eta horretarako produkzio fasean ziren film luze eta laburren euskarazko antena eskubideak erosi izan ditu, horrela ekoizpena eragin eta laguntzeko asmoz. 

-Bigarrena 2005-2007 aldirako ETB - IBAIA - EPE/APV hitzarmena da. Hitzarmen honen barruan, Liburu Zuriaren aurreikuspenen haritik, EITBk urteko 7 film luzeen ekoizpenean parte hartzea hitzartu zuen -pelikula hauetatik gutxienez bat euskaraz egindakoa izan behar du-. ETBren parte hartzea ekoizpenean partaidetzarekin, emisio eskubideen erosketen bitartez eta publizitate bitartez gauzatu da. Bide honetatik lortu zen urteetan euskaraz ekoiztutako pelikulen agorraren ondoren, esaterako,  2005ean hiru film egin izana: Aupa Etxebeste, Pailazokeriak  eta Olentzero.   

EITBko kontabilitateko datuak kontuan izanda, 2002. urtetik eta 2005. urtera bitartean, 7.800.000 euro inbertitu dira akordio hauen ondorioz.  

Beste alor batzuetara joan aurretik, eta etor daitezkeen galderei erantzuteko asmoz,  adierazi nahi nizueke Kultura Saila eta ETB elkarrekin ari garela lanean Eusko Legebiltzarrak azaroaren 10eko osoko bilkuran onartu zuen Ez Legeko Proposamena betetzeko asmoz.  

Akordio hark zera eskatzen digu:

-Eusko Legebiltzarrak Kultura Sailari eskatzen dio har ditzala hartu beharreko neurriak, Eusko Jaurlaritzaren eta EITBren artean egin beharreko hurrengo programa-kontratuaren barruan, eta, halaber, aurreko programa-kontratua ebaluatzeko Eusko Legebiltzarrean eratutako lantaldetik ateratako gomendioei erantzunez, Euskal Telebistak euskal ikus-entzunezkoen industriaren sustapen eta garapenari eta, partikularki film luze eta laburrak eta telebistarako filmak aurretiaz finantzatzeari laguntzea ziurtatzeko, uztailaren 12ko 25/1994 legean, 22/99 Legeak aldatutakoan, xedatutakoaren eta aplikagarri den garapen-arautegiaren arabera

-Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio arautu dezala erregalamendu bidez, sei hilabeteko epearen barruan, film luze eta laburren eta telebistarako filmen aurretiazko finantziaziorako nahitaez egin beharreko inbertsioa, ikuskaritza eta kontrola Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa den telebista-operadoreen esparruan haien diru sarrera osoaren %5a eman dezaten, uztailaren 12ko 25/1994 legean, 22/99 Legeak aldatutakoan, xedatutakoaren eta finantziazio horri aplikagarri zaion garapen-arautegiaren arabera. 

-Euskal Telebistak egin beharreko nahitaezko inbertsioaren eta finantziazio horri benetan aplikatutako zenbatekoaren artean alderik izanez gero, Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio aplika diezaiola alde hori Euskadin ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatu eta garatzeari, bai eta Eusko Legebiltzarrari aurkezteko kalkulu horren zehaztapena.  

Ikus-entzunezkoen mundua aldaketa garaian bizi da eta hauen indarra eta garrantzia kontuan izanda eta alorrak garapen ekonomikoan egun duen -eta bereziki etorkizun hurbilean izango duen- pisua kontuan izanda, Euskadik eta EITB-k berak ikus-entzunezko alor sendo eta lehiakorra behar dute, merkatuetara eta mundura zabalik izango den alorra. Bide horretan, Programa-Kontratuan ezarri genituen oinarriak eraikuntza hau zimentarri sendoen gainean eraikitzeko aukera aparta eskaintzen digute. 2002tik hona asko aurreratu baitugu.   

Hau esan ondoren, itzul gaitezen Programa-Kontratuaren harira, honen barruan EITBk Formatu eta Programen Erregistroa sortu du, eta horiek aztertzeko eta ebazteko prozedura zehaztu du. Erregistro honen barruan 2003-2005 aldian formatu eta programa berrien 500 proiektu baino gehiago erregistratu eta aztertu ditu ETBk, aurkeztutako proposamen guztiei erantzun zaie, eta proiektu horietako 150 baino gehiago telebistako ekoizpen bihurtu dira. Eta adibide bezala, hona hemen 2005ko datu zehatzak:

Jasotako egitasmoak: 223
Onartutako egitasmoak: 120
Ekoizpen enkarguak : 58
Oraindik gauzatu gabe baina gauza daitezkeen egitasmoak: 20


EITBk Euskadin ekoiztutako pelikulen zabalkundea bultzatu du eta horren aldeko sustapena egin du Taldeko telebista zein irratietatik. 

Halaber, ETBk urtero euskal filmen zikloak jarri ditu pantailan, 2005ean, esaterako, bi ziklo eta horien barruan 18 pelikula eman zituen.

Europan ekoiztutako egitasmoei begira, indartu eta areagotu egin du  hauen erosketa eta programazioa. 2005ean Europan ekoiztutako 92 pelikula eman zituen.

Atal honekin amaitzeko eta zeharka bada ere, gogora ekarri nahi nuke, arestian aipatu badut ere,  Ikus-entzunezkoen Liburu Zuriak erronka eta xede gisa hartu zuela Euskadin ekoiztutako pelikulen sendotzea eta horretarako urteko gutxienezko filmen ekoizpena ezarri zuela helburu eta horien barruan urtero gutxienez euskaraz egindako film bat ekoiztea. Bi helburu horiek bete egin dira eta horietan EITBren parte hartzea agerikoa izan da. 

2.4.- Irrati eta telebistako zerbitzu publikoaren kudeaketa

Kudeaketaren ikuspegitik, Programa-Kontratuak Negozio Planak ezarri zituen tresna gisa. Negozio Plan hauek 2002 onartu zituen EITBk, Talderako eta Elkarte bakoitzerako eta egun EITB Taldearen kudeaketarako tresna nagusiak ditugu.

Negozio Plan bakoitzaren jarraipena elkarte bakoitzeko zuzendaritza taldeak egiten du ISO9000 araudiaren barruan.

2003. urtetik aurrera, kanpo ebaluazioa kanpoko enpresa batek egindako auditoria baten bitartez egin izan da eta honen emaitzak Programa-Kontratuaren Jarraipen Batzordeari aurkeztu zaizkio. 2004. urtean EITBk Zilarrezko Q, kalitatezko ziurtagiria lortu zuen.  

Programa-Kontratua indarrean egon den bitartean, kudeaketako konpromiso ekonomikoei dagokienez, EITB Taldeak etengabe gehitu du autofinantziazio maila: 2001ean % 27,5a izan zen; 2005ean, berriz, % 29,1koa, diru-sarrera komertzialek gora egin zutelako (2001ean 30.171.094 euro izan ziren, eta 2005ean 39.572.576 euro). Egitura-gastua gutxitu egin du: 2002an soldata-kostuak gastu osoaren % 31,7 osatzen bazuen; 2005ean, berriz % 29,5 izan zen, eta gastu orokorrak % 9 egonkortu dira, gutxi gora behera. 

Programa-Kontratuaren funtsezko konpromisoetako bat betez egin da hori guztia: defizitik ez sortzea. Beraz, gastuen zenbatekoak ekitaldi batean ere ezin zituen gainditu eskuratutako diru-sarrera guztiak (Programa-Kontratuan aurreikusitako diru-laguntzak + ekitaldian sortutako diru-sarrera propioak). Konpromiso hori erabat bete da, eta horrela, EITB salbuespena da erkidegoetako eta estatuko telebista publikoen esparruan, finantza-oreka lortu baitu eta ez baitu zorrik sortu epe ertainean eta luzean ordaintzeko. Ikuspegi horretatik,  EITB egoera horretan den irrati-telebista publiko bakarra -edo ia bakarra- dugu Estatuan.


3.- Programa-Kontratua finantziaziorako esparru egonkor gisa

Aurreko helburuak betetzeko, urtez urteko finantziazioa aurreikusten zuen Programa-Kontratuak 2002-2005 aldirako.

Programa-Kontratuak zehazten ditu:

-Ustiapen gastuak berdintzeko ekarpenak
-Inbertsioetako ekarpenak 
-Bestelako ekarpenak (Jaurlaritzaren sailekin hitzartutako elkarlan egitasmoen garapenerako)

Programa-Kontratuak debekatu egiten zuen inbertsioetako aurrekontuaren ekarpenak ustiapen-gastuetara transferitzea. Konpromiso hori ere urtero errespetatu da, eta inbertsioak finantzatzeko funtsak ez dira inoiz erabili Taldeak ustiapen-jardueretan sortutako gastuak ordaintzeko.

Programa-kontratuak, halaber,  aukera ematen zuen, baimena jaso ondoren,  EITBk zor operazioak egin zitzan, beti ere ikus-entzunezko alorra garatzeko xedera zuzenduta  edo irratiko eta telebistako programazioarekin lotura zuzena ez duten filialen garapenera zuzenduta eta inbertsio horien oreka finantzierora baldintzatuta.      

Programa-kontratua Taldearen kudeaketarako giltzarria izan da; EITBren finantziazioa arautu eta normalizatu baitu, Europatik datozen araubideen baitan. Eta Jaurlaritzak aurrekontu zehatza izan du azken lau urteetan,  berez oso aldakorra izan den esparru batean, hau da, irrati eta telebista publikoen finantziazioaren esparruan.

Programa-Kontratuaren Jarraipen Batzordearen baimenarekin eta oniritzia jaso ondoren egin dira aurreikuspenen gainean egin  diren aldaketa bakarrak; eta hauek egin ziren EITB Taldeak aukera izan zezan Kontratu-Programan aurreikusita ez zeuden bi proiektu berri finantzatzeko:

-Itelazpi SA irrati eta telebista seinalea banatzeko sare publikoa kudeatzeko enpresa izan zen bat,
-eta 24 ordutan informazioa euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez emateko kanal bana  Interneten jartzea bestea.

Dagokion diru-kopuru zehatza eman zaio proiektu horietako bakoitzari, eta horrek ez du eraginik izan Programa-Kontratuak 2002an ezarri zuen Finantziazio Orokorreko Esparruan.
 

AMAIERA
 
Kontratu-Programa indarrean egon den aldia eskarmentu baliagarria izan da bi aldeentzat, bai EITBrentzat bai Eusko Jaurlaritzarentzat. Nire hitzaldiaren hasieran esan dudan bezala, hurrengo Programa-Kontratua prestatzeko, telebistaren digitalizazioa eta EITBren nahiz Jaurlaritzaren asmoak kontuan hartzeaz gain, espero dugu EITBko Kontrol Batzorde honen txostenean Programa-Kontratuari buruz egiten diren gomendioak ere eskura izatea.
 
Hala ere, ez nuke nire lehen txanda hau amaitu nahiko etorkizunari buruz espresuki mintzatu gabe; geroa, gainera, orainaldia dugu, neurri batean. Eta balorazio kualitatiboagoa nahiko nuke, ere.
 
Analista guztiak bat datoz hedabideen panorama goitik behera aldatzen hasi dela. Aro digital berriak, eta horrek dakarrena, alegia, eskaintza ugaltzea, batez ere telebista eremuan, baina baita ere komunikazio esparru berrien garapenean, aldaketak ekarriko ditu gauzak egiteko moduari dagokionez eta herritarrek hedabideetatik espero dutenari dagokionez.
 
Alabaina, oso zaila da xehe-mehe aurreikustea zein izan litekeen ikus-entzunezko baliabideen eboluzioa, nahiz eta egia ere baden joera batzuk suma daitezkeela, hala nola:
 
- Telebista digitalaren sarrera progresibo eta behin betikoa, bereziki Lurreko Telebista Digitalarena,
- difusio kateen ugaltzea,
- asinkronia emisioaren eta hartzearen artean, edo
- kate publikoek diru publikoa jasotzeari buruzko eztabaida areagotzea.
 
Hain zuzen ere, digitalizazioa kalitate jauzia da, eta aldi berean, kanalen ugaltze berria, audientzien banaketari eta fragmentazioari zuzenki eragingo dio. Baina, oroz gain, emisorearen eta hartzailearen arteko harremana aldaraziko du, elkarreragina eta zerbitzu berrien sorrera ekarriz.
 
Bestalde, hedapen kanalen dibertsifikazioa telebista kanalen kalterako eta internet bezalako euskarrien onerako izan da, batez ere populazioaren maila gazteenen artean.
 
Azkenik, hedabide publikoen finantziazio mixtoak (dirulaguntza eta publizitate sarrerak tartean) bakarrik aurki dezake justifikazioa baldin eta zerbitzu publikoa eskaintzen bada, zerbitzu publikoa, zeinaren dimentsio eta lehentasunak definitu beharra dagoen.
 
EITBren eskaintza bistaraziko duen eszenatokiak, alegia hurrengo Programa-Kontratua indarrean egongo den aldiak, 2007tik 201ra, ez du ia edo batere zerikusirik izango talde honen Lehenbiziko Plan Estrategikoan agertzen zenarekin, zeinaren iraunaldia aurten amaitzen den.
 
Egoera berri honek operadore publikoak hautatu behar izatera eramaten ditu: bere presentzia indartzea zerbitzu publikoaren helburuak hobeki betetzeko (informatu, prestatu eta entretenitu) edo, bestela jokaturik, beren eskaintzaren indarra atxiki harik eta transformazio honen behin betiko eboluzioa ikusten duten arte
 
Gure kasuan, mehatxuak mehatxu eta erronkak erronka, uste dut EITB taldeak etorkizuneko eszenatokia aukera bezala ikusi behar duela, zerbitzu publikokoa den programazio osatuagoa taxutzeko, euskal herritarren beharrizanei hobeki erantzunez eta gure gizartearen erreferente izanez.
 
Geroari begira, iruditzen zait ezin garela mugatu kanalak kuantitatiboki gehitzera ("gauza bera hamaika aldiz egitera"), baizik eta gure eskaintza birmoldatu  behar dugula ("zerbitzu publikoko eskaintza berri bat"), honako hau ezaugarri duena: orokorki euskararen presentzia indartua eta zerbitzu publikoaren eskaintza aberastua, eta, bereziki, eskaintza informatiboa sendotua, hurbiltasuna eta herritarren parte hartzea azpimarratuz; izan ere, EITBren gertutasuna dugu bere indarguneetako bat.
 
Guri dagokigunez, irrati eta telebista zerbitzu publiko batek dituen helburu generikoez aparte, ezin ahantzi zein garrantzi duten hedabide publikoek euskararen erabileraren normalizazioan. Gainera, bene-benetan uste dut EITB Taldea prest dagoela zerbitzu publikoko halako eskaintza bat artikulatzeko.
 
Antolatze mailan, 2002-2005erako Programa-Kontratuak finantza-egoera saneatu batera eraman du Taldea, barne kudeaketa alderdi guztietan hobetuz, kontabilitate analitikoa garatuz, eta, hitz batez esanda, nazioarte mailan errekonozitua izan den kalitatezko jauzia emanez.
 
Horren haritik, Egoitza eta Digitalizazioaren Plana aurtengo urtean burutuko dute, Donostia-Miramongo eta Bilboko egoitzen lanak amaituko direnez gero; eta horrek azpiegitura teknologikoa zein espazio mailakoa emango dio EITB Taldeari.
 
 Hortaz, egin daitekeen balorazio kualitatiboa, beraz, biziki positiboa da, zeren aurreko Programa-Kontratuak EITB Taldearen etorkizuneko ibilbidearen oinarriak finkatzeko balio izan baitu. Ez du soilik balio izan kudeaketa egitura sendoa eraikitzeko, kalitate eredu baten inguruan eta hedabideen bilakaerarekin bat datozen azpiegiturak sortuz, baizik eta balio izan du, baita ere, Taldearen eta Jaurlaritzaren arteko harreman egonkorrak eratzeko. Programa-Kontratu hau, nire iritziz, oso lagungarria izan da helburuak zeintzuk diren argitzeko, beharrezko baliabideak berremateko, eta, azken finean, jarduerak bideratzeko hitzartutako ildo estrategikoen baitan.
 
Laburbilduz, aurreko Programa-Kontratuarekin orain arte jarraitutako eredu erlazionala baliozko dela baino ezin dut berretsi. Dena den, egoera berrietara egokitu beharko da baita ere; eta, zentzu horretan, lehenik eta behin,  Legebiltzar honetan abiarazi den lege aldaketarako proposamenaren argitan, geroko arau esparrura moldatu beharko da; bigarrenik, testuinguru teknologiko berrira moldatu beharko da, alegia, digitalizazioak dakartzan aldaketetara, eta, bereziki, irekian egingo den telebista eskaintzaren ugaltzera. Eta, azkenik errealitate sozial berrira egokitu beharko da, bat etorriz informazioaren sormen eta hedapenean izandako transformazioekin, batez ere internet eta telefonia mugikorraren zabaltze handiaren ondorioz.
 
EITB Taldeak, hortaz, Plan Estrategiko berria behar du aro berri bati heltzeko, bere egitekoa eta etorkizuneko estrategiak birmoldatzeko, euskal gizarteari zerbitzu publikoaren eskaintza berreratzeko eta modu honetan, irrati eta telebista erakunde publikoa izatetik ikus-entzunezko hedabideen erakunde publiko izatera pasa dadin.
 
Jaurlaritzarekin hitzartutako Programa-Kontratu berrian oinarrituta, Plan Estrategiko berriak  EITBren etorkizuneko apustua adieraziko du. Komunikazio talde gertuago, irekiago eta parte hartzaileago baten aldeko apustu sendoa, beti ere euskara eta euskal kulturaren presentzia bermatuz ikus-entzunezko arloaren forma eta euskarri guztietan, eta, azken batean, euskal herritarren erreferentziazko komunikazio taldea bilakatuz.
 
Beharbada, oraindik goiz da geroko Programa-Kontratua osatuko duten ildo nagusiak finkatu eta aurretik zehazteko, baina, heldu beharreko hainbat  alderdi aipatuko ditut segidan:
 
- %5aren betetzearekin lotutakoak eta honek Programa-Kontratuaren edukietan izan dezakeen eragina. 

- Lurreko Telebista Digitalaren kanal berrien martxan jartzea, beti ere Eusko Jaurlaritzak baimenduta eta araudiari jarraiki, eta operadore berriak, tokikoak zein beste mailatakoak, ugaltzea ekarri duen ingurunean.

- Egoitza Bilbora lekualdatzea eta digitalizazio prozesura behin betiko egokitzea.
 

Honaino, lehen aldi honetan esan beharrekoa, orain zuen txanda da eta ondoren,  galderarik baldin baduzue, Andoni Ortuzar eta ni erantzuteko prest gaituzue. Eskerrik asko.