Irudietako batzuk, aipatutako geruza horien aurrealde edo fronteetan eginda daude, eta estratifikazio-planoetan beste batzuk. Lehenengo kasuan irudiak ez dira handiak. Izan ere, geruzak mehe xamarrak izanik ezin neurri handirik sartu, tarte horietan sartu behar badira.
Haitzuloan grabatuak eta pinturak daude. Grabatuak ongi daude, pinturak ordea oso hondatuta, urteak milaka igarotzean kalte handia egin baitiete. Toki askotan, hormako hezetasuna oso handia da, eta horrek eragindako kaltea begi-bistakoa, ezen pintura bera eraman baitu, leku askotan ia-ia dagoeneko ez ezagutzerainoko moduan. Horregatik haitzuloa itxita egon da beti jendearentzat. Historiaurrelariek bakarrik izaten dute bisitatzeko aukera, bere ikerlari lana argitalpen bidez egiaztatuta duten historiaurrelariek eta bere laguntzaileek.