Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila

Lurzoruaren kalitatearen ikerketa

 Lurzoruaren egoeraren txostenen xedea hau da: lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazioren bat dagoen edo egon den lurzoruan kutsadura garrantzitsuak gertatu ote diren edo gerta daitezkeen balioztatzea.

Balioztatzea honako hauetan oinarrituko da: maneiatutako substantzia arriskutsuak eta sortutako hondakinak; instalazioen ezaugarriak eta ezarritako prebentzio-, babes-, kontrol- eta segimendu-neurri zehatzak; eta jarduera edo instalazioa dagoen ingurunea.

Lurzoruaren kalitatea ikertzeko prozesua bi fasetan garatzen da, eta horien konplexutasuna hazkorra da; halaber, fase horietako bakoitza zenbait etapatan gara daiteke edo hainbat kanpaina har ditzake barne, ikerketaren irismena kokaleku bakoitzaren berezitasunetara egokitze aldera.

Lurzoruaren kalitatearen miaketazko ikerketa

 Miaketazko ikerketaren xedea hau da: lurzorua eraldatuta edo kutsatuta egotea ekar dezakeen substantzia kutsatzaileen kontzentraziorik ba ote den egiaztatzea.

Ikerketa horren barruan honako hauek sartzen dira: lurzoruaren gainean garatutako jardueren inguruko ikerketa historiko bat egitea; ingurune fisikoaren ezaugarri nabarmenen datuak lortzea; eta laginak hartu eta analisiak egitea. Analisiak ikertu beharreko eremu osoko ingurune garrantzitsuetan (lurzoruan, uretan eta airean) dauden substantzia kutsatzaileen zerrenda egitea ahalbidetuko du, horiek espazioan duten banaketa mugatzeko eta azterketa-eremuan bereizitako azpieremu bakoitzean agertutako substantzien kontzentrazioa adierazteko.

Lurzoruaren kalitatearen ikerketa xehatua

Ikerketa xehatuaren helburua hau da: arrisku onartezina izan dezaketen lurzoruetan, bide eman behar du kutsadurak eraginda egon daitezkeen lurzoruetan eta gainerako inguruneetan dauden substantzia kutsatzaileen motak, kontzentrazioa eta banaketa zuzen zehazteko, baita substantzia kutsatzaileak egoteagatik ingurumenak eta pertsonen osasunak dituen arriskuak kuantifikatzeko ere.

Ikerketa horretan sartuko dira: laginak hartzeko eta kimika-analisiak egiteko kanpaina bat edo gehiago eta ingurune fisikoaren eta giza ingurunearen azterketa sakon bat. Halaber, kasuen arabera, arriskuen analisi bat, lurzorua berreskuratzeko aukeren azterketa bat, berreskuratze-plan bat eta gaika hondeatzeko plan bat egingo dira.

 Zenbait parametro identifikatu, neurtu eta konparatzeko prozesua da arriskuen analisia; horren bidez, kaltetutako inguruneetan substantzia jakin batzuk egoteak pertsonen osasunerako eta ingurumenerako izan ditzakeen arriskuak aztertu, analizatu eta arriskuon ezaugarriak zehazten dira.

Ikerketa xehearen edukia den aldetik, lurzoruaren kutsadurak eragin diezaiekeen objektu guztiak hartu behar dira kontuan arrisku-analisian. Aintzat hartuko da ea ondorio kaltegarriak sor daitezkeen, lurzoruaren eta kaltetutako beste ingurune batzuen kutsaduraren ondorioz, pertsonen osasunean eta, kasuaren arabera, ekosistemen funtzionamenduan; eta, aldi berean, kutsadura beste ingurune batzuen bidez barreiatzeko aukerak ebaluatuko dira (bereziki, uraren bidez), eta kutsadurak produktibitatean eta azpiegituretan izan dezakeen eragina ere bai. Ikerketa xehea egiteko unean lurzoruak duen erabilera edo aurreikusitako erabilera kontuan hartuta balioztatuko da arriskua.

Lurzorua berreskuratzeko aukeren azterketa ikerketa xehearen edukiaren zati da, eta azterketa horren helburua ikertutako lurzorua saneatzeko aplika daitezkeen teknikak eta neurriak identifikatu eta horiek konparazioz balioztatzea da. Balioztatze-prozesuan, teknika, ingurumena, ekonomia edo intereseko beste edozein alderdi hartuko da kontuan berreskuratutako lurzorua berrerabiltze aldera.

Lurzorua berreskuratzeko planaren xedea, berriz, finkatutako berreskuratze-helburuak lortzen direla bermatzeko egin beharreko ekintzak diseinatzea da; kasu guztietan, eskuragarri dagoen teknologiarik onena erabiliko da.

Indusketa selektiboaren planaren xedea hau da: lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat dagoen edo egon den leku batean edo kutsadura horrek eragin dion leku batean hondeaketa-ekintzak planifikatzeko eta betetzeko beharrezkoak diren alderdiak garatzea, leku horietan A-EBA A ebaluazioko balio adierazleak gainditu direnean. Ingurumenaren aldetik indusketaren segimendua eta kontrola bermatu behar ditu planak, eta, nolanahi ere, hondeatutako materialak zuzen berrerabiltzea edo kanpoan zuzen kudeatzea optimizatu eta ziurtatuko du.

Indusketa selektiboaren plana beharrezkoa izan daiteke, bai hondeatzea eraikuntza-proiektuaren beharrek arrazoitzen dutenean eta bai aukera-azterketaren ostean proposatutako berreskuratze-plana hondeatzea denean.

Ikerketa haren xedea hau da: eraikuntza-arrazoiengatik lurzorua berreskuratzeko edo hondeatzeko neurriak hartu ondoren, behar adina datu ematea, datu horiekin bermatuz lurzorua berreskuratzeko aplikatutako teknikarekin edo egindako hondeaketarekin lortu egin ahal izan direla geratzen den lurzoruaren kalitatea berreskuratzeko ingurumen-organoak eskatzen dituen helburuak. Ikerketa hori egin ondoren lantzen den agirian oinarrituta ziurtatuko da hondeaketaren ostean geratzen den lurzorua berreskuratu den eta zer kalitate duen.

Lurzorua berreskuratzeko neurriak bete osteko ikerketa egingo duen baimendutako entitatea ez da izango berreskuratze-planean ezarriko den metodologiaren araberako neurriak diseinatu, gainbegiratu edo bete dituen entitate bera.

Azken aldaketako data: