Azken eguneratzea: 2011/01/24
IkanKronitek, Ihoberen Ekoscan Plus ziurtagiria duten enpresen artean EMAS erregistroari atxiki zaion lehena
IkanKronitek Gipuzkoako enpresak, Grupo Tratamientos Térmicos TTT SA taldekoak, Ingurumen Kudeaketarako eta Ikuskaritzarako Europako Sistemaren (Eco-Management and Audit Écheme, EMAS) erregistroa lortu zuen 2010eko abenduan, Ekoscan Sistemari atxikita dauden enpresek EMAS egiaztagiria izan dezaten Ihobe Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kudeaketarako Sozietate Publikoak garatutako esperientzia pilotu baten bitartez.
Kromo gogorrezko estalduretan eta piezen artezketan eta lapeaketan espezializatutako enpresa hau EMAS erregistroan dago 2010eko abenduaz geroztik; ES-EU-000054 da bere erregistro zenbakia. 2006an Ekoscan ziurtagiria lortu ondoren, EMAS Araudiak irudikatzen duen ingurumen bikaintasun ereduarekin bat egin du orain Grupo Tratamientos Térmicos TTT SA taldeko enpresak.
Ibilbidea
IkanKronitek 2005ean ekin zion kudeaketa sisteman Ekoscan ingurumen hobekuntza ezartzeari, eta 2006an Ekoscan ziurtagiria lortu zuen. IkanKronitek enpresaren ingurumen kudeaketaren eraginkortasunak ingurumen adierazleen bilakaeran du isla:
- Ur kontsumoa murriztea: 2004an 13.000 m3 kontsumitu zituen eta 2009an, 2.248 m3
- Urtean 7,25 tona hondakin arriskutsu gutxiago sortzea.
- Urtean 17,36 tona arriskurik gabeko hondakin gutxiago sortzea.
- Pabilioia garbitzeko erabiltzen den ura % 98 gutxitzea.
- Taladrinen sorrera % 98 murriztea.
- Lehengaien kontsumoa urtean 30 tona murriztea.
Emaitza horiek Ekoscan arauaren metodologiaren eraginkortasuna agerian uzten dute, ingurumen jarrera hobetzeari dagokionez, eta EMAS araudiaren helburuak lortzeko bidean aurrera egiteko oinarri sendoa izan dira enpresarentzat.
Horrez gain, «Garapen Iraunkorrerako Prozesua» kategoriako accesita ere irabazi du IkanKronitek enpresak. Aipatutako accesita Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Pilar Unzaluren eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lópezen eskutik jaso zuten Enpresentzako Europako Ingurumen Sarien EAEko atalaren azkeneko edizioan.