Azken eguneratzea: 2012/07/06
HOLTZA SA eta HOLTZA HABITAT SL erakundeak EMAS ingurumen-erregistroari atxiki zaizkio
Holtza SA eta Holtza Habitat SL erakundeek Holtza taldeko kideak biak EMAS Ingurumena Kudeatzeko eta Ikuskatzeko Europako Sistemaren erregistroa lortu zuten maiatzaren 31n, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak jakinarazi duenez.
Holtza taldea enpresa hauek osatzen dute: Holtza SA, Holtza Habitat SL eta Holtzek. Eraikuntzarako zur-egituren ingeniaritzan, fabrikazioan, muntaketan eta diseinuan jarduten du talde horrek, eta Legution du egoitza (Araba). Ingurumen-arloko lehen lorpena 2004an lortu zuen: ingurumen-kudeaketarako ISO 14001 ziurtagiria lortu zuen. 2009an, berriz, pauso bat gehiago eman, eta EMAS erregistroa eskuratzea jarri zuen xede.
2010ean baliabideetan izandako eraginkortasunean ere islatzen dira ziurtagiri horiek lortzeak ekarritako onurak: % 50 burdin gutxiago erabili zen Holtza SAren burdinerian, % 19 zur gutxiago kontsumitu zen Holtza Habitat SLren ekoizpen-prozesuetan, eta % 100 murriztu ziren Holtza SAren aerosolen eta ur-pinturen hondakin arriskutsuak.
Holtza taldearen ingurumen-konpromisoa publikoki aintzatetsi dute: 2012ko Itun Berdearen Zigilua eta Oso Ondo diploma lortu ditu. AMVISAk (Gasteizko Udal Urak) eta Gasteizko Udalak ematen ditu urtero.
EMAS erregistroak enpresen ingurumen-bikaintasuna saritzen du, eta, horretarako, borondatez ingurumen-kudeaketako sistema bikain bat ezartzeko ahalegina balioesten du.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak (Ihobe) erabakiak hartzeko laguntza ematen die EMAS sistema ezartzen aurrerapenak egin nahi dituzten enpresei. Instalazioko aholkularitza-zerbitzu bat da, eta aholkulari aditu batek ematen du. Ekoeraginkortasuna Euskal Enpresan 2010-2014 programari atxikitako enpresek doan erabil dezakete zerbitzu hori.
Estekak: