Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Aldez aurreko jakinarazpena behar duten jarduera eta instalazio sailkatuak

Jarduera sailkatuak sustatzen dituztenek aukera izango dute lizentziaren baldintza juridiko eta teknikoei buruz, aurreikus daitezkeen neurri zuzentzaileei buruz eta jardueraren bideragarritasun formalaz informazioa eskuratzeko kontsulta egiteko udalean.

Jarduera-sustatzailearen jakinarazpena dagokion udalean aurkeztu behar da, instalazioak hasteko prest daudenean; nolanahi, sektoreko lizentzia edo baimenak ere beharrezkoak baldin badira hasteko, ordurako eskuratuta eduki beharko ditu.

Instalazioa prestatzeko beharrezkoa baldin bada obrak egitea, dagokion hirigintza-lizentzia eskuratu ondoren egin beharko dira obra horiek.

Udal bakoitzean, izapideen zehaztasunak kontsultatu behar dira, horrek eskumen substantiboa baitu, eta horrelako espediente guztiak kudeatzen dituen organoa baita.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 62.bis. artikuluan xedatzen da prozedura horren eskema orokorra.

Aldez aurreko jakinarazpena egin behar duten jarduera sailkatuen sustatzaileek, instalazioak hasteko prest daudenean dagozkion sektoreko lizentzia edo baimenak edukitzeagatik (lizentziak, hirigintza edo industriako erantzukizunpeko adierazpenak edo bestelakoak), dagokion udalean honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

  • Memoria bat: jarduera deskribatu behar du eta jarduera horrek ingurumenean, pertsonengan edo haien ondasunetan eragin ditzakeen kalteak gutxitzeko ezarri diren neurriak azaldu.
  • Teknikari gaituak emandako ziurtagiria, egiaztatzeko jarduera edota instalazioak bat datozela aurkeztutako proiektuarekin eta dokumentazio teknikoarekin, eta ondo betetzen dituztela ingurumenarekiko betebehar guztiak, baita, bete beharrekoak badira, ingurumen-inpaktuaren adierazpenean jasotakoak ere.

Jakinarazpena eginda dagoenean, jakinarazpena aurkeztu den egunetik bertatik has daiteke gauzatzen jarduera. Jarduera haste hori jardueraren titularren eta ziurtagiria eman duten teknikarien ardurapean egingo da, erabat.

(otsailaren 27ko, 3/98 Legearen 62 bis.3 art., apirilaren 23ko 7/12 Legeak aldatutakoa)

1.– Jardueraren helburua.

Garatu beharreko jardueraren deskripzioa, jarduera berria den edo lehendik zegoen jarduera baten handitzea, lekualdaketa, eraberritzea edo legeztatzea den zehaztuz.

2.– Kokapena.

Lurzoruaren hirigintza-kalifikazioa adierazi beharko da, alboko lokal edo instalazioen erabilera zehaztuz.

Nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera izanez gero, biztanledun eraikin hurbilenetara dagoen distantzia adierazi beharko da, bai eta kontsumo publikoko ur-hartuneetara, deposituetara, horniketa-sareetara, iturburuetara eta ur-korronteetara dagoena ere.

3.– Jarduera.

3.1.– Lokalaren deskripzioa: azalera osoa eta zatikako azalerak, produkzio-prozesuaren alde desberdinei dagozkienak, biltegiak, bulegoak, garbigelak eta aldagelak.

3.2.– Produkzio-prozesuaren eta tarteko prozesuen deskripzioa; lehengaien eta produktu bukatuen deskripzioa, horien ezaugarri fisiko-kimikoak, biltegira daitekeen gehienezko stocka eta biltegiratzeko baldintzak adieraziz, bai eta urteko kontsumoa eta produkzioa ere.

3.3.– Makineria eta instalazioak: jarduera burutzeko aurreikusten diren makina eta instalazioen zerrenda, horietako bakoitzaren potentzia elektrikoa eta/edo bero-potentzia zehaztuz (kW-tan).

Berariazko araudiak bete behar dituzten instalazioetan (GT/BT instalazio elektrikoa, galdarak, aireztapen-sistemak ...), segurtasun industrialaren alorrean indarrean dauden arauek ezarritakoa betetzen dela justifikatu beharko da.

3.4.– Erregaiak: motak, biltegiratze-sistema, biltegira daitekeen gehinezko stocka eta aurreikusitako urteko kontsumoa.

Produktu sukoiak eta errekorrak biltegiratzeari dagokionez, segurtasun industrialaren alorrean indarrean dauden arauek ezarritakoa betetzen dela justifikatu beharko da.

3.5.– Aireztapena.– Aurreikusten diren aireztapen-sistemak. Eragindako aireztapena izanez gero, aire-berriztapenaren kopurua zehaztu beharko da, eta Laneko Segurtasun eta Osasunari buruzko Araudian ezarritakoa betetzen dela justifikatu, bai eta ondokoei ez diela kalterik egiten ere.

Garajeen kasuan, ekainaren 11ko 171/85 Dekretuak eta horrekin lotutako gainerako arauek ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatu beharko da.

3.6.– Instalazio higienikoak: garbigela eta aldageletarako aurreikusitako instalazioak, sexuen arabera banatuak, Laneko Segurtasun eta Osasunari buruzko Araudian ezarritakoari jarraituz.

4.– Ingurugiroan izan ditzakeen ondorioak.

4.1.– Zarata:

Instalazioaren soinu-iturrien deskripzioa eta barruko emisio-mailena. Aurreikusi diren isolamendu-sistemak zehaztuko dira, horien eraginkortasuna justifikatzen duten kalkuluak adieraziz, eta beti ere zaratari buruzko, azaroaren 17ko, 37/2003 Legea zonakatze akustikoari, kalitate xedeei eta jaulkitze akustikoei dagokienez garatzen duen, urriaren 19ko, 1367/2007 Errege Dekretuak ezarritako mugak beteaz, eta nola nahi ere udal araudiak dioenaren kalterik gabe.

4.2.– Bibrazioak: bibrazioen aurka jartzekoak diren gailuen deskripzioa eta horien eraginkortasunaren bermeak.

4.3.– Atmosferarako emisioak:

  • Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta honen aplikaziorako xedapenak ezartzen dituen, urtarrilaren 28ko, 100/2011 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartzen diren jardueren identifikazioa.
  • Emisio-iturrien eta egiten diren emisioen identifikazioa eta, beharrezkoa bada, arazketa-sistemen deskripzioa.
  • Ke, gas eta partikulen kanporaketa egokia justifikatu beharko da, albokoei kalterik ez egiteko moduan.

4.4.– Hondakin-urak:

  • Hondakin-urak isurtzeko lekuen identifikazioa, honakoak zehaztuz: nora isuriko diren, arazteko zein sistema aurreikusi den eta azken isurpenaren ezaugarriak.
  • Indarreko udal-ordenantzetan ezarritakoa betetzen dela justifikatu beharko da edo, horrelakorik ez badago, Jabari Publiko Hidrografikoari buruzko Araudian eta horrekin zerikusia duten arauetan ezarritakoa.
  • Isurpen industrialik egonez gero, ur beltzetatik bereizita kanalizatzeko eta tratatzeko modua aurreikusi beharko da, azken isurpenak indarreko legeria bete dezan. Horretaz gain, isurpenak egiteko baimena beharko da.

4.5.– Hiri-hondakinak:

Zenbatekoa zehaztu, aurreikusi den biltegiratze-sistema eta azkenean nora eramango diren deskribatuz; indarreko udal-ordenantzetan ezarritakoa betetzen dela bermatu beharko da edo, horrelakorik ez badago, Hondakinen eta kutsatutako lurzoruen, uztailaren 28ko, 22/2011 Legean ezarritakoa.

4.6.– Bestelako hondakinak:

  • Identifikatu jardueran sortzen diren bestelako hondakinak. Hauen karakterizazio kualitatibo eta kuantitatiboa egin. Indarrean dagoen araudian oinarrituta, egin arriskutsu edo ez arriskutsu karakterizazioa.
  • Aurreikusitako kudeaketa (behin behineko biltegiratzea, aurreikusitako tratamendua, eta azken destinoa, hondakinak biltzeko aurreikusitako enpresa kudeatzaile baimenduak adieraziz).

4.7.– Lurzoruak:

  • Kokaleku horrek, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko, otsailaren 4ko, 1/2005 Legeko II eranskinean jasotako lurzorua poluitu dezaketen jardueraren bat jasan duen adierazi beharko da. Baiezkoa balitz lurzoruaren kalitatea adierazten duen Ebazpenik igorri den adierazi beharko da.
  • Ezarri nahi den jardueraren EJSN-93a adierazi beharko da, eta hau aipatutako otsailaren 4ko, 1/2005 Legeko II eranskinean jasota dagoen edo ez.
  • Jarduera berria den edo lehenagotik funtzionatzen ari den adierazi beharko da. Bigarren kasu honetan, adierazi beharko da martxan jartzea otsailaren 4ko 1/2005 Legea indarrean sartu aurretik edo ondoren izan zen (2005eko maiatzak 16).

5.– Suteen aurkako babesa.

  • Lokala suteen aurka babesteko hartutako neurrien azterketa osoa, kasu bakoitzari ezar dakiokeen araudian oinarrituta. Itzaltzeko agente horiek zergatik aukeratu diren justifikatzeko kalkuluak (B.I.E.ak, su-itzalgailuak, hidranteak eta abar).
  • Halaber, berezko arrisku-mailaren kalkulua ere aurkeztu beharko da eta baita jarduerako banaketa- eta mugaketa-materialek suaren aurrean nola jokatzen duten ere.
  • Azkenik, ezbeharra gertatuz gero instalazioak nola hustuko diren azaldu eta kalkulatu beharko da; bertan, argi eta garbi jasoko dira kanpoaldera irteteko eta arriskutik ateratzeko ezarri diren ibilbideen egoerak, denborak, fluxuak eta baliabideak.

6.– Nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerak.

Aurreko idatzietan zehatutakoaren kalterik gabe, nekazaritza eta abeltzaintzako jardueren kasuan honako baldintza hauek betetzen direla berariaz justifikatu beharko da:

6.1.– Pruduktu fitosanitario, pestizida eta, oro har, produktu kimikoen biltegiratzea ustiategirako behar-beharrezkoena denera mugatuko da; horiek erabiltzeko garaian segurtasun arauak eta arau higieniko-sanitarioak bete beharko dira beti.

6.2.– Jarduerak sortzen dituen hondakin organikoak (likido eta solidoak). Jardueraren izaera, sortutako kopuruen aurreikuspena eta aurreikusitako jasotze eta biltegiratze sistema, harik eta soroetara bota arte edo tratatu arte. Aurreikusitako biltegiratze-mota eta -ezau¬garriak zehaztu beharko dira

6.3.– Hondakin horiek lurrak ongarritzeko edo ureztatzeko erabiliz gero, abenduaren 22ko, 390/1998 Dekretuaren bitartez edo, ekainaren 7ko, 112/2011 Dekretuaren bitartez onartutako Nekazaritza-lanetan Egoki Jarduteko Kodeetan (gunea nekazal-jardueratik eratorritako nitratoei zaurgarria den edo ez izatearen arabera) ezarritakoa bete egiten dela justifikatu beharko da.

Halaber, eta irizpide orokortzat hartuta, ureztaketarako 3,5 azienda unitate baliokideko (u.a.u.b.) lur Ha 1 dagoela justifikatu beharko da. Finken planoak aurkeztu beharko dira eta abeltzaintzako ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituen, irailaren 22ko, 515/2009 Dekretuko I. eranskineko, III kapituluko, 6 atalean ezartzen diren baliokidetasunak aplikatu.

6.4.– Animalia hilak desagertarazteko sistema deskribatu.

6.5.– Neurri higieniko-sanitarioak. Ustiategiko zolen iragazkaizpena bermatu. Aldian-aldiko desinfektazio, intsektu-kentze eta arratoi-garbiketen maiztasunak adierazi. Instalazioak aldian-aldian errazago garbitzeko iturriko ura edukitzea. Intsektuak kanpora atera daitezen eragozteko sistema edo instalazioak, batez ere ondoan instalazioak edo etxebizitzak egonez gero.

7.– Planoak.

7.1.– Jardueraren kokaera-planoa; nekazaritza eta abeltzaintzako jardueren kasuan, lursail propioak, ondoko finkak eta bide publikoak zehaztuko dira. Biztanledun guneetara, ubideetara, horniketa-putzuetara, iturburuetara, horniketa-sareetara, etab.etara dauden distantziak adieraziko dira (1:5000 eskalako planoa edo antzekoa).

7.2.– Instalazioaren kokaera-planoa, ondoko etxebizitza eta pabilioiak sartuz eta horien erabilerak zehaztuz (1:500 eskalako planoa edo antzekoa).

7.3.– Instalazioen oin-planoak, honakoak adieraziz gutxienez: makinak eta berariazko instalazioen kokapena, emisio atmosferikoen fokuak, saneamendu-sarea, eta lehengaiak, produktu bukatuak eta hondakinak biltegiratzeko guneak ere adierazi beharko dira. 1:100 Eskala edo antzekoa.

Azken aldaketako data: