Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Jenderan parte-hartzea ingurumenari buruzko erabakitze prozesuetan

Gaur egungo ingurumen arazoak hain dira konplexuak non Administrazioen eta gizarte osoaren lankidetza eta konpromisoa eskatzen baituten. Gizarte osoari eragin diezaioketen erabaki publikoak onartze prozesuetan hiritarrek parte hartzeak aukera ematen du iritziak eta kezkak adierazteko, egokiak izan daitezkeenak eta agintari publikoek kontuan hartu ditzaketenak. Hala, erabakitze prozesuan erantzukizunari eta gardentasunari bidea ematen zaie, alde batetik, eta, bestetik, herritarrek kontzientzia hartzen dute ingurumen arazoez eta babesa ematen diete hartutako erabakiei.

Eskubideak eta betebeharrak

Legeak aintzatetsi egiten du ingurumenean zuzenean nahiz zeharka eragiten duten gaien inguruan erabakiak hartzeko prozeduretan parte hartzeko eskubidea; eta Administrazio Publikoei dagokie prozedura horiek sortu edota onartzea.

Edozein pertsonak du (herritarrek oro har) parte hartzeko eskubidea; gainera, onartutako erabakiaren ondorioz kalteren bat jasan dezaketen legezko interesak edukiz gero (norbanakoak nahiz kolektiboak), pertsona interesdun izaera izango du eta, horren arabera, eskubide gehigarriak izango ditu parte-hartze maila batzuetan. Edozein kasutan ere, ingurumenaren babesa helburu duten irabazteko asmorik gabeko elkarteek (ingurumen GKE-ek) pertsona interesdun izaera izango dute.

Legeak ez du aurrez zehazten zeintzuk diren parte hartzeko mekanismo zehatzak, eta herritarren parte-hartze erreal eta eraginkorra sustatzeko eginbehar orokorra ezarri baino ez du egiten. Horretarako, dagozkion prozedurak tramitatzeko unean Administrazio publikoek bete beharreko gutxieneko baldintza batzuk ezarriko ditu:

  • Herritarrak nahiz pertsona interesdunak behar bezala informatzea, bai erabaki beharreko gaiaz, bai parte-hartzeko eskubideari nahiz eskubide hori egikaritzeko moduari dagokionez.
  • Pertsona interesdunak entzutea, eta prozeduraren hasierako faseetan haien iritzia kontuan hartzea, baita prozedura hasi aurretik ere.
  • Prozesua bukatzean hartutako erabakia justifikatzea, bai eta parte-hartze tramitea gauzatzeko modua ere.

Parte hartzeko eskubide orokorra honetan datza:

  • Ingurumenari zuzenean nahiz zeharka eragiten dioten gaien inguruan erabakiak hartzeko prozeduretan modu eraginkor eta errealean parte hartzea; Administrazio Publikoei dagokie prozedura horiek sortu edota onartzea.
  • Parte hartu ahal izateko beharrezkoa den informazioa aldez aurretik eskura izatea.
  • Parte hartzeko eskubideari buruzko nahiz eskubide hori egikaritzeko moduei buruzko informazioa jasotzea, bai eta iradokizunak egin edota alegazioak aurkezteko jo beharreko administrazio publiko eskudunari buruzkoa ere.
  • Prozeduraren hasierako faseetan, artean aukera dagoen bitartean eta erabakiak hartu aurretik, iradokizunak nahiz iritziak adieraztea.
  • Hartutako erabakien eta erabaki horiek oinarrian izan dituzten arrazoi eta gogoeten inguruko informazioa jasotzea.

Zer egin daiteke parte hartzeko eskubidea urratuz gero?

Herritarren parte hartzeko eskubidea urratuta harturiko ingurumenarekin lotutako administrazio-erabakiak errekurritzeko modukoak dira.

Parte hartzeko eskubidea hiru mailatan urratu daiteke ingurumen arloko erabakiak hartzeko unean:

  • Parte hartzeko eskubidea egikaritu ahal izateko behar den informazioa (informazio osoa, egiazkoa eta ulergarria) ematen ez denean.
  • Administrazio-prozeduran parte-hartzeari trabak jartzen zaizkionean, hala nola:
    • Parte hartzeko ezarri diren epeak ez errespetatzea.
    • Herritarrei informazio guztia ez ematea.
    • Prozeduraren hasieran parte-hartzea eragoztea (aukera eta alternatiba guztiak zabalik daudenean).
    • Hartutako erabakien edota parte-hartzearen oinarriei buruzko informaziorik ez ematea herritarrei.
  • Prozeduraren fase jakin batzuetan parte hartu ahal izateko legezkotasuna edota akreditazioa eskatzen zaienean herritarrei, horretarako beharrik ez izan arren.

Norbaitek uste badu agintari publiko bati egozteko moduko egintza edota omisioren baten bidez parte-hartze publikoari buruz legeak aintzatesten dituen eskubideak urratu zaizkiola, Administrazio-prozedura Erkideari buruzko Legean eta gainerako legeria aplikagarrian jasotako administrazio-errekurtsoak jarri ahal izango ditu, bai eta administrazioarekiko auzibideari buruzko Legean aurreikusitako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere, hala badagokio.

Aratekoaren aurrean edo Europar Batasunean ere aurkeztu daitezke erreklamazioak.

Azken aldaketako data: 2016/11/25