Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Ingurumen-hezkuntza - Ekosistemen zerbitzuak

INGELESEZ

Erakunde, ikastetxe, enpresa, elkarte eta banakako talde edo pertsonek ahalegin handia egin behar dute natura ongizatearen oinarria den ideia gizartean finkatzeko.

Batez ere gizakiaren jarduerak eragindako klima-aldaketa eta kutsadura gero eta arriskutsuagoak dira, "ekosistemen zerbitzuak" (elikadura, ura, energia, prozesuen erregulazioa, aisialdia eta abar) zaintzeko. Baina, aldi berean, zerbitzuok funtsezkoak dira etorkizuna bermatzeko.

Ekosistemek gizakiei eskaintzen dizkieten onurak ezagutzea ezinbestekoa da herritarrek arlo horretan jokoan duten guztiaren kontzientzia hartzeko.

Ingurumenaren Europako Programak 2020rako duen helburua gure planetaren mugen barruan ondo bizitzea da. Horretarako, nahitaezkoa da ekosistemak babestu eta zaintzea, horiek gure Natura Kapitala osatzen dutelako.

Zer dira ekosistemen zerbitzuak?

Espezieen biodibertsitateak, hau da, animalia eta landare guztiek habitatarekin interakzioan ari direnean osatzen dituzte ekosistemak. Espezie horiek hainbat funtzio betetzen dituzte ekosistema bakoitzean, eta sorrarazten dituzten zerbitzu-fluxuak funtsezkoak dira gure osasunari, ongizateari eta oparotasunari eusteko.

Ekosistemen zerbitzuak gizakiek ekosistemetatik lortzen dituzten onurak dira, jakinda nahiz jakin gabe.

Zerbitzuok hiru taldetan sailka daitezke:

  • hornidura edo ekoizpena (elikagaiak, ura, energia),
  • erregulazioa (klimaren kontrola, ura araztea, polinizazioa),
  • kulturalak (hezkuntza, estetika).

Zerbitzu batzuk ezagunagoak eta baloratuagoak dira, esaterako hornidurak: elikagai-produkzioa esate baterako, bai ekosistema naturaletakoa bai landatutakoa. Beste zerbitzu batzuk, berriz, ikusezinak dira, hala nola airea garbitzea, kalitateko ura eskura jartzea edo paisaia iradokitzaileak eskaintzea. Horregatik azken zerbitzu horiek ez dira behar bezala kontuan hartzen, horien ekoizle diren ekosistemei balioa ematerakoan.

Hori dela eta, behar-beharrezkoa da ekosistemen zerbitzu horiek gizartearen garapenerako eta giza ongizaterako duten garrantzia azpimarratzea.

Erabakirik onenak jakintzan oinarrituta daude

Ekosistemen zerbitzuez hornitzeko eremurik garrantzitsuenak modu iraunkorrean kudeatu behar dira, zerbitzu horien oraingo eta geroko hornidura bermatzeko. Horretarako jakintza hobetu beharra dago, ikertzeko metodologia berriak garatuz eta ikerketa horien emaitzak sektore-politiketan aplikatuz (nekazaritzan, garraioan, industrian, landa-garapenean, hirietan).

Lurralde batean dauden ekosistemen zerbitzuei buruzko informazio zehatza izatea funtsezkoa da, ekosistemen zerbitzuei dagokienez balio handiak dituzten eremuak aurkitzeko eta, horrela, lurraldearen gestioan eta beste politika batzuetan erabaki zuzenak hartzeko. Helburu hori du Euskadiko Milurtekoko Ekosistemen Ebaluazioak, hain zuzen: ekosistemen egoera eta ekosistemek hornitutako zerbitzuak ikertzea. Ikerlan hori aitzindaria da Ekosistemen Mundu Ebaluazioaren printzipioak eta metodologiak aplikatzeko, eta horretan parte hartzen du.

Zientzia ongizaterako

Gure ekosistemak eta horiek ematen dizkiguten zerbitzuak eta onurak hobeto ezagutzen eta baloratzen baditugu, ingurumen osasuntsuagoa lortuko dugu. Hori funtsezkoa da gure eta etorkizuneko belaunaldien ongizaterako.

Hori dela eta, Rio+20 Garapen Iraunkorrari buruzko Biltzarraren konklusioei jarraiki, ingurumenaren egoera eta eboluzioa gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira nazioarteko giza garapena neurtzeko adierazleen artean.

Miren Onaindia

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ekologiako katedraduna eta Garapen Iraunkorreko eta Ingurumen Hezkuntzako UNESCO Katedrako zuzendaria da. Irakasle bisitaria izan da Oxfordeko Unibertsitatean, Veracruzeko Unibertsitatean (Mexiko) eta Santo Domingoko Unibertsitatean (Dominikar Errepublika). Biosferaren Erreserben MaB-UNESCO Programaren Zientzia Kontseiluko kidea da. Haren ikergai nagusiak biodibertsitatea eta ekosistemen ebaluazioa dira, naturagunearen kontserbazioan eta lurraldearen antolakuntza iraunkorrean aplikatuta. Hainbat artikulu zientifiko argitaratu ditu, baita hezkuntza eta dibulgazioa helburu duten beste argitalpen batzuk ere.

Horregatik, ingurumen-balorazioaren emaitzak merkatuen hutsegiteak zuzentzeko helburua duten politikak ezartzeko erabil daitezke, zergen, laguntzen, arauen edo kontrol-neurrien bidez.

Zerbitzu ekosistemikoen balorazio-teknikei esker, natura-inguruneari buruzko lehentasunak ezagutu ahal ditugu. Horiek askotan ez dira zorroztasunez azaltzen, hainbat arrazoi direla medio: informazio okerra, zehaztu gabe dauden edo existitzen ez diren jabetza-eskubideak, arrazionaltasun mugatua, arrisku morala eta/edo parasitismoa dira arrazoietako batzuk. Horregatik, ingurumen-balorazioaren emaitzak merkatuen hutsegiteak zuzentzeko helburua duten politikak ezartzeko erabil daitezke, zergen, laguntzen, arauen edo kontrol-neurrien bidez. Baina ingurumen-balorazioak merkatuetan bazter uzten diren alderdi batzuk aintzat hartzen baditu ere (batez ere erabilerarik ezaren balioak), banakako lehentasunak ezabatzeko erabiltzen diren teknikek, hein batean, merkatuen hutsegite berberak dituzte, batez ere informazio okerrari dagokionez. Inoiz ez dugu jakingo zein diren etorkizuneko belaunaldien lehentasunak edo zerbitzu ekosistemikoen hornidura-kurben forma zehatza, ezta bat-bateko kolapsoen arrazoiak ere. Eta beste arazo batzuk banakakoen iritzi ordinalak metatzetik datoz.

Arazo horiei aurre egiteko, ingurumen-hezkuntzako ariketa eragingarrietako bat honako hau izan liteke: esperientzia ezberdinak edo lehentasun kontrajarriak dituzten herritarrak edo interes-taldeak elkartu eta balorazio kolektiboko tekniken bidez eztabaida sustatzea. Horrela, lehentasun sozialei forma eman eta zehatzagoak izatea lortuko genuke. Era berean, hobeto ulertuko litzateke zergatik dauden iritzi kontrajarriak eta zergatik sortzen diren gatazkak ingurumenari lotutako gaien inguruan.

Rol-jokoak aukera ona dira hezkuntzaren balorazio kolektiboa lantzeko. Ikasleek euren artean rolak aldatu eta, horrela, ados jar daitezke balorazio baten inguruan, adibidez, zerbitzu ekosistemiko jakin baten balorazioan. Horretarako, ikasle bakoitzak ikaskideak jokatuko lukeen moduan jokatu behar du balorazioa negoziatzean. Ondoren, eztabaidatu behar dute rol-jokoak zenbateraino lagundu dien haien artean zeuden balorazio-ezberdintasunak argitzen. Azkenik, parte-hartzaileek negoziatu egingo dute, balorazio komuna adosteko, baina oraingoan eztabaidatutako zerbitzu ekosistemikoari buruz duten benetako jarreraren arabera.

Rol-jokoaren erabileraren adibide bat Indiako Ahmedabad hiriko aintzira txikien inguruko gatazka izan da. Aintziren inguruan giza kokapen informalak daude, eta horiek ura erabili eta kutsatu egiten dute. Higiezinen jabeek eta eskualdeko beste eragile batzuek, berriz, aintzirak berroneratu egin nahi dituzte, aisialdirako gune gisa erakargarriagoak izan daitezen. Bestalde, herritarrak ordezkatzen dituzten erakundeek aintziren zerbitzu ekosistemikoak lortu nahi dituzte, kokapen informalen bizi-baldintzak hobetzeko. Higiezinen jabeei eta kokapen informaletako ordezkariei rolak aldatzeko eta, haien ustez, beste aldeak jokatuko lukeen bezala jokatzeko eskatu diete, haien arteko ezadostasunak azalarazteko. Izan ere, hori ezinbesteko baldintza da gunearen garapenari buruzko adostasuna lortzeko.

Alexander Hellquist
Programako zuzendaria

Garapen Iraunkorrerako Hezkuntzaren Suediako Nazioarteko Zentroa
Uppsalako Unibertsitatea

Azken aldaketako data: