Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Azken eguneratzea: 2010/02/01
Etxebizitzari Buruzko Itun Sozialeko mahaiak bihar elkartuko dira Zamudion
Euskadiko Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren aurkezpen-jardunaldiaren ondoren (2009ko azaroaren 23an egin zen), eta bertara gonbidatutako erakundeen ondorio eta ekarpenak aztertu eta gero, planteatutako ardatz estrategiko bakoitza sakontasunean landuko duten lan-mahaiak antolatuko dira 2010eko otsailean.

Hona aztertu eta eztabaidatuko diren ardatz estrategikoak:

1. Babes publikoko etxebizitzen sustapena eta lurzoruaren beharra
2. Etxebizitzen birgaitzea eta hiri-berritzea
3. Alokairuko parkea eta etxebizitza irisgarrien stocka
4. Etxebizitzaren sustapen-publikoarekin loturiko erakundeak
5. Zerga-arloko, finantzaketako eta laguntzetako politika publikoak

Etxebizitzaren arloan agente publiko, sozial eta pribatu guztien arteko adostasuna lortzea da abiarazitako prozesuaren helburua, Euskadin hurrengo urteetan garatu beharreko lerro estrategikoak eta jardun-esparruak bideratzea ahalbidetuko duen adostasuna eta Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrean aurten aurkeztuko duen Etxebizitzaren Lege proiektuaren oinarri izango dena.

Jaurlaritzaren ustez, asmo handiko helburu hori lortzeko ezinbestekoak dira parte hartzaileen lankidetza eta ekarpenak.

Ospatuko diren jardunaldietan erakundeek, eragile ekonomikoek eta gizarte eragileek, alderdi politikoek, sindikatuek, era guztietako hainbat elkartek, sustatzaileek eta abarrek hartuko dute parte.

Bihar (otsailak 2, asteartea) egingo den lehenengo jardunaldian 50 lagun inguruk hartuko du parte. Lehen jardunaldi horretan ardatzetako lehenengoa aztertuko da, hots: babes publikoko etxebizitzen sustapena eta lurzoruaren beharra.

Parte hartzaileak lan-mahaietan banatuko dira eta mahai bakoitzean eztabaidatuko diren lehentasunezko helburuak zehaztuko dira, baita erronkari aurre egiteko mekanismoak eta konponbide posibleak eta jardun-lerroak ere.

Jardunaldia Zamudioko Teknologia Parkean egingo da, Innobasqueren egoitzan eta 10:00etan hasiko da. Parte hartzaileak eztabaida-mahaietan banatuko dira, eta 13:00a inguruan jardunaldiko ondorioak jendaurrean azalduko dira.