Azken eguneratzea: 2010/10/14
Argi berdea Etxebarriko zubi berria eraikitzeko lanei
Pilar Unzalu, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailburua eta Ernesto Gasco, Garraioetako sailburuordea izan dira Etxebarriko Zubiaren lehen harria jartzeko ekitaldiaren buru. Zubia Bilbo-Donostia trenbide lineako 4,901 kilometro puntuan dago, eta lanaren burutzapena Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren eta Uraren Euskal Agentziaren (URA) artean sinatutako finantzaketa hitzarmenaren ondorio da.
Gertakariaren akta Etxebarriko Alkateak, Pedro Lobatok eta Basauriko Alkateak, Loly de Juanek, ere sinatu dute.
Ondoren, Sailburuordea Basaurira joan da, Metro Bilbaok Ariz inguruan dituen tailerrak eta kotxetegiak zabaltzeko lanak bisitatzera. Ezinbestekoa izan da instalazio horiek zabaltzea, Bilboko Metroaren parke mugikorraren hazkundea dela eta.
Etxebarriko zubia
Etxebarri eta Basauri artean dagoen zubi berriak bao bakarreko egitura izango du, eta ez du tarteko euskarririk izango Ibaizabal ibaiaren gainean. Horrela uholde arriskua murriztu egingo da, egungo azpiegiturak sortzen duen tapoi hidraulikoa desagertu egingo da eta
Halaber, hiru metroko zabalera izango duen oinezkoentzako pasabideari esker, oinezkoak Etxebarri eta Basauri artean ibili ahal izango dira. Horrez gain, azpiegitura berria bidegorria ezartzeko prestatuta egongo da, horrela bi udalerri horien artean bizikletan ibiltzea errazagoa izan dadin
Ekimen horrek, beste helburu batzuen artean, mugikortasun eraginkorra eta, batez ere, jasangarria, bilatzen du, hiritarrek ibilgailu pribatua gero eta gutxiago erabil dezaten, beste garraiobide batzuen alde, kasu honetan trenaren eta bizikletaren alde
Lanen esleipena lortu duen enpresak, Balzola Construccionesek, 14 hilabeteko epean amaitu beharko ditu lanak. Horretarako 2,9 milioi euroko aurrekontua izango du.
Lan hori erdibana ordainduko dute, 2009an sinatutako akordioan oinarrituz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren esku dagoen Uraren Euskal Agentziak (URA) eta Euskal Trenbide Sareak.
Arizeko kotxetegiak
Ariz-Basaurin dauden instalazio horien beharra, Bilboko Trenbide Metropolitarreko material mugikorraren parkean aurreikusitako hazkundearen ondorioz sortzen da. Egungo instalazioetan trenbide bakoitzean unitate bakarra aparka daitekeenez, beharrezkoa izan da kotxetegiak handitzea. Instalazio berriek egungoak osatuko dituzte eta trenbide bakoitzean bi unitateren mantentze lanak era egokian egitea bermatuko dute.
Cycasa eta Comsa enpresek osatzen duten UTE Ariz izenekoak burutuko duen lanak 3,8 milioi euroko aurrekontua du.
Proiektu horretan aurreikusten diren lan nagusiak honako hauek dira:
Kotxetegietako Nabea zabaltzea
88 metroko luzera eta 48 metroko zabalera izango duen nabea proiektatuko da. Gehieneko altuera 9,5 metrokoa izango da. Barruan daude kotxetegietarako erabiliko diren 12 trenbideak.
Nabe barruko instalazioak
Instalazio horien artean daude instalazio elektrikoak, osasun ur beroaren eta hotzaren sarea, suteen aurkako sarea, suteen eta bidegabe sartzeen hautematea, nabe barruko drainatze sarea, garbiketako uren sarea, argiztapen sarea, megafonia eta telefonia.
Trenbideen elektrifikatzea
Kotxetegietan zabaldutako instalazioei dagozkien trenbide guztien elektrifikatze lanak egingo dira.
Horretarako, 12 trenbideen katenariei eusteko zutabea diseinatu eta kalkulatu da. Ondorioz, nabearen burualdeko pilareei erantsita doazen 2 UPN-260k osatutako zutabea egin da.
Industrialen drainatze sarearen egokitzapena
Lan horren barruan, alde batetik biltegiratze depositua jasoko duten kutxeten kalkulua eta, bestetik, bereizketa/dekantazio ekipoen instalazioa sartzen da.
Aipatutako hobiak Metroaren instalazioetako barruti osoaren sarrera nagusiko zabalgunean egongo dira.
Halaber, deskribatutako guneetaraino ura eramango duten sareak ere diseinatu dira.
Lur-zatiaren urbanizazioa
Urbanizazio lanen barruan sartzen dira proiektatutako nabearen zoladura eta teilatuaren drainatzea eta proiektatutako instalazioak dauden lur-zatiaren argiztapena eta itxidura. Aipatutako itxidura ibaiaren albotik joango da, eta ibaiaren eragin gunea eta Metroko instalazioen lur-zatia bereiztuko ditu. Proiektatutako nabe berriaren fatxadatik hurbilen dagoen gunean gutxieneko 4 metroko distantzia errespetatu da.