Azken eguneratzea: 2012/10/22
Maria Isabel Mijares Garcia-Pelayori elkarrizketa
Ardoen eta Edari Bizien Nazioarteko Lehiaketaren (CINVE 2012) hurrengo edizioaren zuzendari teknikoa
María Isabel Mijares
Maria Isabel Mijares Garcia-Pelayo enologo ezaguna da azaroaren 13an Valladoliden hasiko den Ardoen eta Edari Bizien Nazioarteko Lehiaketaren (CINVE’2012) hurrengo edizioaren zuzendari teknikoetako bat.
Zergatik parte hartu nahi dute upategiek CINVEn?
Munduko ardo eta alkoholen balorazioa egiten duen nazioarteko dastatzaile talde aditu baten iritzia jasotzeko. Merkatu interesgarrietan ere susta daitezke upategiak, gainera, CINVEren bitartez.
Nazioko zein nazioarteko dastatzaileek aztertuko dituzte CINVEren laginak. Nola egiten da dastatze-panelaren hautaketa?
CINVE Lehiaketaren hasierako filosofiari erantzunda. Ardoaren barruko zein kanpoko merkataritzaren benetako aktoreek egiten dute dastatzea. Nazioarteko iritzi-buruak, nazioarteko teknikari kualifikatuak, banatzaileak, inportatzaileak, sommelierrak, kazetariak dira. Eta nazioartean ospe handia duen teknikari-enologo bat izaten dute beti buru.
Gaur egun, ardoaren munduarekin lotutako gertakari eta lehiaketa ugari daude. Zerk bereizten du CINVE gainerako nazioarteko lehiaketetatik?
Lehiaketa asko daude, baina gutxi CINVE bezala ardoak sustatzeko benetako tresna direnak eta, beraz, merkataritza babesten dutenak.
Zergatik hautatu da Valladolid CINVEren hurrengo ediziorako?
Valladolid ardogintzaren zentro neuralgiko handietako bat delako.
Zenbat sari banatuko dira?
A priori, ezin sekula jakin; sari bakoitzerako jarritako muga gainditzen duten ardoen arabera izango da, lagin-kopuruaren %30eko mugarekin. Horixe da Europar Batasunaren araua. Ardo-multzoren batean lagin bakar batek ere ez badu ezarritako maila lortzen, hutsik geratuko da.
Zein dira lehiaketaren dastatze-arauak?
Lehiaketa antolatzen duen InsocFerial enpresak eta Valladolideko Unibertsitateak bermatuko dute laginen dastatzea anonimotasun erabatekoan egitea. Ardoak 100 puntura arte baloratuko dira, eta Mahasti eta Ardoen Nazioarteko Erakundeak (OIV) eta Enologoen Nazioarteko Batasunak onartutako dastatze-fitxa bat erabiliko da. Horrez gainera, dastatzaileek PDA (Personal Digital Assistant) baten bitartez puntuatuko dute aurten. Nekazaritza eta Abeltzaintza Kontseilaritzaren mende dagoen Gaztela eta Leongo Nekazaritza Institutu Teknologikoak (ITACYL) egingo du fitxen tratamendu informatikoa.
Nolakoa da ardoen eta txakolinen Euskadiko bilakaera?
Arabar Errioxako ardoek maila bikaina dute, eta Espainiako upategi eta ardo onenen Repsol gidan duten puntuazio ona da horren isla. Txakolinak "ezezagun paregabeak” direla esan dezakegu: ardo freskoak, originalak; goxotasuna eta indarra uztartzen dituzte, eta azken bost urteotan urrats handiak egin dituzte kalitate aldetik.