Argitalpen-data: 2015/12/15
Wine Visionen antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute biltzarraz eta euskadin izandako harrera eskertu dute
William Reed Business Media-ko Edarien Dibisioko zuzendari exekutibo Andrew Reed-ek adierazi duenez, "ez dago Euskadi baino leku hoberik, gastronomia eta ardoa batzen dituen lotura estuaren garrantzia egiaztatzeko"
Azken egunotan Guggenheim Museoan eta Azkuna Zentroan gauzatu den Wine Vision Biltzarraren antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute, mundu osotik etorritako merkaturatzaileak, handizkariak nahiz inportatzaileak, marketing arloko adituak, aholkulariak, dastatzaileak, mahastizainak, ardandegi-jabeak eta ardoen online salmenta-plataformak bildu dituen topaketa honen garapenaz.
Sektorearen nazioarteko hitzordu garrantzitsu hau sortu eta antolatzen duen William Reed Business Media konpainiako Edarien Dibisioko zuzendari exekutibo Andrew Reed-ek lan-jardunaldien amaieran adierazi duenez, “oso pozik gaude ardoaren nazioarteko merkatuko giltzarrizko 200 eragile inguru biltzeko izan dugun aukera honengatik”. Reed-ek aitortu duenez, “ez dago Euskadi baino leku hoberik, gastronomia eta ardoa batzen dituen lotura estuaren garrantzia egiaztatzeko”, eta horrekin batera, nazioarteko topaketa honi “horren eskuzabaltasun handiko harrera eskaini izana eskertu” nahi izan du.
Lan-saioak amaitu ondoren –bi egunetan, hogeita hamar bat hitzaldi eta agerraldi egin dira–, biltzarreko partaideek bisita osagarrien programa bat hasi dute Donostian eta Arabako Errioxan zehar. Atzo, Gipuzkoako hiriburuan izan ziren, hiria eta Basque Culinary Center ezagutu eta San Telmo Museoan antolatutako pintxo-dastaketa batez gozatzeko.
Wine Vision-en antolaketak ardogintzarekin zerikusia duten garrantzi goreneko eragileen aukeraketa zabala ekarri du Euskadira, mundu osoko ardo-eskualderik ezagunenetako batzuen ordekariak barne hartuta (Txiletik Kaliforniaraino eta Hego Afrikatik Australiaraini), baita Europako jatorri-deiturarik ospetsuenen ordezkariak ere.
Euskadi, munduko ardo-eskualde presgitiotsuenetako bat
Wine Vision Londresen abiatu zen 2013an, eta Euskadi izan da biltzarraren aro berri hau irekitzeko aukeratu duten lekua, munduko ardo-eskualderik presgitiotsuenei sektorearen maila globaleko hitzordu garrantzitsuenetakotzat jotzen den topaketa hau antolatzeko aukera eskainiz.
Euskadi munduan kalitaterik hoberena duten ardoen ekoizlea den zonalde bat ordezkatzeko aukeratu den lehen leku izatea, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak batera egindako kudeaketaren emaitza da. Hiru erakundeak koordinatu ziren erakundeari egoitza bat eskaintzeko orduan, azkenean Arabako Errioxaren izendapenaren ospeak, Europan dagoen gastronomia unibertsitate bakarrak (Basque Culinary Center) eta Bilbo berriaren arkitekturak, bereziki, Wine Visionen bi lan egoitzek –Guggenheim Museoa, batetik, eta Azkuna Zentroa, bestetik– pizten duten interesean oinarrituta.
Euskadin antolatutako Wine Vision-en edizio hau aukera bikaina izan da bertan ekoitzitako ardoen izen ona babestu eta bultzatzeko. Mundu osoko 200 aditu eta pertsona ezagunen presentziak, bereziki kontuan izanda horietako asko sektorearen maila globaleko ospe handiko gomendio-emaileak direla, aparteko erakusleihoa eskaini die Euskadin ekoitzitako ardoei, eta nazioarteko aitorpen eta estimazio handiagoa hartzen lagunduko die, zalantza izpirik gabe, Euskadi Basque Country markako ardoei.