Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Berdindu · Sexu orientazioa · Gurasoen gida

Izan gaitezen ulerkor

Zure semearen edo alabaren homosexualitatea onartzeko eta gai horri dagokionez zeure burua hezteko denbora behar izaten da. Seme-alabek, askotan, zera nahi izaten dute, gurasoek berehala uler ditzaten, baina guraso askorentzat ezinezkoa izaten da hori. Ez jarri urduri zeure buruarekin; ez dio axola zenbat denbora behar duzun. Bene-benetan ikasi eta ulertu nahi baduzu, lortuko duzu.

Sarrera:

Maiz gurasoentzat "shock" bat izaten da semea edo alaba homosexuala dela jakitea. Aita edo ama izan, semea edo alaba eduki, aspaldian susmoa bazenuen edo erabateko ezustekoa izan bada, horrelako berri bat jasotzea kolpe handia izan daiteke.
Sentimendu gogorrak eta nahasiak etortzen zaizkigu askotan. Hasieran, baliteke gaiari buruz hitz egiten hasi eta malkotan hastea edo sutan jartzea. Familia bakoitza ezberdina da eta kasu bakoitza berezia: aita batek agian ustekabean jakin du, beste batek zuzenean esan egin diotelako edo beste batek gutun bat edo dei bat jaso duelako; semea edo alaba nerabea edo heldua izan daiteke, bere burua onartua izan dezake edo, aitzitik, erabat nahastuta egon. Gurasoak ulerkorrak izan eta entzuteko prest egon daitezke, edo hotz jokatu eta egoerarekiko urruntasunez jardun. Kasu batean edo bestean, denek izaten dituzte kezkak, baita oinarrizko galderak ere.

Lehen erreakzioak:

Zergatik esan behar izan digu?

Horren berri izan gabe zoriontsuagoak izango liratekeela uste dute guraso askok. Baina kontuan izan behar duzu zure semea edo alaba homosexuala dela ez badakizu, benetan ez duzula ezagutzen. Zure semearen edo alabaren bizitzaren zati garrantzitsu bat sekretua izango litzateke zuretzat eta ez zenuke inoiz erabat ezagutuko. Zure semeak edo alabak esan baldin badizu, zure maitasunean eta ulermenean uste osoa duelako izan da. Azken batean, zuk ez bada, nork jakin beharko luke?

Zergatik egin digu hau?

Guraso askok erresumin garratza sentitzen dute semearen edo alabaren homosexualitateari dagokionez. Sentimendu hori ideia faltsu batean oinarritzen da; hain zuzen ere, homosexuala izatea aukera eta erabaki kontzientea dela dioen ideian, eta aukera eta erabaki hori agian nahita hartu dutela pentsatzen dute, gurasoak mintzeko asmoz. Homosexualek ez dute sexu-orientazioa aukeratzen; diren bezalakoak dira eta homosexualitatea da haien berezko izaera. Bestela, gay eta lesbianek aukera bakarra dute: homosexualitatea ezkutatzea; eta hori zama astunegia izango litzateke. Zer gurasok nahiko luke semea edo alaba horrela bizitzea bizitza osoan?

Zer egin dugu gaizki?

Guraso gehienek erruduntzat hartzen dute beren burua lehen aldiz jakiten dutenean. Psikologian eta psikiatrian, urte askotan entzun izan dugu seme-alaben izaera gurasoen “errua" dela. Baina ezein gurasok ez du halako eraginik semearengan edo alabarengan. Aurrekari mota guztietako familia mota guztietan daude homosexualak; beraz, ezerk ezin du zehaztu haur baten sexu-orientazioa. Gainera, txiki-txikitan edo jaiotzetik bertatik erabakitzen dela dirudi.

Gurasoek seme-alabengatik izaten dituzten kezkak:

Baztertu egingo ote dute, lanpostua aurkitzeko edo lanpostuari eusteko arazorik izango ote du, eraso fisikorik jasango ote du?

Tamalez, baietz erantzun behar dugu; aukera hori egon badago. Semeak edo alabak non lan egitea edo bizitzea erabakitzen duen arabera, edo bizitzan nola jokatzen duen arabera aukera horiek gauzatuko dira edo ez. Dena dela, esan beharra dago homosexualitatearekiko eta homosexualekiko besteek dituzten jarrerak hobetu egin direla eta askoz ere positiboagoak direla toki askotan. Talde askok horrelako aldaketak eragiteko lan egiten dute, baita une zailak bizitzen ari direnei laguntzeko ere.

Zahartzen denean bakarrik geratuko al da familiarik osatzen ez badu?

Baliteke hori gertatzea, baina kontuan izan behar dugu gu ere egoera horretan egon gaitezkeela, benetan horrelako gauzak gertatzen ari baitira. Bikoteak urratu egiten dira, bikotekideak hil, seme-alabak urrunegi bizi dira, seme-alabarik gabeko bikoteak... Zahartzaroan bakardadeari aurre egin beharko diogunak asko gara.
Bestalde, gay eta lesbiana askok harreman egonkor eta iraunkorrak izaten dituzte eta gay-komunitateak babes handia ematen die kideei. Gay eta lesbianek, kasu askotan, odolkidetasunezko harremana izateagatik benetan senitartekoak direnak ez ezik, lagun eta adiskideak ere sartzen dituzte "familia" kontzeptupean.

Gure semea edo alaba psikiatra batengana bidali behar ote dugu, hark “senda” dezan?

Gaur egun, komunitate psikiatrikoan onartuta dago homosexualitatea ez dela gaixotasuna eta, beraz, ezin dela "sendatu". Hala ere, zenbait homosexualek ez dute beren burua homosexualtzat onartzen eta profesional baten laguntza behar izaten dute beren burua onartzeko.

Gurasoek beren buruagatik izaten dituzten kezkak:

Familiari esan beharko al zaio?

Hainbat gurasok seme-alaben homosexualitatea onartzeko oraindik ere zailtasunak izaten dituzte eta gainerako senitartekoek horren berri izateko aukerak kezka eragiten die. Ez dute jakiten zer erantzun honako galdera tipiko hauek egiten dizkietenean: “Ba al du bikotekiderik?”, "Noiz ezkondu behar du?”. Guk zera gomendatzen dugu, inori ezer esan aurretik, semeari edo alabari baimena eskatzea, bere bizitza baita eta berak erabaki behar du nork jakin dezakeen eta nork ez.
Gainera, ez duzu zertan inori esan, baldin eta gaiari buruz hitz egitean defentsan jartzeko fasea oraindik zuk zeuk ere gainditu ez baduzu. Denbora asko behar da semea edo alaba den bezala onartzen ikasteko eta zure jarrera positiboa ez bada, zorionik eza edo zalantzak baino ez dituzu transmitituko.

Zer pentsatuko dute auzokoek?

Kezka hori oso ohikoa izaten da, batik bat, komunitate txikietan bizi diren familien kasuan. Galdera horren erantzuna aurrekoaren oso antzekoa da. Zure sentimenduekiko segurtasun osoa duzunean, orduan hitz egin ahal izango duzu jende gehiagorekin semearen edo alabaren sexu-orientazioari buruz, eta informazioa emateaz gain, homosexualitatearen kontrako aurreiritziak beldurrean eta ezjakintasunean oinarritzen direla ulertzen ere lagunduko diezu.

Nola uler dezakegu hau guztia?

Agian, erantzunik onena beste guraso batzuek emango dizuete, egoera berean egon diren beste guraso batzuek, alegia:

Ama baten historia:
"Guk hiru seme-alaba ditugu eta bi homosexualak dira. Zaharrenak 18 urte zituenean gay zela esan zigun. Senarraren erantzuna oso sinplea izan zen: Ziur al zaude?" Nik, bestalde, errudun izatearen eta porrot egitearen sentimendu bizia izan nuen eta zertan huts egin ote genuen galdetzen nion neure buruari. Gure familia beti egon izan da elkartuta eta gure semearekiko harremana hondatzeko beldur nintzen, homosexuala izateagatik. Gure kezka nagusia semea zoriontsu izatea zen, baita haren etorkizuna ere. Handik gutxira, gure semea oraindik ere betiko semea zela konturatu nintzen eta, orain, hobeto ezagutzen nuela ulertu nuen. Aurrerago, Gay eta lesbianen Guraso Taldearen berri eman zigun berak. Harrezkero, ez nuen nire burua bakarrik ikusi eta erantzun eta informazio ugari lortu nituen. Etapa latza izan zen, baina baita oso positiboa ere, eta denbora eta pazientzia handia behar izan genuen. Zorionez, gaur egun, gure familia elkartuta dagoela esan dezaket, beti bezala, baina gure arteko harremana lehen baino zintzoagoa eta irekiagoa da".

Aita baten historia:
Zer sentitu nuen alaba lesbiana zela jakin nuenean? Zaila da esatea. Sentimenduak nahasi zitzaizkidan. Nire lehen pentsamendua zera izan zen, bizimodu zaila izango zuela alabak. Bera ezberdina da eta, beraz, ezberdina izatearen ondorioak pairatu beharko ditu (susmo txarrak, beldurrak, gaitzespena “gizarte normala” esaten zaion —oker esan ere— gizartearen aldetik). Alabari etiketa bat jarriko diote: "Arriskua. Kutsakorra, ez hurbildu". Horren ondorioz tristatu egin nintzen, gero haserretu eta, azkenik, alaba babesteko premia sentitu nuen. Nola lagun diezaioket? Homosexualitateari buruz gauza gehiago ikastea erabaki nuen. Nola sortzen da? Sendatu ote daiteke? Aurrerago, lehen galderak erantzunik ez duela jakin nuen eta bigarren galdera ez dela logikoa, homosexualitatea ez delako gaixotasuna. Gaiari buruz asko irakurri nuen eta horrek nahastu egin ninduen. Hainbat autoreren iritziak kontrajarriak ziren eta euren esperientzietan edo frogatu nahi zituzten ideietan oinarritzen ziren. Alabak berak eraman gintuen Gay eta lesbianen Gurasoen Elkartera eta han konturatu nintzen ez nengoela bakarrik. Nik sentitzen nuen errua eta behar adina egin ez izanaren sentimendua beste askok ere sentitzen dute. Emazteak eta biok asko ikasi dugu alabaren sexu-orientazioari buruz eta harengandik hurbilago sentitzen gara. Hau guztia gertatu aurretik, batzuetan urrun sentitzen genuen, baita zoritxarreko eta urduri ere, gurekiko. Orain gauzak bestelakoak dira. Xehetasunak ematen jarrai nezakeen, baina alabak esandako esaldi batek ederki laburbiltzen du bizi izandako guztia: "Aita, sekula ez naiz orain bezain zoriontsu eta lasai egon, zuek badakizuelako eta ulertzen nauzuelako".

Egoera onartu dugu, baina semeak edo alabak zergatik adierazi behar du uneoro homosexual dela?

Askotan, semearen edo alabaren homosexualitatea onartu duten guraso asko kexu dira haren portaera irekia dela-eta. Sexu bereko pertsonekiko erakarpena jendearen aurrean agertzen dutenean deseroso sentitzen dira. Gure heziketaren ondorio da hori guztia; sexuak modu batekoa izan behar duela erakutsi digute eta horregatik gertatzen da hori. Nolanahi ere, gure ustez heterosexualek jendaurrean libreki adieraz badezakete maitasuna, zergatik ez homosexualek? Aitzitik, sexu-portaerari dagokionez, gauza pribatua dela uste badugu, pribatutasun hori bi kasuetan aplikatu beharko dugu.

Guztion intereseko galderak:

Homosexualitatea antinaturala al da?

Homosexualitatea ez da antinaturala, naturan bertan bai baitago. Pertsona batentzat heterosexuala izatea beste batentzat homosexuala izatea bezain naturala da.
Ez dakigu pertsonak zergatik diren homosexualak, baina jakin badakigu homosexualak beti izan direla, gizakia gizaki denetik, eta beti izango direla.
Biztanleriaren % 10 gay edo lesbiana dela esaten da, hau da, lau familia bakoitzetik pertsona bat. Horientzat guztientzat, homosexualitatea izaera naturala da. Beste modu batera joka dezaten eskatzea portaera antinaturala eskatzea da.

Eta HIESari dagokionez?

HIESa ez da gayen gaixotasuna. Lesbianen kolektiboan, esaterako, oso eragin txikia du. HIESa modu askotara kutsatzen da, ez soilik sexuaren bitartez. Afrikan, adibidez, HIESa duten gaixo gehienak heterosexualak dira eta AEBetan, hasieran, gizon homosexualen artean zabaldu zen (ez dakigu zergatik). Azkenaldiko azterlanen arabera, gaixotasuna maila berean kutsatzen da heterosexualen eta homosexualen artean.
HIESa ez da lotsatzeko kontua. HIESa izateak ez du esan nahi promiskuoak izan garenik, eta kutsatu izanak ez du inolako zerikusirik pertsona zintzoa edo gaiztoa izatearekin. Pertsona bat nola kutsatu den jakitea baino, pertsona hori gaixo dagoela eta laguntza behar duela jakitea da garrantzitsuena.
HIESaz gaixotzea ez da erraza. Orain arte ezagutzen ditugun eta aipatu ditugun moduak alde batera utzita, HIESa beste modu batera kutsatzen dela adierazten duen frogarik ez dago; beraz, HIESa duen pertsona batekin kontaktuan egon gaitezke, inolako beldurrik gabe.
Bukatzeko, guraso batek HIESari aurre nola egingo dion gaixoaren araberakoa izango da; batzuek jendeari esan nahi izango diote eta beste batzuek, aldiz, isilpean gorde nahi izango dute. Hainbat gaixok gurasoen ondoan egon nahi izango du; beste batzuek ez. Batzuek gaiari buruz hitz egin nahi izango dute; beste batzuek ere.
Ez ahaztu HIESa dutenek maitasuna behar dutela eta zaindu egin behar direla; zure babesa eta maitasuna adieraztea oso garrantzitsua da, inoiz ez bezala.

Argitalpen hau PFLAG Gay eta Lesbianen Guraso eta Lagunen Elkarteak argitaratutako "Can We Understand?" gidaliburuaren egokitzapena da.

Azken eguneratzea: 2012/07/23