Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Berdindu · Sexu orientazioa · Bisexualitatea

Bisexualitatea

Bisexualitatea sexu-orientazio kontzeptu generikoan sartuta dago, homosexualitatea eta heterosexualitatea bezalaxe. Pertsona batek beste batez senti dezakeen erakarpen emozionala, fisikoa eta/edo sexuala hartzen dugu sexu-orientaziotzat. Horrela, beraz, pertsona batek bi sexuengan sentitzen duen erakarpena izango litzateke bisexualitatea. Orientazio hori iraunkorra da, bi sexuekiko harremanak aldi jakin batera muga badaitezke ere. Gizonak zein emakumeak izan daitezke bisexualak.

Gaur egun, sexologo askoren ustez, heterosexualitatea eta homosexualitatea bezain benetakoa da bisexualitatea. Nolanahi ere, onartu beharra dago bisexualitateari buruzko azterlan gutxi daudela, eta bisexualitatearen deskribapenak generalizazioetan eta hurbilketetan oinarrituta daudela neurri handi batean.

XX. mendearen erdialdean, Alfred Kinsey-ri eta hark sexualitateari buruz egin zuen txostenari esker (zientzia-azterlan hori Sexual Behavior in the Human Male (1948) eta Sexual Behavior in the Human Female (1953) liburuetan argitaratu zen), agerian geratu zen gizakiaren sexualitatearen konplexutasun eta aniztasun handia. Ikerketa hori egiteko, sexu-praktikei buruzko elkarrizketa bat egin zitzaien 20.000 gizon eta emakumeri baino gehiagori. Azterlan horren ondorioek eragin handia izan zuten ordura arte nagusi izan zen sexualitatearen ikuspegian. Izan ere, homosexualitatearen eta heterosexualitatearen arteko dikotomia lehertu egin zen, eta bien artean aniztasun handia zegoela ikusi zen. Era horretan, hobeto islatu zen sexu-errealitatea.

Bisexualitatea garai guztietan eta kultura guztietan agertu bada ere, ez da onartutako errealitatea izan, beharbada sexualitatearen esparruan nagusi ziren kategorizazio absolutuak eta dikotomikoak apurtu eta bitarteko esparru batzuk zabaltzen zituelako. Gaur egun ere, jende askok heterosexualitate/homosexualitate dualtasunari helduta jarraitzen du, eta bisexualitaterik ez dagoela uste du. Horientzat, egoera iragankor bat edota sexu-zehaztugabetasuneko egoera bat da bisexualitatea. Bisexual askok, berriz, ez dute sentitzen heterosexual edo homosexual gisa definitzeko beharrik.

Beraz, bisexualitateak oraindik ez du bere lekua sexualitateari lotutako imaginario kolektiboan. Gaur egun oraindik badirauen linbo edo zehaztugabetasun antzeko batean zokoratuta egon da beti, eta aurre egin behar zaio horri. Horregatik, ikusezintasuna etorkizunerako erronka garrantzitsua da maila horretan. Eta hauxe da irailaren 23an izango den Bisexualitatearen Nazioarteko Egunaren bidez lortu nahi den helburua: komunitate bisexuala ikusaraztea eta bifobia desagerraraztea.

Bifobia

"Bifobiatzat" jotzen dugu pertsona bisexualei, bisexualitateari, edota horien adierazpenei higuin, arbuio edo beldur patologiko eta irrazionala izatea. Kontzeptu hori berri samarra da, duela oso gutxi arte bisexualitateak ez baitzuen gaur egun duen garrantzia eta irudikapen publikoa. Horrenbestez, gaur egun kolektibo hori hein handiagoan ikusarazita dagoenez, zenbait pertsona bisexualitateari arbuioa diotela erakusten hasi dira.

Zegokion atalean agertu genuen bezala, aztergai dugun esparruan okerren ulerturiko terminoen artean dago beharbada “bisexualitatea”, eta, ondorioz, hainbat eremutatik datozen gaitzespen-erreakzioak –askotarikoak– sortzen ditu horrek.

Ildo horretatik, klasikoa da bisexualitateari hainbat estereotipo bifobiko ematea, hala nola promiskuitatea, poligamia, bikote-trukea edota zehaztuta ez egotea eta nahaste pertsonala izatea. Zenbait kasutan, komunitate heterosexualean nahiz LGBT komunitatean sexu-infekzioak transmititu izana leporatu ohi zaie pertsona bisexualei. Estereotipoak alde batera utzita, bisexualitateak izan dituen (eta oraindik badituen) gaitzespen-adierazpenak askotarikoak dira. Batzuetan, bisexualitatea existitzen ez dela esan ohi da, eta bifobiaren adierazpen hori, beharbada hain gogorra ez bada ere, erabat hedatuta dago; hori horrela izanik, pertsona bisexualek askotan heterosexual nahiz homosexual batzuen arbuioa jasan behar dutela ikus dezakegu. Bisexualak arbuiatzen dituzten heterosexualen kasuan, homofobian oinarritutako estereotipoak jarri ohi dizkiote bisexualitateari, eta bisexualak arbuiatzen dituzten homosexualen kasuan, ostera, zera leporatzen diete, beren homosexualitatea onartu nahi ez dutela eta homosexualitatearekin loturiko estigma saihesten dutela. Ikuspuntu horretatik, bisexualek ezkutuan jarrera homofobikoak gizartean mantentzen laguntzen dutela pentsatzen dute homosexual horiek.

Arazo horren arrazoietako bat, agian, zera da, gizakia ez dela heterosexismoaz edota “homosexualitate/heterosexualitate” dikotomiaz gaindiko ezer ere onartzeko gai. Pertsona jakin bat bi sexuek erakartzen duten kasuak benetakoak dira, eta esperientzia hori kontraesanean dago arestian adierazitako ikuspegiarekin, gatazka sortzen du, eta horrek aniztasun zabalerako atea ixten du. Akaso, eskema pertsonalak berrikustea litzateke aukera zuzenagoa, baina, aldi berean, korapilatsuagoa ere bai. Errazagoa da ezagutzen ez ditugun, eta honenbestez, ondoeza eragiten diguten gauza guztiak ukatzea eta erasotzea. Bifobia, hain zuzen ere, printzipio orokor horren adierazpenetako beste bat baino ez litzateke.

Azken eguneratzea: 2012/07/18