Berdindu · Genero-identitatea · Intersexualitatea
Intersexualitatearen barnean egoera jakin batzuk hartzen dira, garai batean hermafroditismoa izenarekin ezagutzen zirenak. Jaiotzean pertsona baten genitalak nola dauden, hori da kontua; izan ere, zenbait egoeratan, genitalen itxuraren arabera ezin dugu ebatzi haurtxoa zer sexutakoa den. Intersexualitate-egoerak askotarikoak dira.
Egoera larrienetan, biztanleriaren % 0,018ari eragiten dio, eta, egoera arinenak erantsita, jaiotako guztien % 1ean du eragina. Kasu guztietan jaiotzetiko egoerak dira, eta horrek esan nahi du ez direla pertsonak bere borondatez sortutako egoerak. Genero-identitateak edo sexu-identitateak ez du genitalekin zerikusirik. Zenbait emakume zakila dutela jaiotzen dira, eta zenbait gizon, berriz, bagina dutela. Helduarora iristean, aldiz, beren gorputzak berresleitu egiten dituzte beren identitatearen arabera. Genitalek ez dute gure sexu-identitateari buruzko informaziorik ematen. Edozein transexual dugu horren adierazgarri. Halaber, kontrako zentzuan bada ere, genital “zehaztugabe” batzuekin jaiotzeak ez dakar inolako sexu-identitate “zehaztugabe” edo “bitartekorik”. Ez dugu hori, izatekotan ere, “intergenero-identitate” izendatu beharko genukeenarekin nahastu behar, ezta besteek nahasten utzi ere. Izan ere, intersexualitatea zerbait biologikoa da, sortzetikoa, eta ez dator bat gorputza aktibismo pertsonalaren adierazgarri gisa erabil lezakeen ezein aktibismo politikorekin edota jarrera filosofikorekin. Intersexualitate batekin jaiotako haurtxoen genitaletan kirurgiarik egiteari edo ez egiteari buruzko eztabaida, edo zein kasutan bai eta zein kasutan ez, urteetako lanaren emaitza izan zen “Consensus Statment on Management of Intersex Disorders” agiriarekin amaitu zen. Agiri hori hainbat aktibista intersexualek elkarlanean idatzi zuten eta Pediatrics aldizkarian argitaratu zen 2006an.
Ebakuntzak ez dira kosmetika soilez egiten. Esaterako, anbiguotasun genitalarekin jaiotako haurtxo baten iztai-barrabilak jaisteko bitartekorik jartzen ez badugu, oso litekeena da barrabil horiek hondatzea, eta haurtxo hori pubertasunean sexualki heltzeko arazoak edukitzea, etorkizuneko bizi-kalitatea kaltetuta (libidoa murriztea, osteoporosi goiztiarra, prostata-minbizia, eta abar). Intersexualitatea erabiltzea “sexualitatearen izaera ez dela dikotomikoa” adierazteko, eztabaidagarria da etikoki, eta onartezina zientziaren ikuspegitik.
Anne Fausto-Sterlingek “Sexuatutako gorputzak” izeneko liburua egin du intersexualitate batekin jaiotako pertsonen eguneroko bizitzari buruz, eta 1950etik 2000ra bitartean intersexualitate batekin jaiotako pertsonei buruz argitaratutako ikerketak aztertu ditu bertan; honako bi ondorio hauek jaso ditu:
- Intersexualitate batekin jaiotako pertsonak primeran egokitu ziren beren egoerara, eta sexu- eta afektibitate-harreman egokiak eta zoriontsuak zituzten.
- Azterketa horretan jasotako 83 pertsonen % 86 gustura zegoen jaiotzean esleitutako sexuarekin. % 14k berresleipen bat eskatu zuen. Inork ere ez zuen esan (% 0) gizon edo emakume sentitzen ez zenik.
Datuek aditzera ematen dutenez, gizakia, berez, oso dikotomizatua dago. [Gabriel J. Martínek idatzitako "Manifiesto por una intersexualidad saludable" manifestutik hartutako informazioa da (Martín LGBT ekintzailea da, 46XY motako intersexualitate batekin jaio zena. Haren kanpo-genitalek itxura femeninoa zuten hasiera batean, baina pubertarora iristean, maskulino bihurtu ziren; ordura arte, ordea, neska bat balitz bezala hezi zuten). (Honako honetan argitaratua: "Gehitu magazine”, 64. zenbakia, 10. orria http://doc.gehitu.org/magazine/Gehitu%20Magazine%2064.pdf)]