Tabakoa erretzeari uzteko farmakoak

- Ke txarrak STOP! Nikotina bidezko terapia ordeztailea
- Ke txarrak STOP! (Zitisiniklina, Todacitan® edo Recigarum®)
- Ke txarrak stop! (Bupropion Zyntabac®)
- Ke txarrak stop! Bareniklina
Ke txarrak STOP!
Osasuna hobetu nahi duzu? Erretzeari uztea baino gauza hoberik ez dago.
Badituzu botikak horretan laguntzeko. Erretzeko grina gutxitzen dute eta abstinentzia arindu. Halere, zuk erabakia hartzea eta ahalegina egitea da garrantzitsuena. Aholkularitza eta laguntza izateak erretzeari uzteko aukera handitzen du, kontsulta ezazu zure osasun arloko profesionalarekin!
NIKOTINA BIDEZKO TERAPIA ORDEZTAILEA duzu horietako bat. Terapia honetan nikotina ematen da txaplaten, ahoko espraien, txupatzeko konprimatuen edo txikleen bidez.
- Txaplatak nikotina dosi konstante bat ematen du.
- Espraiak, txupatzeko konprimatuak edo txikleak erabiltzen diren bakoitzean nikotina ematen dute.
Hasieran erabilitako dosia zure nikotinarekiko dependentziaren arabekoa izango da. Dosia jaisten joango da era mailakatuan, medikamentua guztiz kentzea lortu arte. Tratamenduaren iraupena 3 hilabete ingurukoa izaten da, baina epea pertsona bakoitzaren erantzunaren arabera alda daiteke. 6-9 hilabete baino gehiago badaramazu tratamenduan, kontsultatu zure osasun arloko profesionalarekin.
Nola erabili behar dira?
Nikotina-txaplata:
Erretzeari uzten diozun egunetik erabiltzen da. Larruazala lehor dagoen, lesiorik ez duen eta ile gutxi duen eremu batean jartzen da, gorputz-enborraren edozein eremutan, besoaren goiko aldean edo aldakan; egun batzuk igarotzen utzi behar dira, eremu bera berriro erabiltzeko. Txaplatarekin dutxatu edo bainatu zaitezke. Bi txaplata mota daude, iraupenaren arabera:
- 24 ordukoa. Egunero aurreko txaplata kendu, eta berria jarri behar da.
- 16 ordukoa. Jaikitzean jarri eta oheratzean kendu egin behar da.
Ahoko espraia, txupatzeko konprimatuak eta txikle sendagarriak:
Pixkanaka-pixkanaka erretzeari uzteko erabiltzen dira. Zigarroak botikekin ordezten dira, tabakoa erabat kendu arte. Hori gertatzen denean medikazioarekin bakarrik jarraitzen da. Ez da elikagairik ez edaririk kontsumitu behar erabiltzen diren bitartean.
- Ahoko espraia:ahoa ihinztatu behar da, behin bakarrik sakatuta ihinztagailua. Minutu batzuk pasata grina ezin bada kontrolatu, berriro sakatu behar da; gehienez bi aldiz sakatu daiteke aldi berean, edo 4 ordubetean.
- Txupatzeko konprimatuak eta txikleak: poliki-poliki txupatu edo mastekatu behar dira, zaporea bizitu arte; orduan, aho-masailaren eta hortzoiaren artean ipini behar dira. Zaporea gutxitzean, berriro txupatu edo mastekatu behar dira zaporea berriz ere bizitu arte, eta aho-masailaren eta hortzoiaren artean ipini behar dira ostera.
Zalantzarik baduzu, erabilera-orria kontsulta dezakezu.
Terapia hau helduentzat da egokia. Egoera batzuetan, zure osasunprofesionalak baloratu egin beharko du erabilera: duela gutxi izandako miokardio-infartua edo iktusa, bularreko angina, bihotzeko arritmia larriak, kontrolatu gabeko hipertentsioa, nerabezaroa, haurdunaldia eta edoskitzaroa.
Honako kasu hauetan kontuz ibiltzea gomendatzen da: diabetesa, epilepsia, giltzurrunetako edo gibeleko gutxiegitasun larria, kontrolatu gabeko hipertiroidismoa, feokromozitoma, esofagitisa edo urdaileko ultzera, erreakzio alergikoen aurrekariak (hantura eragiten dutenak ezpainetan, aurpegian eta eztarrian edo narritadura eragiten dutenak larruazalean). Medikamentu horiek haurren helmenetik kanpo gorde behar dira, toxikotasun larria eta heriotza eragin baititzakete.
Oro har, ondo onartzen dira. Kontrako erreakzio ohikoenak hauek dira: goragaleak eta gorakoak, buruko mina, zorabioak, insomnioa, larruazalaren narritadura, etab. Txikleek, konprimatuek eta espraiek hortzetako molestiak, lehortasuna, ahoko zapore txarra eta zotina ere eragin dezakete, besteak beste.
Medikamentu horiek farmazian eros daitezke, medikuaren errezetarik gabe.
Ke txarrak STOP!
Osasuna hobetu nahi duzu? Ez dago ezer hoberik erretzeari uztea baino!
Badituzu botikak horretan laguntzeko. Erretzeko grina gutxitzen dute eta abstinentzia arindu. Halere, zuk erabakia hartzea eta ahalegina egitea da garrantzitsuena. Osasun arloko profesional batek eskainiko dizkizu botika horiek, eta zure tratamenduaren jarraipena egingo du.
Zitisiniklina (Todacitan® edo Recigarum®) duzu horietako bat.
Nola hartu behar da?
Aho bidez hartzen da, baso bat urekin, taulan adierazitako jarraibidearen arabera. Tratamenduak 25 egun irauten du, eta, horretarako, medikamentuaren kutxa bat (100 konprimatu) nahiko da.
Erretzeari utzi behar diozu tratamendua hasi eta 5. egunerako, asko jota. Erretzen jarraitzeak edo nikotinadun produktuak erabiltzeak kontrako efektuak areagotu ditzake.
Erretzeari uztea lortzen ez bada, tratamendua eten egin behar da. Jende asko behin baino gehiagotan saiatzen da, lortu arte. Tratamenduari berriro ekin ahal izango zaio 2 edo 3 hilabete igaro ondoren.
Ahaztuz gero, ez bikoiztu hurrengo dosia.
Hemen aholku gehiago: Gida praktikoa tabakoa eta horrekin lotutako produktuak kontsumitzeari uzteko 
Zitisiniklina (Todacitan® edo Recigarum®)
Ez hasi botika hau hartzen, baldin eta…
- osagairen bati alergia badiozu.
- bihotzeko arazoak badituzu (angina ezegonkorra, duela gutxi izandako infartua, arritmiak).
- duela gutxi istripu zerebrobaskularra izan baduzu.
- haurdun bazaude edo bularra ematen ari bazara.
- tuberkulosiaren aurkako tratamendua hartzen ari bazara.
Egoera batzuetan, zure osasun arloko profesionalak baloratuko du har dezakezun ala ez, adibidez: hipertentsioa, ateroesklerosia, ultzera gastrikoa, hipertiroidismoa, diabetesa, eskizofrenia...
Ez dago gomendatuta:
- 18 urtetik beherakoa edo 65 urtetik gorakoa bazara.
- Gibel- edo giltzurrun-gutxiegitasuna baduzu.
Tratamentuan zehar kontuan hartzeko gomendioak:
- Kontsultatu zure osasun arloko profesionalari portaera-alteraziorik, suizidio-ideiarik edo depresio-sintomarik izanez gero.
- Metodo antikontzeptibo eraginkorrak erabili ugaltzeko adinean dagoen emakumea bazara. Eta antisorgailu hormonalak erabiltzen badituzu, barrera-metodo bat gehitu beharko duzu, hala nola preserbatiboak.
Gogoratu:
Sendagai honek ondorio kaltegarriak eragin ditzake, oro har tratamenduaren hasieran agertzen direnak eta denborarekin gutxitzen direnak. Hauek dira ohikoenak:
- ondoez gastrointestinala
- aho lehorra eta dastamenaren alterazioa
- jateko gogoan aldaketak eta pisua handitzea
- zorabioak, zefaleak, nekea eta mialgia
- takikardia eta hipertentsioa
- larruazaleko erupzioa
Gainera:
Farmakoaren finantzaketaz balia zaitezke 18 urtetik gorakoa bazara, tabakismoa tratatzeko laguntza-programa baten barruan bazaude (banaka edo taldean), egunean 10 zigarro edo gehiago erretzen badituzu eta mendekotasun handia baduzu (zure osasun arloko profesionalak neurtuko du).
Beste medikamentu batzuekin bezala, dagokizun zenbatekoa ordainduko duzu. Urteko saiakera bat finantzatzen da.
Ke txarrak stop! (Bupropion Zyntabac®)
Osasuna hobetu nahi? Utzi erretzeari; ez dago ezer hoberik
Badituzu botikak horretan laguntzeko. Erretzeko grina gutxitzen dute eta abstinentzia arindu. Halere, zuk erabakia hartzea eta ahalegina egitea da garrantzitsuena. Osasuneko profesional batek eskainiko dizkizu botika horiek, eta zure tratamenduaren jarraipena egingo du.
Bupropion (Zyntabac®) duzu horietako bat.
Nola hartu behar da?
-
Erretzeari uzteko jarritako eguna baino astebete edo bi aste lehenago hasi behar duzu hartzen.
-
Pilulak osorik hartu behar dituzu, hutsik edo jakiren batekin batera. Aurreneko sei egunetan, egunean bat, eta zazpigarren egunetik aurrera, egunean bitan (gutxienez 8 orduko tartea utzi batetik bestera). Saiatu ez hartzen lotaratzeko garaian, insomniorik eragin ez diezazun.
-
Dosiren bat ahaztu baduzu, utzi hartu gabe, eta hartu hurrengoa, betiko orduan. Ez bikoiztu dosia, ahaztu duzuna konpentsatu nahian.
Tratamendua 7-9 astekoa izango da. Hilero aginduko dizute botika, kaxa bat aldiro, eta tratamendu jarraipena egingo zaizu.

Zure osasun-profesionalak ebaluatuko du ea medikamentu hau har dezakezun, baldin eta…
- 18 urtetik beherakoa bazara, haurdun edo edoskitzaroan bazaude, epileptikoa bazara edo konbultsioak izan badituzu, giltzurruneko arazoak edo arazo kardiobaskularrak badituzu, edo arazo psikiatrikoen aurrekariak.
Utzi hartzeari eta osasun-profesionalari galdetu, baldin eta...
-
Krisi epileptikoak hasi bazaizkizu, infartuaren edo iktusaren sintomak badituzu, asaldatuta bazabiltza, zure buruaz beste egiteko gogoa etorri bazaizu edo depresio-sintomak badituzu, aurpegia, mingaina eta ezpainak handitu bazaizkizu edo azalean erupzioak badituzu.
Baliteke dosia egokitu beharra izatea, baldin eta…
-
Goragalea, buruko mina, nasofaringitisa baduzu, edo loa aztoratu bazaizu edo bestelako sintomaren agertu bazaizu. Kontsultatu.
Gogoan izan...
-
Baliteke botika honek zorabioak eta logura sortzea, eta gidatzeko edo makineria konplexua maneiatzeko moduan ez egotea. Garrantzitsua duzu osasuneko profesionalari jakinaraztea baldin eta beste tratamenduren bat ere hartzen ari bazara, baita elikadurako osagarriak edo sendabelarrak badira ere.
Gainera… baliteke botika finantzatzeko aukera izatea, 18 urtetik gorakoa bazara eta…
-
Tabakismoaren kontrako edo tabakoarekiko ohitura eteteko programa batean bazaude (bakarrik edo talderen batean). Egunean 10 zigarro baino gehiago erretzen baduzu. Mendekotasun maila jakin bat baduzu (osasun-profesionalak neurtuko dizu hori). Beste botiken kasuan bezalaxe, dagokizuna ordaindu beharko duzu. Urtean ahalegin bat finantzatzen da.
Ke txarrak stop! Bareniklina
Osasuna hobetu nahi? Utzi erretzeari; ez dago ezer hoberik
Badituzu botikak horretan laguntzeko. Erretzeko grina gutxitzen dute eta abstinentzia arindu. Halere, zuk erabakia hartzea eta ahalegina egitea da garrantzitsuena. Osasuneko profesional batek eskainiko dizkizu botika horiek, eta zure tratamenduaren jarraipena egingo du.
Barenkilina duzu horietako bat.
Nola hartu behar da?
- Erretzeari uzteko jarritako eguna baino astebete edo bi aste lehenago hasi behar duzu hartzen.
- Pilulak osorik hartu behar dira, uraz bultzatuta eta estomagoa beterik duzula.
- Dosiren bat ahaztu bazaizu, hartu ahal bezain azkar, beti ere hurrengo dosia hartzeko 4 ordu baino gehiago falta badira. Ez bikoiztu dosia, ahaztu duzuna konpentsatu nahian.
- Pilulak zuriak 0,5 mg-koak dira eta pilula urdinak 1 mg-koak.
Tratamendua 12 astekoa izango da. Hilero aginduko dizute botika, kaxa bat aldiro eta tratamendu jarraipena egingo zaizu.

Zure osasun-profesionalak ebaluatuko du ea medikamentu hau har dezakezun, baldin eta…
- 18 urtetik beherakoa bazara, haurdun edo edoskitzaroan bazaude, epileptikoa bazara edo konbultsioak izan badituzu, giltzurruneko arazoak edo arazo kardiobaskularrak badituzu, edo arazo psikiatrikoen aurrekariak.
Utzi hartzeari eta osasun-profesionalari galdetu, baldin eta...
-
Krisi epileptikoak hasi bazaizkizu, infartuaren edo iktusaren sintomak badituzu, asaldatuta bazabiltza, zure buruaz beste egiteko gogoa etorri bazaizu edo depresio-sintomak badituzu, aurpegia, mingaina eta ezpainak handitu bazaizkizu edo azalean erupzioak badituzu.
Baliteke dosia egokitu beharra izatea, baldin eta…
-
Goragalea, buruko mina, nasofaringitisa baduzu, edo loa aztoratu bazaizu edo bestelako sintomaren agertu bazaizu. Kontsultatu.
Gogoan izan...
-
Baliteke botika honek zorabioak eta logura sortzea, eta gidatzeko edo makineria konplexua maneiatzeko moduan ez egotea. Garrantzitsua duzu osasuneko profesionalari jakinaraztea baldin eta beste tratamenduren bat ere hartzen ari bazara, baita elikadurako osagarriak edo sendabelarrak badira ere.
Gainera… baliteke botika finantzatzeko aukera izatea, 18 urtetik gorakoa bazara eta…
-
Tabakismoaren kontrako edo tabakoarekiko ohitura eteteko programa batean bazaude (bakarrik edo talderen batean). Egunean 10 zigarro baino gehiago erretzen baduzu. Mendekotasun maila jakin bat baduzu (osasun-profesionalak neurtuko dizu hori). Beste botiken kasuan bezalaxe, dagokizuna ordaindu beharko duzu. Urtean ahalegin bat finantzatzen da.
Azken aldaketako data:




