Soldata-arrakalari buruzko nazioarteko V. Kongresua

Datorren 2026ko irailaren 23an Soldata Arrakalari buruzko Nazioarteko V. Kongresua egingo dugu Barakaldon. Topaketa horrek Euskadik emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorrarekin duen konpromiso irmoa islatzen du. Ezinbesteko konpromisoa da, ordainsarien arloko desberdintasunak gure gizarteek oraindik konpontzeke dituzten erronka handienetako bat izaten jarraitzen baitu.
Soldata-arrakala ez da zenbaki hutsa. Datu horren atzean, emakumeek eta gizonek gizartean eta, bereziki, lan-merkatuan betetzen dituzten posizio desberdinak daude. Errealitate hori azaltzen duten faktoreen artean daude nahi gabeko lanaldi partzialaren tasa handiagoak; emakumeak ekonomikoki eta sozialki gutxiago baloratutako sektoreetan pilatzen dituen lanbide-segregazio iraunkorra; lana, bizitza pertsonala eta familia-bizitza uztartzeko zailtasunak; eta tradizioz gizonekin lotu izan diren zenbait lanbide eta gaitasuni aitortza eta ordainsari handiagoa ematen jarraitzen duen enpresa-kultura.
Hala ere, datu berrienek bilakaera positiboa erakusten dute: soldata-arrakala murrizten ari da. Aurrerapen hori ez da kasualitatearen ondorio, baizik eta politika publiko irmoen eraginaren emaitza; denboran iraunkorrak izan diren eta gizarte- eta ekonomia-eragileen inplikazioarekin eraiki diren politiken emaitza, hain zuzen ere. Politika horiek eraginkorrak direla frogatu dute, eta horietan sakontzen jarraitu behar dugu.
Kongresuan, halaber, Soldata Arrakalaren aurkako III. Plan Operatiboa jendaurrean aurkeztuko da. Plana 2030era arte egongo da indarrean, eta urte horretan osorik ebaluatu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzak 2018az geroztik sustatutako Soldata Arrakalaren aurkako Euskal Estrategiaren emaitzak.
II. Plan Operatiboaren ebaluazioak berresten du Estrategia tresna erabilgarria eta eraginkorra izan dela emakumeen eta gizonen arteko soldata-desberdintasunak murrizteko bidean aurrera egiteko, ordainsari-berdintasunaren arloan gero eta sendoagoa den Estatuko arau-esparruarekin batera. Hala ere, hausnarketa sakona eskatzen duten zenbait datu ere agerian uzten ditu. Horien artean nabarmentzekoa da 25 urtetik beherako gazteen artean soldata-arrakalak gora egin izana. Errealitate hori, besteak beste, lanbide teknologikoetan eta zientifiko-teknikoetan emakumeek duten presentzia urriari lotuta egon daiteke. Ordezkaritza txiki horrek soldata-baldintza hobeak eta lanbidean garatzeko aukera handiagoak dituzten lanpostu batzuetara iristea mugatzen die, lanbide-segregazioa betikotuz eta ordainsarien arloko desberdintasunak areagotuz.
Oraindik bide luzea dago egiteko. Egiturazko desberdintasunek bere horretan diraute, oso errotuta dauden genero-estereotipoek eta zaintza-erantzukizunen banaketa desorekatuak elikatuta. Banaketa horrek emakume askoren lanbide-ibilbideak baldintzatzen eta zigortzen jarraitzen du. Era berean, bereziki kezkagarria da soldata-arrakala badagoela zalantzan jartzen edo haren garrantzia gutxiesten duten diskurtsoak berriz agertzea. Planteamendu horiek datuek sobera egiaztatutako errealitate bati ezikusia egiten diote, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan lortutako aurrerapenak moteltzeko edo, are, atzera botatzeko arriskua dakarte.
Horregatik guztiagatik, Soldata Arrakalari buruzko Nazioarteko V. Kongresua hausnarketarako, elkarrizketarako eta elkarlanean eraikitzeko gune gisa planteatzen da. Ezagutza partekatzeko, ebidentziak aztertzeko eta proposamen handinahi baina errealistak biltzeko tokia izango da, Soldata Arrakalaren aurkako Euskal Estrategia sendotzen jarraitzeko eta ordainsari-berdintasun eraginkorrerantz urrats sendoz aurrera egiteko.
Izan ere, soldata-berdintasuna lortzea ez da soilik emakumeentzako justizia-kontua; gizarte kohesionatuagoa, oparoagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko ezinbesteko baldintza ere bada. Eta helburu partekatu honetan, ekarpenak egitea, elkarlanean aritzea eta indarrak batzea berdintzeko modu bat ere badelako.
Mikel Torres Lorenzo
Lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua
Euskadik 2026an onartu du Soldata Berdintasunerako Estrategiaren III. Plan Operatiboa. Planaren helburua da 2030erako soldata-arrakala txikiena duten Europako herrialdeen artean kokatzea. Estrategia aplikatu den zortzi urte hauetan egiaztatu dugu soldata-arrakala nabarmen murriztu dela: 2016an % 24 ingurukoa zen, eta 2023an, berriz, % 12koa.
Hobekuntza horrek, ordea, ez du esan nahi arazoa gainditu denik. III. Plan Operatiboari ekiteko egindako diagnostikoak erakusten du desberdintasunek hainbat esparrutan bere horretan jarraitzen dutela: lanaldi partzialen eraginean; sexuaren araberako lan-segregazioan; emakumeek egiten duten lanaren balorazio sozial eta ekonomiko txikiagoan; eta zaintza-erantzukizunen banaketa desorekatuan, horrek emakumeen lan-ibilbideetan dakarren penalizazioarekin batera.
Beraz, gure gizarteko eragile politiko, sozial eta sindikal guztien inplikazioa eskatzen duen erronka baten aurrean gaude. Emakumeek eta gizonek erabakiak hartzeko eremuetan presentzia orekatua izatea sustatzen jarraitu behar dugu, baita estereotiporik gabeko hezkuntza- eta lan-ibilbideak, enpresetan erantzunkidetasunean oinarritutako kontziliazio-neurriak ezartzea, zaintza-lanak baloratzea eta banatzea, eta gizarte-aldaketa eta, horrenbestez, enpresa-kulturaren aldaketa ere bultzatuko dituen berdintasun-prestakuntza sustatzen ere.
Soldata Arrakalari buruzko Nazioarteko V. Kongresua aukera bat da arazo konplexu eta estruktural horretan sakontzen jarraitzeko, gizarte osoaren inplikazioa behar baita hari aurre egiteko. Urratsak ematen jarraitzen dugu, gure azken helburua bistatik galdu gabe: emakumeen eta gizonen benetako berdintasun eraginkorra bizitzako esparru guztietan.
Miren Elgarresta
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria
Egitaraua:
08:30–09:00 Akreditazioa eta dokumentazioa banatzea
09:00–10:00 Irekiera instituzionala
- Amaia del Campo Berasategi. Barakaldoko alkatea.
- Miren Elgarresta Larrabide. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria.
- María Guijarro Ceballos. Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Estatu idazkaria.
- Mikel Torres Lorenzo. Lehendakariordea eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua.
10:00–10:40 Ponentzia: EBren ordainsari-gardentasunari buruzko Zuzentaraua (2023/970)
Hizlariak:
- Europako esparru orokorra: Ana Carla Pereira. Europar Batzordeko Justizia eta Kontsumitzaileen Zuzendaritza Nagusiko Berdintasuneko eta Diskriminaziorik Ezeko zuzendaria.
- Espainiako ordenamendura egokitzea: Nieves González García. Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioko Laneko zuzendari nagusia.
10:40–11:10 Ponentzia: EPIC, Soldata Berdintasunerako Nazioarteko Koalizioa
Hizlaria: Emanuela Pozzan. EPICeko genero-berdintasuneko eta diskriminaziorik ezeko goi-mailako espezialista (Soldata-ekitaterantz: arrakalari erantzun integrala gidaren egilea).
11:10–11:40 Kafe-atsedenaldia
11:40–12:15 «Emakumeen eta gizonen arteko ordainsari-arrakala: arrazoiak, bilakaera eta ondorioak» azterlanaren aurkezpena
Emakumeen Institutuak (Berdintasun Ministerioa) sustatu eta finantzatutako azterlana.
Hizlaria: María José Carretero García, Fundación Mujeres fundaziokoa.
12:15–12:50 Soldata Arrakalaren aurkako 2026–2030eko III. Planaren aurkezpena
Hizlariak:
- Noemí Ostolaza Arcauz. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkari nagusia.
- M.ª Victoria Portugal Llorente. Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendaria.
12:50–14:20 Mahai-ingurua
Soldata-arrakalari buruzko mitoak: desinformazioari aurre egiteko komunikabideetako narratibak
Komunikazioan, datuen analisian eta kazetaritzan adituak diren emakumeekin eztabaida, desinformazioari aurre egiteko.
- Moderatzailea: Eva Silván.
- Lorena Fernández. Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Digitaleko zuzendaria.
- Ana Requena. elDiario.es-eko Genero arloko erredaktoreburua.
- Marta Peirano. EL PAÍSeko eta RNEko analista.
14:20–15:20 Lan-bazkaria
15:20–15:55 Ponentzia: Adimen artifizialaren eragina soldata-arrakalan
Hizlaria: María Luz Rodríguez Fernández. Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko katedraduna.
15:55–16:30 Ponentzia: Ikuspegi, immigrazioa, lan-merkatua eta generoa
Hizlaria: Julia Shershneva. Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendaria.
16:30–17:30 Divulvadoras podcasta
Zuzeneko grabazio berezia, Isabel Mellének eta Naiara López de Munainek egina.
17:30 Itxiera instituzionala
Elena Pérez Barredoren hitzaldia. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Saileko Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea.
Kongresuaren aurkezlea eta moderatzailea: Koro Mendieta.
Hizlariak
Izen-ematea esteka honen bidez egin daiteke.
Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak datorren irailaren 23an, Bilbao Exhibition Centren (BEC), antolatuko duen «Soldata Arrakalari buruzko Nazioarteko V. Kongresuan» parte hartu nahi izanez gero, honako formulario hau bete behar da.
Eremu guztiak bete ondoren, berrespen-mezu bat jasoko duzu posta elektronikoz.

Soldata Arrakalari buruzko Nazioarteko V. Kongresua, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak sustatua, 2026ko irailaren 23an egingo da Bilbao Exhibition Centren (BEC), Barakaldon.
BEC Azkue Erronda kaleko 1. zenbakian dago, ondo komunikatutako kokaleku batean, eta erraz irits daiteke bertara garraio publikoan zein pribatuan. Gainera, instalazioek mugikortasun urriko pertsonentzako irisgarritasun unibertsala bermatzen dute, jardunaldi osoan parte-hartze erosoa eta irisgarria ahalbidetuz.
Nola iritsi:
Soldata-Arrakala murrizteko Estrategia eta Plan Eragileak kontsultatu.
