Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

130. Santa Klara komentua (Portugalete)

7. ETAPA: BILBAO • PORTUGALETE

400 urtetik gorako historia

Monasterioa fundatzen duen dokumentua 1614koa da, eta erakundearen jatorria Urduñako Santa Klara komentutik joandako moja-talde bat izan zen. Halere, jakina da XVI. mendearen erdialdetik orden bereko mojak izan zirela leku hartan, San Frantziskoren Serorategian. Izan ere, XV. eta XVII. mendeen artean bilakaera hori oso ohikoa izan zen Euskal Herrian: Elizaren arautze-sistematik kanpo antolatutako emakume erlijiosoen taldeek antolatze-forma konbentzionalagoak hartu zituzten.

Fundatu eta urte gutxira, antza, bokazio-kopurua hainbeste igo zen klausurako lekaimeen komunitatearen baitan, 10 urte baino igaro ez zirenean komentua handitzeko lanak hasi zirela.

XVI. eta XVII. mendeetan, antza denez, mojak lasai bizi izan ziren. Harresi barruan liturgiako zereginetan aritzen ziren, bai eta nekazaritza-lanetan ere, ortu handia baitzuten, klausurako espazioa handitzen zuena, sagasti eta mahastiekin. Neskameak ez bazuen behar zuena aurkitzen Portugaleteko azoka tradizionalean, Bilbora joaten zen txalupan.

XIX. eta XX. mendeko gerra-borrokaldiek aldaketa eta ziurgabetasun handiak ekarri zizkieten Portugaleteko Santa Klara komentuko lekaimeei. XIX. mendean hiru aldiz utzi behar izan zuten monasterioa; lehena, Independentzia Gerran (1808-1814) frantsesek Bilbo hartu ostean; bigarrena, Lehen Karlistaldian (1833-1839). Monasteriora itzuli zirenean berreraikitze lanari ekin zioten, baina, 1873an, Azken Karlistaldian (1872-1876) Portugalete setiatu zutenean, mojek berriro monasterioa utzi behar izan zuten, defentsarako kokagune gisa erabilia izan baitzen, eta ia osorik deuseztatua.

Monasterioa bizkor berreraiki zuten, baina beste gerra bat etorri zen, Zibila: bonbardatua izan zen eta suak hartu zuen. Eraikinaren zati batek zutik iraun zuen eta, bestetan bezala, herriko ongile batzuei esker berehala hasi ziren berreraikitzen.

Lekaimeen komunitatea 1979 arte egon zen kokaleku horretan; gaur egun Portugaleteko Santa Klara kultura-etxea dago monasterioan kokatuta.

Arte-ezaugarriak

Barrera kale historikoaren ondoan altxatzen zen monasterioa, Erdi Aroko harresiaren mendebaldeko atala zegoen kalean, hain zuzen ere: Erdi Aroko harresietatik kanpo, beraz, eta mendebaldeko atetik hurbil, Santurtzirako bidean. Eraikuntzarako harria Algortatik ekarri zuten, eta pikatxoiz landua da. Arte ikuspegitik, garaiko barroko soilaren estiloari jarraitzen dio, hau da, Herreraren El Escorialeko estilotik eratorritakoari. Monasterioko tenpluak nabe bakarra zuen eta abside poligonala.

1884an, Azken Karlistaldian, monasterioa inoiz baino gehiago suntsitu zuten. Berreraiki zutenean estilo soila erabili zuten: elementu apaingarri gutxi ipini zituzten sarrera nagusiko atean eta erremateko kanpai-horman.

Partekatu

unesco