Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

252. Santa Klara komentua eta Errezeptoria Zaharra (Balmaseda)

7B. ETAPA: BILBAO • BALMASEDA

Komentuen fundazioa

Antzinako Erregimenean, eta bereziki XVI. mendearen bigarren erdialdean eta XVII. mendearen hasieran, fundazio erlijiosoen benetako gorakada gertatu zen: klero erregularra handitzeko eta lurralde osoan zehar komentuak sortzeko garaia izan zen. Garai hartako leinu handiek hedapen horretan lagundu zuten: askok eta askok ondare handia utzi zuten testamentuan, ongintzako ekintzak, fundazioak edota kapilauak egiteko. Ekintza horiek bi helburu zituzten: batetik, espirituala, bizitzan egindako ekintza onek heriotzaren ondoren Jainkoaren errukia ziurtatzen zutela sinesten baitzuten, eta bestetik, lurtarra, beren leinuaren gizarte-nagusitasuna bilatzen saiatzen baitziren.

Euskal Herrian emakumezkoen komentu gehiago fundatu ziren gizonezkoenak baino: 73 mojenak eta 37 fraideenak. Komentuak garai hartako emakume askorentzat irtenbidea ziren, izan ere, emakume horiek askotan ezin ziren ondo ezkondu; orduan, ezkonsaria ordaindu eta komentuetan sartzen ziren, komunitatean bizi ziren, eta ezkondutako emakume baten pareko estatus soziala lortzen zuten eta, aldi berean, beren leinuari ohorea ematea.

Santa Klara komentuaren eta Errezeptoria Zaharraren multzoa

Eliza, komentua eta errezeptoria dituen monumentu-multzoa da. Balmasedako zabalgunean dago, antzinako hiribilduaren harresietatik kanpo.

1643an Juan de la Piedra Berastegik, Balmasedan jaio eta Panaman bizi zen merkatariak, Indietan dirutza egitea lortu zuen indianoak, testamentuan ondasun batzuk utzi zituen bere jaioterrian Santa Klara ordenako komentu bat sortzeko. Komentuaren eraikuntza-lanak 1646 eta 1675 artean egin ziren. 1666an klaratarrak herrian kokatuak ziren; hasierako komunitatea 16 emakumek osatu zuten. Zenobioaren patronatua hiriko elizako eta kontzejuko kabildoek batera eduki zuten, eta horrek desadostasun ugari sortu zituen; ondorioz, akordio batzuk idatzi ziren patroi bakoitzaren eskumenak arautzeko eta antolatzeko.

Elizaren eraikina harlangaitzezkoa da eta oinplanoak karmeldar eta frantziskotar komentuetako tenpluen ezaugarriak ditu. Kapera nagusi bat da, burualde angeluzuzena eta gurutzadura dituena, eta errematean kanpai-horma. Kanpoaldean, erdi-puntuko arku bat duen portada nabarmentzen da, fundatzaileari, bere leinuari eta komentuaren fundazioari buruzko inskripzio bat duela. Haren gainean erlaitz bat dago, non De la Piedra leinuaren bi armarri kokatuta dauden Santa Klararen irudiaren albo banatan. Tenpluak nabe bakarra du, gangez estalia, eta gurutzaduran plaka erradialak dituen kupulaz estaltzen da. Harlanduzko koruak 27 eserleku ditu, bizkarraldean apaingarriak dituztenak, eta bertan dago Bizkaiko organo rococorik zaharrena, 1777an Francisco Antonio San Juanek egina. Behe korua burdin hesi batez itxita dago eta erlijiosoek bertan jaunartzen zuten. Leihoburudun leihoetan beirateak daude, eta handik argia sartzen da kanpoaldetik tenplura.

XVII. eta XVIII. mendeen artean egindako bost erretaula ditu, eta horien artean aldare nagusikoa nabarmentzen da: barroko estiloa du eta Santa Klarari eskainia da (XVII). Landare-apaingarriak ditu eta zutabe salomonikoen bidez banatzen diren hiru kalez osatuta dago. Erretaularen goiko errematean kalbarioa ageri da, hondoan Jerusalem hiriaren taula margotua duela. Elizaren ekialdeko hormaren ondoan komentua dago; bi solairu ditu eta erdian erdi-puntuko arkuz osatutako patioa, esparru osoa egituratzen duena.

Komentua sortu zuen ongileak, komentua sortzeaz gain, bere testamentuan hiribilduko gizasemeentzat Gramatika eta Ohitura Onen ikastetxea eraikitzeko agindua eman zuen (ondoren Latinitatearen Katedra hartu zuen). Hala, 1653an hiriko lehen ikastetxea sortu zen, ikasleentzako bi gela zituena; gaur egun eraikin horri Errezeptoria Zaharra esaten zaio. Eraikina komentuko elizaren burualdeari atxikita dago, eta multzoaren lerro estetikoa gordetzen du. Harlangaitzezkoa eta harlanduzkoa da, eta behe solairua eta bi solairu ditu. Fatxadan sortzailearen leinuaren armarria ageri da.

Partekatu

unesco