Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

32. Santa Barbara galtzada eta ermita (Zarautz)

3. ETAPA: ZARAUTZ • DEBA

Aldapetako galtzada

Aldapeta da Zarautz eta kostaldean mendebalderantz goazela aurkitzen ditugun herriak (Getaria eta Zumaia) komunikatzen dituen galtzadaren jatorrizko izena. Santiago Bideko monumentu-multzoaren baitako elementu kalifikatu gisa jasoa dago. Galtzada eder eta interesgarria da, Zarauzko erdigunetik Santa Barbara mendiaren tontorrera (izen bereko ermita dagoen tokia) bitarteko zatia batez ere.

Galtzada ondo kontserbatuta dago eta horri esker nola eraiki zen beha dezakegu. Deigarria da zein zabala den, eta erdia baino ez dago harearrizko lauzaz estalia. Beste erdia lauzarik gabe mantendu zen, bertatik idi eta mando taldeak pasa zitezen, izan ere, zama handiko elementuak arrastatzen zituzten: ontzigintzan erabiltzen ziren ohol handiak, adibidez.

Tontorrerako bidean gora goazela, galtzadaren alboetan hormak daude: ehun urte baino gehiago dituzten mahatsondoak ixten dira beste aldeko lur-sailetan. Puntu horretatik aurrera bidea goitik doa uneoro, eta lurraren gora-behetara egokitzen da. Tontorrean Santa Barbara ermita dago: tenplu soil bat da, Zarauzko portua menpean duen itsaslabar malkartsuaren gaineko harkaitzean igota dagoena. Ermita barruan tximista eta ekaitzetatik babesten duen santuaren irudiaren olio-margolan bat ageri da. Leku hori talaia zoragarria da, eta Zarautzeko ikuspegi ederrena eskaintzeaz gain, Gipuzkoako ekialdeko kostaldea, Lapurdi eta Landak begiztatzen dira bertatik.

Santa Barbara, Zarauzko marinelen babesle

1703an ekin zitzaion ermitaren eraikuntzari, Zarauzko marinelek hala eskatuta. Eraikuntza ordaindu ahal izateko, harrapatzen zuten balea bakoitzeko limosna bat ematen zuten. Artikoko uretan arrantzatzeko baleontzietan abiatzen ziren Zarauzko marinelek ere limosna ematen zuten. Zarauzko marinelek Santa Barbara hartu zuten zaindaritzat, haien kofradiak ez baitzuen adbokaziorik. Santa Barbara jaia XX. mende erdialdera arte mantendu zen Zarautzen; gaur egun, oraindik ere meza nagusia eta ondoren hamaiketakoa izaten da abenduaren 4an. Egun horretan ermitara doazen elizkoiek kanpaia jotzeko ohitura dute, hala urte guztirako buruko mina eragotziko dutela sinetsirik.

Partekatu

unesco