Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

euskadi.eus

Hasiera

Elgea-Artia

Bisita birtuala: Elgea-Artiako ikuspegira sarbidea (flv, 14MB) (flv, 14 MB)

Ez da erraza estazio megalitiko hori puntu jakin batetik abiatuta eta egun bakarrean bisitatzea, hedaduraz oso zabala baita. Hori dela-eta, behar bezala banatuko dugu, megalito-multzo bakoitzera iristeko abiapuntu egokienak zehaztuz.

Ekialdeen dauden megalitoak bisitatzeko, Arantzazutik abia gaitezke, edo Arabako Larrea herritik bestela.

Arantzazutik abiatuta, Aitzabal eta Bildotza haitzen artean doan bidea hartu behar da. Bildotza baserria ezkerrean utzirik, Artasoko muinora igo behar da gero. Muino hori baino 400 bat metro lehenago, haren NNW-ra, eta bidearen ezkerrean 10 bat metrora, Gallerdiko tumulua dago pagoen artean.

Hortik 400 metro SSE-ra eginez, Artaso aldera, bidearen eskuinean 5 metro eskasera dago Artasoko trikuharria, izen bereko txabolen ondoan, pagoz inguratuta hori ere.

Artasotik hegoalderantz igota, Elgea mendilerrorantz, Gainlabur lepoa joko dugu. Hor, Arabako lurretan, Gainlabur edo Artiako trikuharria dago. Elgea mendilerroak Kantauri eta Mediterraneoko ur-isurien banalerroa osatzen du.

Hortik W-ra hartuta, aipatutako banalerroari jarraituz, 2,5 kilometrora, Mugarriaundiko menhirra dago, Zekillaga gailurrean. Lurrean etzanda dago iruinarria, uren banalerroan bertan, Gipuzkoa eta Araba arteko mugan.

Elgeako estazioaren erdialdean dauden megalitoetara iristeko, egokiena Arabako Elgeatik igotzea da. Komunikazio-antenara doan errepidea hartu behar da herri horretan eta, behin antenara iritsita, ESE-ra jo behar da, Alabitarteko lepora. Hor dago Alabitarteko tumulua, bidearen ertzean bertan.

Lepo horretatik hegoalderantz igo behar da Mugarriluzeko gailurra jo arte. Tontorrean, zutik, Mugarriluzeko menhirra dago. Alabitarteko tumulutik 650 metro eskasera dago gailurra.

Deguriako tumuluak bisitatzeko, Alabitartera itzuli behar da eta parralderantz jarraitu. Deguria I eta II tumuluak kilometro batera daude. Lehenbizi Deguria I deritzona eta 50 m iparralderago Deguria II izenekoa.

Elgea herrirantz jaisten hasita, errepidearen eskuinean eta altuerako 870 metro inguruan, Elgea II tumulua erakusten duen seinalea bistaratzen da errepidetik bertatik. 1.200 metro hegoaldera dago Elgea I.

Euskadi, auzolana