Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pulpa fintzeko errota. Papelera Española (Errenteria). Fabrikatik paisaiara.

Datu teknikoak
Izena: Zelulosa-pulpa errota
Urtea: ca. 1900
Eragingailua: Motorra

Zerk lotzen ditu gure mendietako landaredia eta papergintza? Makina batek eragin al dio gure irudimenari haranetarantz joan dadin? Gure ibaien ibilbidea eteten duten presetarantz? Pinu eta eukaliptoz jositako hegaletarantz? Askotan, «Industria paisaia-sortzailea» dela entzun dugu; baina, harrizko harri handi bi ikusita, paisaia industrial bat gogoratuko genuke? Zelulosa-pulpa fintzeko errota honek, Konsoni Lantegiko piezarik deigarrienetako batek, dauka gakoa.

Saihestezina da galdetzea zertarako balio ote duen nabearen atzeko aldean jarrita, 2,40 metroko altuera eta ia beste horrenbeste metroko diametroa duen tresnatzar horrek. Lau hanka sendoren gainean bermatuta, harrizko disko batek tina metaliko zabal bati eusten dio; bertan, granitozko beste gurpil bertikal bi daude. Bere ertz ildaskatuek ez dute zalantzarik uzten: errotarriak dira, baina, aldi berean, argi dago hau ez dela zereal errota bat. Zer eho liteke hemen?

Bada, egur-orea da erantzuna. Errota motor bati konektatuta zegoen, beheko gurpilari itsasten zitzaion ardatz horzdun baten bidez; gurpil horrek, aldi berean, mugimendua beste ardatz bertikal batera igortzen zuen, bulkada harri bertikaletara eramanez. Euren gainean bira eginez, urez betetako tina zeharkatzen dute harriok. Horrela, hondoko harri finkoaren gainean txikitzen dute egur-orea, zuntza askatuz eta urarekin nahastuz, zelulosa-pulpa ekoiztu arte. Pulpa hori da papera egiteko osagai nagusia.

Papelera Española enpresaren pulpa fintzeko errota, Konsoni Lantegian.

Papelera Española enpresaren pulpa fintzeko errota, Konsoni Lantegian. /Argazkia: Amaia Apraiz.

Friedich Gottlob Keller alemaniarrak patentatu zituen pulpa-errotak, 1845ean. Asmakizuna, ordea, ez zen berria: mende batzuk lehenago papera ekoizteko egokitutako antzinako teknologian oinarritzen zen. Berezitasuna ez zen ekoizpen sistema, lehengaia baizik. Ordure arte papera egiteko erabiltzen ziren trapu zaharren ordez, egurra erabiltzen du, batez ere pinu- eta eukalipto-egurra.

Ez da harritzekoa papergintza industria berri hori berehala ezartzea euskal lurretan. Gure mendietako mendi-hegal malkartsuak (burdinoletarako eta ontzigintzarako egur ekoizpenaren ondorioz pagoz eta haritzez basotuak, eta beste labore batzuetarako oso egokiak ez zirenak) aproposak ziren Australia eta Amerikatik ekarritako zuhaitz exotiko horiek landatzeko. Industriak paisaia berri bat sortu zuen horrela, gure eguneroko irudiaren parte dena.

Errota honek (XX. mendearen hasieran egina) berrogei urte baino gehiagoz funtzionatu zuen Errenteriako Papelera Española enpresan. Rafael Picaveak eta Nicolás Urgoitik bultzatu zuten enpresa hori, 1901ean, sektoreko hamar enpresa nagusiak bildu zituena; tartean Papelera Vasco Belga, 1890ean sortua, Oiartzun ibaiaren eta tren geltokiaren ondoan. Horretan, ziur aski, makina hau lanean hasi zen. Papelera Españolak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari eman zion paper errota, 1984an, ondare industrial higigarriaren bilduman sartu zen lehen piezetako bat bihurtuz.

Amaia Apraiz (AVPIOP-IOHLEE)

Harri bertikalen xehetasuna.

Harri bertikalen xehetasuna. / Industria Ondare Higigarriaren Gordailuko artxiboa (Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila).

Papelera Española eraikinak, Errenteria.

Papelera Española eraikinak, Errenteria. Argazkia: PAPRESA (leiho berri batean irekitzen da)