Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

140. Muskizko San Julianeko herrigune zaharra (Muskiz)

8. ETAPA: PORTUGALETE • KOBARON

Meatzaritza-esportazioan aritzen den herria

Aro Modernoan zehar, Euskal Herri kantauriarreko burdinola gehienei buruzko dokumentazioak burdin mineralaren inportazio handia islatzen du Bizkaiko mendebaldeko meatze-mendien zainetatik. Erregistro ugarik erakusten dute itsasoz material preziatu hori garraiatzen zutenen jatorria: Muskizko San Julian.

Ezkerraldeko mendietako burdin zainaren kalitatea erromatarren garaian jada ezaguna zen, garaiko teknikekin ustiatua izateko egokia zelako. Gertaera hori Bizkaiko parte honen dinamizatzaile izan zen oso antzinatik, eta lehen “aurreindustrializazioa” bizi izan zuen 1000. urtetik aurrera, gutxi gorabehera. Horren lekuko dira magalean kokatutako ehunka mendi-burdinolak, burdinola hidraulikoak jarri aurretik burdina sortu zutenak.

Hala ere, Erdi Aroaren amaieratik, material horren kalitate onak eskualdetik urrunago zeuden ekoizleen eskaria eragin zuen, eta herrikoak izan ziren itsasontzi txikietan (pinazak, gabarrak, etab.) kabotaje-ibilbideak erabiliz garraiatzen espezializatu zirenak.

Muskizko hirigune zaharra

Multzo honek, azken mendeetako aldaketek moldatua agertzen den arren, bere antzinatasunaren eta ondare-balioaren berri ematen duten elementu aipagarri batzuk gordetzen ditu oraindik. Auzoaren erreferentziazko eraikina parrokia-eliza da, XVI. mendearen hasieran eraikitzen hasi zena, eta San Juliani eskainia dagoena. Hareharrizko harlanduz egina dago zati handi batean, eta harlangaitzez nabearen aldean.

Habearte bakarrekoa, oinaldeko oinplano angeluzuzeneko dorrea eta gurutze-ganga ditu. Gaur egun duen berezitasuna da eliza gisa erabilitako espazioak ez duela antzinako oinplano osoa betetzen. Zehazki, Gerra Zibileko (1936-1939) bonbardaketek eragindako kalteen ondorioz, absidearen zati bat erori zen. Konponketaren kostua ordaintzea ezinezkoa zenez, kapera nagusiaren aurreko arkua adreiluz itsutu eta presbiterio berria jartzea erabaki zen.

Ondorioz, eliztarren eserlekuen zati handi bat koru errenazentistaren azpian dago, jatorrizko barruko bolumenaren altuerarekin alderatuta espazio baxuagoa osatzen duena. Gainera, koruari eusten dioten arkuak 3 zutabe sendotan bermatzen dira, eta, beraz, ofizioetara doanari ez diote ikusten uzten. Oro har, elizaren suntsipen partzialari emandako konponbideak, tenpluari, bere barnean, ezohiko egituraketa ematen dio.

Kanpoaldean, suntsitutako abside zaharraren zatia ikus daiteke, eta, horrez gain, tenpluak irudi trinkoa du, perimetroko hormei eusten dieten kontrahormek eta dorre prismatiko sendoak nabarmenduta. Herria dagoen muinoaren ertzean egoteak gotorlekuaren irudia nabarmendu egiten du.

Sarrerako atearen eta kanpandorrearen aurrean, hareharrizko gurutze bat dago, XVI. mendearen erdialdekoa. Kristoren eta Ama Birjinaren irudiak ikus daitezke bertan.

Elizaren inguruan, XVII. eta XVIII. mendeetako jauregi-etxe batzuk daude, hala nola Villarrena (elizaren ondoan) eta, bere fatxadagatik eta sarrera monumentalagatik nabarmengarria, Gonzalez Sotorena (parrokiatik 150 metro ingurura); gainera, komunitate-instalazio bat dago, garbitokia.

Partekatu

unesco