Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

11. Mukitar herrixka protohistorikoa (Lezo)

1. ETAPA: HONDARRIBIA • DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN

Aztarna arkeologikoak

Historiaurrean, Jaizkibel mendiaren inguruan giza taldeak bizi izan ziren eta aztarnak utzi zituzten. Oso luzaroan ibili ziren inguru horretan: alde batetik, Paleolitoko materialak aurkitu dira mendiaren zenbait tokitan, eta, bestalde, Kalkolitikooaren (duela 6.000 urte) eta Burdin Aroaren (K.a. I. mende inguruan) artean koka daitezkeen ehorzketen eta hilobi-monumentuen aztarnak daude.

Zehazki, Mukitar izeneko tokian bi garaitako hondakinak aurkitu dira: Paleolitoko silex-pieza ugari aurkitu dira batetik, eta, bestetik, Euskal Herria Erromako estatuan sartu aurreko azken mendeetako asentamendu baten hondakinak.

Leku horretan lautada bat dago, gaur egun larreak dituena, oinplano angeluzuzenekoa (160m x 60m). Lautada hori modu naturalean mugatuta eta babestuta dago alde luzeetan, bi arroka-azaleratzeren bidez. Alde laburrak ixteko, harrizko bloke handiz eta harri-koskorrez osatutako horma baxuak eraiki zituzten (gaur egun ez dute 50 cm baino gehiago). Aztarnategia dagoen lekutik, Pasaiako badiaren, Aiako Harrien, Igeldoren eta barrualdeko mendien ikuspegi estrategikoa dago.

Eremuaren barruan, aztarnategia iparraldetik ixten duen haitzezko azaleratzean, zenbait aterpe ageri dira: hegoalderantz irekitzen direnez, itsasotik datozen haizeetatik babestuta geratzen dira. Egindako indusketetan aurkitutako aztarnek erakusten digute Burdin Aroan leku horretan bizi zirenek aterpe natural horiek baliatu zituztela etxeak eta bestelako gelak kokatzeko.

Erromatarren aurreko asentamendu txiki bat

Mukitar herrixka protohistorikoa Euskal Herriko altxor txiki bat da, ezagutzen diren Burdin Aroko harresidun asentamendu guztien artean itsasotik hurbilen baitago. Gertutasun hori da, seguruenik, bertan aurkitutako buztinezko ontzien hondakinen ezaugarrien arrazoia: izan ere, garai hartan ohikoak ziren ontzien hondakinez gain, bestelakoak ere agertu dira, lurraldea Erromatar Inperioan sartu ondoren Euskal Herrian zabaltzen hasi ziren ontzien antzekoak, hain zuzen. Izan ere, litekeena da leku horretan jendea bizitzea K.a. II. eta I. mendeen inguruan, eta garai hartan Gipuzkoako kostaldea harremanetan hasi zen dagoeneko erromanizazio prozesuan zeuden Europako eskualde batzuekin. Beraz, aztarnategi hori aurkitzeak esan nahi du, agian, Kantauriko kostaldearen zati hori erromanizatua izan aurretik merkataritza-trukeak egin zirela.

Bestalde, ezin dugu jakin Mukitarreko biztanleek hildakoak ehorzteko mendiaren ekialdeko harrespilak (Jaizkibel IV eta V, Hondarribian) erabili ote zituzten, baina litekeena da herrixkaren eta hilobi-monumentu horien artean nolabaiteko lotura izatea.

Partekatu

unesco