Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

92. Meakaurreko San Martin eliza (Morga)

6. ETAPA: GERNIKA-LUMO • BILBAO

Kondairak eta arkeologia

Meakaurko San Martin elizaren inguruan zenbait elezahar egon da Erdi Aroaren amaieratik. Lope García Salazarkoak, XV. mendearen bigarren erdian Euskal Herriko Bandoen Borrokak aztertzea ahalbidetu duen kronika idatzi zuen bandokideak, eliza horretan Manso edo Nuño López, Bizkaiko lehen jaunetako bat, lurperatu zutela kontatu zuen. Iñigo Ezkerra semeak hilko zuen. Gaur egun badakigu García Salarzarkoaren kronikan egiazko albisteak, ahozko tradizioak, kontakizun manipulatuak eta iritzi pertsonalak nahasten direla, kontakizunaren azpian dagoen ideiarentzat balio dutenak: justifikazio pertsonala eta leinuaren posizioaren defentsa. Beraz, informazio horiek zentzu kritikoz hartu behar dira.

Hala ere, XVIII. mendearen amaieran, Meakaurko elizan zerbitzatzen zuen elizgizonak idatziz utzi zuen sakristian egindako obra batean, arreta handiz landutako harrizko hilobi bat aurkitu zela, estalkiak, farfailak eta gontzak zituena, “tamaina handiko gizon baten” giza hondakinekin. Apaizak berehala identifikatu zituen gorpuzkiak kondairako Bizkaiko jaunarenekin.

Edonola ere, litekeena da hilobi hori Goi Erdi Aroko hilobi-multzo batekoa izatea, Argiñetako nekropolian bisita daitezkeenak bezalakoa. Hala balitz, Meakaurko auzoko instituzio erlijiosoaren eta biztanle-gunearen antzinatasunaren froga izango litzateke.

Tenplu errenazentista klasikoa

Gaur egungo San Martin parrokia euskal kantauriar eremuko elizetan 1450 eta 1600 urteen artean egin ziren handitze, berreraikitze eta birgaitze lanetako bati dagokio. Dakigunez, Meakaurko hau 1580 inguruan amaitua zegoen.

Hareharrizko harlandu zainduz egina, habearte bakarra du, luneto-ganga batez estalia, 1853ko berreraikuntzatik datorrena (errenazentistaren egoera txarragatik egina), koruarekin (errenazentista) eta abisde nabarmenarekin (gurutzeria-ganga batez estalia). Habearte bakarrekoa da eta, bertan, alboetako kaperak irekitzen dira, batzuk aldare eta erretaulekin, atxikitako zutabeetan bermatuta dauden arku handien bidez eratzen direnak. Bao bakarrak hegoaldeko fatxadan irekitzen dira, arkuak eta lunetoak aprobetzatuz.

San Martín Toursekoaren bizitzako eszenekin apaindutako erretaula errenazentista bat du buru, bi kale eta bi solairu gehi atikoa (non Kalbario bat irudikatzen den) dituena. Horrekin batera, garai bereko bi alboko daude (Santiagori eta Karmengo Amari eskainiak). Kanpoaldea arkupe perimetral batez estalita dago.

Partekatu

unesco