Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

56. Markinako Alde Zaharra (Markina-Xemein)

5. ETAPA: MARKINA-XEMEIN • GERNIKA-LUMO

Hiribildu bat Bandokideen lurretan

1355an, Xemeingo biztanleek eta ingurukoek Aspiltza izeneko tokian hiribildu berri bat eratzeko pribilegioa lortu zuten Bizkaiko jaunarengandik, On Tellorengandik, Bilbok zuen forua emanez eta bertan petxerorik, hau da, beste jaun batzuen zerbitzupean zegoen eta kapare ez zen edozein biztanle, finkatzea debekatuz.

Hiri-gutunak aipatzen du, gainera, gipuzkoarrek ibarreko kapareei erasotzen zietela, eta erreferentzia horrek, beharbada, Deba ibaiaren erdiko ibilbideko leinu boteretsuak seinalatzen zituen, Elgoibarko Olasotarren kasuan bezala. Ezin dugu ahaztu, jatorrian, Xemeingo eta Elgoibarko inguruneak lurralde-eremu berekoak omen direla, “markina” izenez ezagutzen dena, hau da, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren arteko mugako lurraldea.

Haraneko bizilagun batzuek, beraz, jauntxoen edozein injerentziatatik aldendu nahi izan zuten, eta beren antolaketa politiko eta jurisdikzionalaz hornitu, Bizkaiko jaunak eta, azken finean, Jaurerriko agintari gorenak onartua. Hala ere, hiribildu berriak ez zuen berezko horma-barneko elizarik, eta Xemeingo parrokia eman zioten, jatorriz oso lehenagokoa. Horrela, bertako bizilagunentzako garrantzi handiko azpiegitura bat ez zen inguruko jauntxoek bere patronatuarengatik zituzten liskarretatik aparte geratu. Horiek, diru-sarrera berriak lortu nahi zituzten, eta, gainera, nagusitasuna lortu Antzinako Erregimenean protagonismo handia zuen gune komunitario batean, parrokia-tenpluan, alegia. XV. mendean, hiribilduko kontzejuak tenplu berri bat eraikitzea erabaki zuen, San Pedro, XIX. mendean eraitsia izan zena, aurri-arriskuan zegoelako.

Herriko aberastasunaren oinarri ekonomikoak burdina bezalako produktuak ekoitzi eta merkaturatzetik zetozen, eta ez da harritzekoa oraindik mantentzen diren eta herriko monumentu-multzoa osatzen duten jauregien zenbait izenek eskualdeko burdingileen oinetxeen izen bera izatea, Antsotegi, Andonegi edo Antxia kasu.

Horrela, herri berria urbanistikoki finkatu eta garatuko da, gaur egun duen monumentaltasuna bereganatuz.

Hiri-barruti monumental bat

Hiribilduaren barruko espazioa 3 kale nagusik (Okerra, Erdikokale eta Guenkale) eta ekialdean perpendikular batek (Zearkale) osatu zuten, Erdi Aroan ohikoa zen bastida motako hiri-egitura sortuz.

Eraikin aipagarrienen artean, data goiztiarrena dutenen artean (1500 ingurukoak) Antxia eta Antsotegirenak azpimarratu behar dira. Lehenengoa kareharrizko harlanduzko (fatxada nagusian) eta harlangaitzezko eraikina da. Bertan, lehenengo solairuko bi leiho germinatuak eta beheko solairuko ate dobeladunak nabarmentzen dira. Ate horietako bat puntu erdikoa da, eta bestea arku karpanelekoa. XVIII. mendeko burdin forjatuzko balkoi handi bat ere badu, bigarren solairuan.

Bestalde, Antsotegirena kareharrizko harlanduxkoz eraikia izan zen, izkinak eta baoak izan ezik (harlandua aplikatzen den tokiak), eta ojiba formako bi ate dobeladun eta bi leiho angeluzuzen (beranduago irekiak) ditu. Oso aipagarriak dira lehen solairuko lau leiho germinatu zorrotzak.

Andonegi eta Solartekua jauregiak hurrengo mendean eraiki ziren. Lehenengoa kareharrizko harlanduzko jauregia da, portada monumental batekin, Murgatarren armarriarekin burutua, frontoi zatitu batean sartua. Bere gainean bi balkoi daude, bat alde bakoitzean. Bestalde, Solartekua edo Mugartegi jauregiak (egungo udaletxea), izkinakoak, aurrekoaren antzeko fatxada nagusi bat erakusten digu, nahiz eta alboko hormak, bigarren solairuan, hiru arkuko galeria bikain bat duen. 1666an altxatutako eraikin horren maisu egilea Lucas Longa da, XVII. mendeko bigarren erdialdeko euskal arkitekto ospetsuenetako bat. Azpimarratzekoa da, baita ere, antzinako kontzeju-eraikina (1646an altxatua), zazpi kolomaren gainean eraikitako arkupea duena.

Partekatu

unesco