Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

14. Lezoko alde zaharra (Lezo)

1. ETAPA: HONDARRIBIA • DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN

Milaka urteko herria Pasaiako badiaren ertzean

Orain arte aurkitutako aztarnak ez dira nahikoak Lezon garatu zen lehen asentamendua nolakoa zen deskribatzeko, baina badakigu gure Aroko lehen mendeetan hasi zela, hau da, erromatarren garaian. Pasaiako Badiaren inguruan aurkitzen den asentamendurik zaharrena da oraingoz. Kokapena oso erakargarria da herrika bat kokatzeko: 22 m-ko altuerako muino baten gainean dago, Oiartzun ibaiaren bokalean, eta itsasertza gertu du.

Behe Erdi Arora arte ez dugu gune honi buruzko datu gehiagorik. Garai horretan bertako biztanleek Hondarribiko hiribilduarekin bat egiteko borondatea islatuko dute hiri-gutunean. Orduan, honelakoa zen Lezo: San Juanen parrokia-elizaren inguruan egituratuta zegoen eta aberastasuna itsas baliabideetatik zetorkion batez ere.

Herri monumentala

Eraikinen monumentaltasunean agertzen da, zalantzarik gabe, herriaren boterea. Alde zaharra muino baten inguruan dago. Tontorrean San Juan parrokia (hareharriz egindako eliza gotiko berantiarra) eta Lezoandia jauregia (desagertuta) ageri ziren. Herriko biztanle gehienak iparraldeko esparruan bizi dira. Herrigune zaharreko ardatz nagusia egungo kale Nagusia da, eta bertan pilatzen dira hareharrizko harlanduzko etxe bikainak, alde zahar honetako hirigintzaren ezaugarri direnak. Hauxe da hirigintza horren emaitza: etxe estuen multzo bat, kalearen alde banatan antolatua, eta herriko plazan amaitzen dena. Plaza horretan aurkitzen dira herriko eraikin publikoak (udaletxea eta alondegia), bai eta herriko arkitektura erlijiosoaren beste altxorra ere: Santo Kristo basilika.

Tenplu bikain hori izen bereko plazan dago. Gaur egungo trazak estilo errenazentista (berantiarra, 1608-1619) eta kapera nagusiaren handitze barrokoa (1675-1682) konbinatzen ditu. Hareharrizko harlanduz egina dago: oinaldean kupula erdi-esferiko batek estaltzen du, kasetoiekin apaindua, eta bigarren fasean egindako laranja erdiko kupulak ere kasetoiak ditu. Koruko arkuaren eta kupulari eusten dioten arku fajoien arkubarnerek ere dekorazio aberatsa dute, alde batetik geometrikoa, eta bestetik figuratiboa, Kristoren Pasioarekin lotua. Edonola ere, Kristo gurutziltzatu bizargabeak sortzen du debozio handiena, erretaula rococoa burutzen duen eskulturak. Tradizioaren arabera, tailuaren fabrikazio-data X. edo XIII. mendean zegoen, baina orain dela gutxi egindako azterketek XV. mendean kokatu dute.

Partekatu

unesco