Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

249. La Mellako monumentu-multzoa (La Herrera-Ijalde, Zalla)

7B. ETAPA: BILBAO • BALMASEDA

Botere-borroka La Mellan

La Mellako monumentu-multzoa La Herrerako herrigunearen goiko aldean dago, La Mella auzoan, eta garai batean bertan izan ziren botere-gorabeheren adibidea da. Leku hori kokapen estrategikoa izatea erabakigarria izan zen La Mella garrantzi handiko toki bihurtzeko.

Alde batetik, Kadaguako meandro batean dago, puntu horretan ibilgua oso estua da eta zubiz erraz zeharka daiteke. Bestalde, komunikabide nagusiak bertatik igarotzen ziren, hala nola Bilbotik Balmasedara iristen zen Errege Bidea (La Mella Balmaseda ondoan dago) edo Donejakue bidea. Ez da harritzekoa, beraz, leinu boteretsuentzat La Herrera kokaleku erakargarria izatea.

Terreros leinua nabarmendu zen lehenik; XV. mendean ezarri ziren La Mellan. Juan Galindez Terrerosekoak agindu zuen gaur egun ibaiaren ibilguaren eskuinaldean ikus daitekeen dorrea eraikitzea (ziur asko, XIV. mendean bazegoen aurreko dorre bat), ibaiaren La Mellako ibia erraz kontrolatzeko puntu batean, hain zuzen ere. Lope Gartzia Salazarkoa Erdi Aroko kronikagilearen arabera, leinu horrek modu aktiboan parte hartu zuen Bando Gerretan, oinaztarren alde. Dorreko jaunak izateaz gain, Terrerostarrak dorrearen inguruan zeuden burdinola eta errotaren jabeak ziren, eta pasabidea kobratzen zen zubia kontrolatzen zuten. Beraz, leinuak nagusitasun militarra eta ekonomikoa biltzen zituen bere baitan.

XVI. mendean, Urrutia leinuak Terreros leinu zaharraren ondasunak erosi ondoren, bertan finkatu zen. Hasieran, jabe zaharren aldeko pertsonaia batzuek aurka egin zioten Urrutia eta Avellaneda familiaren maiorazkoa bertan ezartzeari, baina azkenik, leinu berriak bere boterea behin betiko finkatuko zuen epai judizial bat lortu zuen.

Aipatutako ondasun eta baliabideak eskuratu eta bertan finkatu ondoren, familia horrek jauregi bat eraikitzea agindu zuen, Erdi Aroko dorreak baino erosoagoa eta garai hartako gustuekin bat etorriko zena; Kadaguaren beste aldean egin zuten, Errege Bidearen oinetan. Antonio Urrutia eta Salazar Zallako alkate eta Enkarterrietako sindiko eta teniente jeneralak jauregiaren ondoan ermita bat eraikitzea agindu zuen 1673an, Paduako San Antonioren eta Jasokundearen adbokaziopean, Urrutia familiaren hilobi-kapera pribatua izan zena. Fundatzailea bertan lurperatu zuten eta monumentua osatzeko haren eskultura otoizgile barrokoa kokatu zuten hilobian: Bizkaiko hilobi-ermiten artean halako eskultura duen adibide bakanetakoa da.

La Mellako monumentu-multzoa

Aipatutako elementuez gain, La Mellako monumentu-multzoa olagizon eta errotarien etxebizitzek, eta kotxetegi eta zalditegiek osatzen zuten. Zerbitzu horiek garrantzi handikoak ziren komunikabideen oinean kokatutako lekuetan. Elementu horietako asko desagertuz joan dira mendeak aurrera egin ahala, eta gaur egunera nabarmenenak bakarrik iritsi dira.

Terreros dorrea Erdi Aroko dorrea da, Enkarterrietako eskualdean ondoen kontserbatu dena. 15 metroko altuera duen oinplano karratuko dorrea da, harlangaitzezkoa, eta harlanduzko kateak ditu eskantzuetan. Erdi Aroko dorreen itxura itxia eta trinkoa du, defentsa-funtzioarekin bat datorrena. Beheko solairua, bi solairu eta ganbara bat ditu, garai hartako dorreetan ohikoa ez zena. Eraikin hau bereziago egiten duten elementuak ganbaran aurkitzen ditugu: lau matakan (eraikuntzako atal irtenak, behean zuloa dutenak, erasoa gertatuz gero objektuak jaurtitzeko), fatxada bakoitzeko bana. Probintzian kontserbatu diren bakarrak direnez, dorre hori oso kasu berezia da Bizkaian. Gaur egun, dorreari atxikita baserri bat dago.

Urrutia jauregia XVII. mendeko eraikin barrokoa da, eta fatxada nagusia baino ez da kontserbatzen. Zutik dirauten aztarnek hiru altuerako eraikin bikaina zela erakusten dute. Fatxadak harlanduzko hormak ditu, non Urrutia eta Avellanedatarren armarria nabarmentzen den, XVII. mende amaierakoa.

Parean Paduako San Antonioren ermita bikaina altxatzen da. Tamaina handikoa da eta harlanduzko hormak ditu. Sarrera erdi-puntuko arku batek osatzen du, eta hura ixten burdin-hesi bat ageri da. Fatxada nagusian, Urrutia familiaren armarri barroko handia eta bi solairuko kanpai-horma nabarmentzen dira: lehenengo solairuan, Jasokundeko Andre Mariaren irudia dago, eta, bigarrenean, kanpai bat. Ermita barruko elementurik aipagarriena tertzeletedun ganga da. Gaur egun tenplua hutsik dagoen arren, hiru hilobi ikus daitezke lerroan aldarea zegoen tokiaren parean, eta ezkerraldean, horma-hobia, ermitaren fundatzailearen eskultura otoizgilea jasotzen zuena (gaur egun Enkarterrietako Museoan). Jauregia eta ermitaren artean bide bat ageri da, Balmasedara zihoan antzinako Errege Bidea, hain zuzen ere.

Partekatu

unesco