Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

18. Kutraiako iturria (Donostia)

1. ETAPA: HONDARRIBIA • DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN

Hiria eta ur hornidura

Donostiak beti izan zituen hiri-aglomeraziorako edateko ura hornitzeko instalazioak, bai Urgull mendiaren oinean sortzen diren iturburuetatik, bai hiribildu barruan ireki ziren putzuetatik. Ondoren, ur geza kanpotik garraiatzeko hodiak egin ziren. Ura edateko izateaz gain, beharrezkoa zen garbiketa, eskulangintza, ureztaketa eta abarrerako.

XIX. mendearen bigarren erdian lehen zabalguneak eraikita, hiriko populazioak gora egin zuen eta ur-eskaria hazi egin zen, bai iturri publikoetan, bai etxe eta lokal partikularretan. Gainera, XIX. mendearen erdialdetik aurrera, udalak herritarrei zerbitzu berriak emateaz arduratu ziren: hiltegiak, latsarri edo harraskak, auzo berrietako iturri publikoak eta abar. Horrela, Txofreko (1843, 1898an ordezkatua), Amara Zaharreko (1884), Antiguako (1889) eta Egiako (1894) latsarriak eraiki ziren.

Instalazio horiei ura emateko, zenbait kilometroko hartuneak egin behar izan ziren, eta ura iturburuetatik bildu. Sistema hori, neurri handi batean, urteko ur zikloaren mende zegoen, eta, beraz, ezin zen beti bermatu hornidura publikorako beharrezko bolumena eta presioa. Aldakortasun horri aurre egiteko, eta Artikutzako (1960) eta Añarbeko (1975) urtegiak eraiki aurretik, bi biltegi egin ziren Ategorrietan: Soroborda (1869) eta Buskando (1899) izenez ezagutzen direnak. Azken horrek arkitektura aldetik edertasun handia du eta bisitatu egin daiteke.

Kutraiako iturri-latsarria

Iturburutik ateratzen zen ura jaso eta bertan atxikitzea zen instalazio horren helburua, Uliako baserrietako bizilagunek arropa bertan garbi zezaten (baserri horietako asko gaur egun desagertuta daude). Lurpean eraikia izatea zen haren berezitasuna: alde bakoitzean modu asimetrikoan kokatutako eskaileratik zuen sarrera. Ulia bertako hareharrizko harlangaitzez egina dago. Funtsean, egintza xume eta herrikoia da, inguruko biztanleen zerbitzurako egina.

Aipu batzuk XVIII. mendearen amaieran kokatzen dute gutxienez, beraz, garai horretan bakarra izango zen Donostian. Gero, Uliako tranbia jarri ondoren (1901-1902), errazagoa zen hiritik haraino iristea, batik bat arropa asko eraman behar zutenentzat.

Partekatu

unesco