Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kadaguako ibilbidea

Kadaguaren Ibilbidea

Aurkezpena  |  Ibilbidea: Bilbao, Barakaldo eta Alonsotegui, Sodupe eta Güeñes, Zalla, Balmaseda

Aurkezpena

XIII. mendearen hasieraz geroztik, Bizkaiko marinel eta merkatariek negozioak zituzten Brujas eta Anbereseko salerosleekin. Bizkaiko portuetatik meatzetako burdinaz eta Gaztelako artilez zamatuta abiatzen ziren ontziak. Eta Flandesetik bueltan, sotoak flandiar maisuek egindako oihalez, soinekoz eta arte-lanez mukuru etortzen ziren.

Harreman horiek gertatu aurretik ere, Donejakue Bidearen ordezko batek, Erdi Aroko galtzada europar handiak, Portugalete eta Bilbo lotzen zituen Frantses Bidea deritzonarekin, geroago Bilbo eta Balmaseda arteko Errege Bidea izango zenaren bitartez, aurrerago Mena Harana zeharkatu eta Burgoseraino iristeko.

Burgos merkataritza gune giltzarria izan zen, handik iristen baitzen Bizkaira zereal-alea, bertako herritarrak asetzeko behar-beharrezko jangai garrantzitsua; eta Gaztelako artilea ere bai, esportazio-bideen bila. Trukean, alderantzizko bidean, neerlandarren eskulanak iristen ziren Gaztelako hiri handira, gero Medina del Campo-ko azokan salduak izateko.

Denboraren joanean, Gaztelak munduratzeko zeukan merkataritza-bidean ardatza izan zen Bilbo. Hasieran, Aduanako Errege Bidearen bitartez lotu zen Balmasedarekin. Baina XVIII. mendean ardatz berritzaile batek ordeztu zuen bide-azpiegitura hori, Iparraldea eta Hegoaldeko Gaztelako lurraldeak elkartuz: Urduñako gurdibidea.

Geroago, XIX. mende bukaerako metalurgiaren gorakadarekin, Bilboko itsasadarraren estuarioa fabrika-sorburu oparoa bihurtu zen. Garaitsu honetan famatu zen La Robla-ko trena, "El Hullero" izenekoa, ezizenak dioan moduan Bizkaiko Labe Garaiak eta Leoneko ikatz-hobiak lotzen zituena.

Lurrun-makina indartsu hark, bagoiak arrastaka bilin-balan, berebiziko egitura sozioekonomikoaren zutarriak jarri zituen, ez bakarrik labeak elikatzeko behar zen ikatz-kopuru eskerga garraiatzen zuelako, ezpada ere horrekin batera etorkin-multzo handi-handi bat bertaratu zuelako Bizkaiko fabriketaraino. 

Koskaz koska, Bizkaiko jaurerriaren historiak aurrera egin ahala, ehunduz doa Kadaguaren Ibilaldia, tradiziozko merkataritza-jarduerari lotua eta geroko burdingintzaren ustiakuntzarekin parez pare joango den ibai-ibilgua. Ibai-izena duen bidea, herririk herri igarotzen dena, eta erakusten duena bazterrotako historia soziala, eskulangintzaren eta merkataritzaren kultura, gastronomia eta ondare arkitektonikoa. Hala, jakinguraren begiak asetzeko, jakintzaren kriseiluak argiztatuak, zortziehun urtez goitiko jardueraren aztarnak ditugu aurrez aurre, honako ondarea eta ondoko lekuetan hain zuzen: Bilbo, Barakaldo eta Alonsotegui, Sodupe eta Güeñes, Zalla eta Balmaseda.

Informazio gehiago nahi izanez gero:

  • Euskal Kultura Ondarearen Zentroa:     945 01 94 00
  • Enkartur Turismo Bulegoa (Balmaseda):     94 680 13 56
  • Bilbao Ekimen Turistikoak:     94 416 02 88
  • Enkarterrietako Museoa (Sopuerta):     94 650 44 88
  • Balmasedako Historia Museoa
  • Euskal Museoa (Bilbao):     94 415 54 23

Bilbao

San Anton eliza eta zubia. Erdi Arokoak, Bilbo sorrarazi zuen gunea (gaur egun hiriko auzoa, "Zazpi kaleak") bezala eta horren atalaurre. Eliza 1433an eraiki zen eta hainbat eta hainbat aldaketa egin zituzten XVI. mendearen erdialdera arte. Alboan dagoen zubiak zubi zaharra ordezkatu zuen, 1882ko uholdeek eraitsi zutenean. Multzoa hiribilduaren sinboloa da, eta bertako armarrian agertzen da.

"La Concordia" geltokia. XIX. mendearen amaieran, Bilboko itsasadarrak Industria Iraultza ekonomia jarduera oparoko denbora modura bizi izan zuen, burdinazko meatzen ustiapen masiboarengatik. Horrekin batera meategi konpainien, ontziola baltzuen, siderurgia enpresen, banketxeen, hidroelektrika eta aseguru etxeen izugarrizko loraldia izan zen. Historia-testuinguru horretan egin zituzten "La Roblako trena" eta "La Concordiako geltokia", Alemaniako eta Erresuma Batuko XIX. mendeko trenbide-geltokiak inspirazio-iturri dituena. La Concordiako geltokia 1902an inauguratu zen, Bilbora lehenengo trena Santanderretik iritsi eta handik gutxira.

"La Roblako trena" edo "el hullero" garaiko eta ondorengo urteetako klasikoa izan zen. Mendearen amaieran ireki zuten, Leongo ikatza Nerbioi-Ibaizabal itsasadarreko lantegi handietaraino garraiatzea zuen helburu. Urteak joan, urteak etorri, bidaiariak ere garraiatu zituen, harik eta 1991n bidaiarientzako zirkulazioa eten zuten arte. 2003ko maiatzaren 20tik, "harrikatza garraiatzeko" linea berrituak zazpi ordutan lotzen ditu berriro Bizkaiko hiriburua eta Leon.


Galeria fotografikoa

San Anton eliza eta zubia
San Anton eliza eta zubia
La Concordia geltokia
"La Concordia" geltokia

Barakaldo eta Alonsotegui

Kastrexanako Zubia edo "Deabruaren" Zubia.XIV. mendeko dokumentuetan jada aipatua. Funtsezkoa Errege Bidetik Kadagua ibaia zeharkatzeko, eta oso garrantzitsua Donejakue bidearen erromesek bertatik segi zezaten apostuluaren hilobirako bidean. Kadagua Donejakueko igarotze ibilbidea izan baita betidanik, eta Bilbora edo Portugaletera itsasontziz iristen ziren Irlandako eta Britaniako erromesek Kadaguako ibilbidea erabiltzen zuten, Burgosen "Frantziako bidea" deritzona hartzeko. Kastrexanakoa zubi gotikoa da, eta erdi-puntuko arku bakarra du. Inguru horretako elezahar ugariren arabera, deabruak berak eraiki zuen zubia.

Santa Agedako koke-bateria Zubilleta auzoko Erdi Aroko burdinola zahar baten ordez eraiki zen, zeina egurra lehengai eta energia-iturri modura ibaiko ura erabiltzen zituen aspaldiko artisau-galdategia baitzen. Kadagua ibaiaren arroan, hainbat eta hainbat burdinola eraiki zituzten. 1870ean, Bessemer labea asmartu zenean burdinola zaharrak eraldatu eta industria-ekipamendu berriak bihurtu ziren, "Santa Ageda koke-lantegi" dagoeneko zahar hau bezala. Labe garaia desagertua dagoen arren, koke-bateria honek, XX. mendeko 30 labez osatua, zutik segitzen du.

San Antolin baseliza (Irauregi). XV. mendearen amaierako eraikin errenazentista da, eta estilo neogotikoan zaharberritu zuten XX. mendearen hasieran.


Galeria fotografikoa

Kastrexanako Zubia edo 'Deabruaren' Zubia
Kastrexanako Zubia edo "Deabruaren" Zubia
Santa Agedako koke-bateria
Santa Agedako koke-bateria
San Antolin baseliza
San Antolin baseliza

Sodupe eta Güeñes

Erromatar soldadu, hiribilduetako artisau, merkatari, erromes, industri-ugazaba dirudun, nekazari eta langileez gain, noble ahaltsuek ere utzi digute historia-arkitekturazko ondare zibila eta erreligiosoa, handiki sendi horiek Kadaguako lurretan izandako nagusitasunaren isla, baita euren fedearena ere:

San Bizente eliza (Sodupe). XVIII. mendekoa. Ondare aberatsa gordetzen du bere altzari ugarien artean: erretaulak, urregintza-lanak, hilobiko laudak.

"La Cuadra" Dorrea (Güeñes). XIV. mende hasierakoa. Dagoen gainaldetik haraneko sarbidea kontrolatzen zuen. Ondoan ditu San Pedro eliza eta bolatoki bat, biak interes berezikoak.

Santa Maria eliza (Güeñes). XVI. mendekoa. Bizkaiko erlijio-arkitekturaren portadarik interesgarrienetakoa dauka.

Urrutia etxetzarra (udaletxea). XIX. mendekoa da, eta indianoen etxetzar ikusgarria da. Estilo frantsesekoa da.


Galeria fotografikoa

Santa Maria eliza
Santa Maria eliza
Urrutia etxetzarra
Urrutia etxetzarra

Zalla

Bolunburuko multzoa. Kadagua ibaiaren arroan, hainbat eta hainbat burdinola eraiki zituzten, gaur egun aztarna gutxi batzuk baino ez badaude ere; esate baterako, Bolunburukoa. Multzoa Santa Ana ermitak (1610), burdinola zaharraren hondakinek eta Bolunburuko dorreak (XVI) osatzen dute.

"La Mella" multzoa. Terreros dorrea (Kadagua ibaia zeharkatzeko ubera kontrolatzen zuen), Urrutia jauregia eta San Antonio ermita. Azken horretan hasten da Balmasedaraino doan galtzada.

Zariketeko San Pedro ermita. XVI. mendekoa da, zenbait aldiz zaharberritu badute ere. Erromensentzako iturria eta Gernikako Arbolaren muskila daude alboan. 1912an landatu zen ernamuin hori.


Galeria fotografikoa

Bolunburuko multzoa
Bolunburuko multzoa
Zariketeko San Pedro ermita
Zariketeko San Pedro ermita

Balmaseda

Pisoraca-Flaviobriga bide erromatar zaharra. Pisoraca izeneko kanpamendu militar erromatarrean du sorburua (oraingo Herrera de Pisuerga, Palentzian), eta Mena Harana eta Kantabriako Castro-Urdiales (erromatarren Flaviobriga zaharra) lotzen zituen. Garai hartan, Castro-Urdiales bera zen erromatarrek Kantauri itsasoko kostaldean zuten kolonia bakarra. Antza denez, itsasorako beste irteera baten bila zebilen bigarren mailako bidea abiatzen zen galtzada erromar horretatik. Izan ere, Kadagua ibaiaren ibilguari eutsi eta Nerbioi-Ibaizabal itsasadarrarekin bat egiten zuen.

Erdi Aroan, erromatarren galtzadatik zihoan ibilbide hori Errege Bide bihurtu zen, Gaztelako merkataritzako zirkulazio hasiberria bermatzeko. Itsasora bidean, hainbat eta hainbat hiribildu sortu zituzten, lehenengo eta behin Balmaseda, 1199an, eta ondoren Bilbo, 1300ean. Hori dela eta, merkataritza, zerga eta zuzenbide arloko pribilegio ugari eman zizkieten bertako biztanleei.

"La Muza" zubia. Balmaseda Enkarterri eskualdeko hiriburu historikoa da. Zubi horretan aduana jarri zuten, eta bertan "bidesaria" ordaindu beharra zegoen merkantziak eta pertsonak igarotzen zirenean; horrez gain, hiribildua babestea zuen helburu. Bizkaiko zubirik enblematikoenetariko bat da, XV. mendean, XIII. mendeko oinarri erromanikoaren gainean eraiki zen dorretxo zoragarri bat dauka. Erdi Aroan hiribilduaren inguruan zegoen harresiko ate zaharretako bat zen, hain zuzen ere.

Laster, "Artilearen ibilbidea" esan zioten bide horri, Brujaseko porturantz, Balmasedatik Bilbora garraiatzen zuten merkantzia nagusia zen eta. Gaztelako artilea "Flandeseko oihal" ospetsuak egiteko erabiltzen zen. Brujasetik itzultzen ziren ontziek Gaztelera eramaten ziren oihalak garraiatzen zituzten.

Kadaguako ibilbidetik Europako portuetara garraiatzen ziren merkantzien joan-etorriek behera egin zuten XVIII. mendean, Urduñako gurdibide berria ireki zutenean, Mesetatik egindako bidaia askoz azkarragoa eta erosoagoa zelako bide horretatik.

San Seberino eliza. XV. mendekoa da, eta Erdi Aroko tenplu gotikoen adibide ederra da barruko aldea. Aurrealdea eta dorreak 1730ean zaharberritu zirenez, barrokoak dira erabat.

"La Encartada" txapel-fabrika. Kadaguaren ertzean 1892an sortua. Ibaiaren indarra baliatzen zuen bere makineria mugiarazteko. Enpresa-kontzeptu zahar baten oinordeko, itzelezko barrualdea du, gustu oneko xehetasunez hornitua. 1992an itxi zuten eta ehungintzaren museoa izango da laster.


Galeria fotografikoa

Pisoraca-Flaviobriga bide erromatar zaharra
Pisoraca-Flaviobriga bide erromatar zaharra
'La Muza' zubia
"La Muza" zubia
San Seberino eliza
San Seberino eliza
'La Encartada' txapel-fabrika
"La Encartada" txapel-fabrika