Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

1. Junkaleko eliza (Irun)

1. ETAPA: HONDARRIBIA • DONOSTIA

Junkaleko elizaren sorrera eta garapen historikoa

Gaur egungo dokumentazio-erregistroek erakusten dute Irungo Andre Maria eliza bat bazegoela XIV. mendearen erdialderako, nahiz eta agian lehen eraikuntza mende batzuk lehenagokoa izan, Goi Erdi Arokoa. Ezer gutxi dakigu Antzinatearen eta Erdi Aroaren artean Irungo asentamenduak izandako garapenari buruz, baina baliteke Bidasoa ibaiaren estuarioan bizi zen jendeak erlijio-tenplua izatea. Orain arte ezagutzen dugunaren arabera, tenplua erromatarren garaiko hondarren gainean eraiki zen, eremu erakargarri batean, merkataritzaren ikuspegitik: izan ere, bertan aurkitu ziren Kristau Aroko lehen mendeetako ontziraleku baten hondakinak. XII. mendearen amaieran, Bidasoa ibaiaren ertzean dagoen “Oiarso” portua aipatzen da; beraz, baliteke leku horrek denbora tarte horretan interes estrategikoari eustea.

Hala, Irungo herrixkako komunitateak parrokia-eliza bat izan zuen, eta XIV. mendearen erdialdetik aurrera Hondarribikoarekin elkartuta agertuko da. Elizako zergak, beraz, Hondarribiko elizan ematen zituzten irundarrek; hori dela eta, astero elizgizon bati zegokion Irungo elizan zerbitzatzea. Mendekotasun ekonomiko horren ondorioz, Irungo elizan ematen zen zerbitzua bi herrien arteko harremanen gorabeheren menpe zegoen, eta gainera, zailtasunak sortzen ziren mendeko parrokia hedatu eta handitzeko. Esaterako, elizan limosna jarriko zutenei induljentziak eman zitzaizkien, Irungo elizak ez baitzeukan nahikoa dirurik obren kostuei aurre egiteko. Azkenik, XVIII. menderako erabateko autonomia lortu zuen Irungo elizak, eta horren ondorioz, pastoraltza- eta liturgia-alderdiak eta alderdi artistikoak garatu zituen. Alde horretatik, aipatzekoa da Junkaleko elizako musika-kapera, XIX. mendean indartsu iraun zuena.

Ezaugarri artistikoak

Trabak gorabehera, irundarrek gaur egun ezagutzen dugun tenplua eraikitzea lortu zuten. Tenplua ez zen fase bakar batean amaitu, XVI. mendean garatu eta 1606 inguruan amaitu zen. Hala ere, geroagoko lanak ikus daitezke: ate eta leihoetako dekorazioak, adibidez. Eraikuntza-historia luze horren emaitza dira: elementu gotiko berantiarrak (gargolak eta zutabeen oinarriak) bolumen nagusi errenazentista (gangak eta zutabeen erremateak), eta ate eta leihoetako xehetasun barrokoak.

Azken estilo horretakoak dira Bernabé Corderok (arkitektura) eta Juan de Bazcardok (eskultura) egindako erretaula nagusia. Banku, bi gorputz eta atikoz osatzen da, eta Ama Birjinaren eta Kristoren Pasioaren bizitzako eszenak irudikatzen ditu. Eskulturak nabarmentzekoak dira, non elementu erromanistak eta Gregorio Fernándezen eragin berria elkarrekin ageri baitira. Sagrarioaren gainean dagoen horma-hobian, Ama Birjinaren irudia dago. Haren estiloak XII. mendera garamatza.

Partekatu

unesco