Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

PEÑAS NEGRAS Ingurumen Interpretazioko Zentroa. Meatzaldeko Geologia eta Historia

Ingurumena / Ingurumen-hezkuntza

Trianoko Mendiak erromatar garaitik ezagutzen dira, ugaria eta kalitate handikoa baitzen hango burdina. Duela gutxi, arkeologiari esker egiaztatu ahal izan da bertan erromatarrak egon zirela (K.o. III-IV. mendeko zeramika azaldu baita). Eta horrek zenbait historialarik esandakoa berrespen du. Adibidez, Plinio Zaharrak, K.o. I. mendean, Iberiar Penintsulako iparraldean "burdinazko mendi handi" bat zegoela esan zuen.

Beraz, inguru honen protagonista nagusia burdina dela esan daiteke. Mineral honek eragin erabakigarria izan zuen gure herrialdeko ekonomian, gizartean, ingurugiroan eta abarren. XIX. mendearen erditik Bizkaia eta, neurri batean, Euskal Autonomia Erkidegoa modelatu zituen mineralak.

Dena dela, XIX. mende amaiera arte ez zuten gehiegi ustiatu; batez ere, 1876-1930 bitartean jasan zuen "meatzaritza ustiaketa handia" izenez ezagutu den fasea. 

XIX. mendea baino lehen, mendien goialdean ez zegoen meatzarien auzorik. Jendea Somorrostro bailarako (Trapagaran-Muskiz) herrietako baserrietan bizi zen. Baserritarrak udan mendiko minerala erauztera igotzen ziren. Ondoren, idiz edo mandoz tiratutako gurdien bidez jaisten zuten minerala ibai aldera; eta hortik banatzen zuten burdinoletara.

Ordura arte Trianoko eta Galdamesko Mendiak haritzez, gaztainondoz eta bertako beste hainbat espeziez osatutako basoz estalirik zeuden. Arestian aipatutako meategiez gain, baserritarren ekonomiarako oinarrizko aberastasun iturri ziren baso horiek; izan ere, basoko ekoizpenak ateratzeko -egurra, egur ikatza, fruituak...- eta abeltzaintzarako erabiltzen ziren.

Egoera horrek aldaketa handia izan zuen, batez ere XIX. mende erdialdetik aurrera, Industria Iraultzaren eraginak gero eta nabarmenagoak ziren heinean. Garai horretan, mineralak erauzteko lehergailuak erabiltzea ohiko bihurtu zen. Erauzketa lana "aire zabalean" egiten zen, harrobietan egiten den antzera; izan ere, burdina lurrazalean zegoen.

Erauzketa sistema horrek ingurumenaren gaineko eragin handiak sortu zituen. Inguru hori landarerik eta animaliarik gabe geratu zen; eta horrek ingurunean aldaketa handia eragin zuen: "burdinazko mendia" desagertu egin zen, "ilargi paisaiaren" tankera hartu zuen, zulo handiz, harkaitz soltez, hondakindegiz... beterik.

Gaur egun ere, nabarmenak dira meatzaritza jarduerak utzitako "arrastoak", azpiegitura hondarrak eta aintzira artifizialak -alegia, aire zabalean geratutako meatze zaharrak lur azpiko urez beterik-. Horrek guztiak oso paisaia berezia sortu du, giza jardueren ondorioz guztiz aldatu den paisaia berezia, hain zuzen ere.

                                        

Behin minerala harrobietatik erauzten zenean, plano inklinatuen eta aire tranbien bidez (funikular eta teleferikoen antzekoak, hurrenez hurren) jaisten zuten bailarako tren geltokietara. Meatze tren horiek ibairantz eta kostalderantz garraiatzen zuten burdina, bai atzerrira eramateko eta bai -1902. urteaz geroztik- Bizkaiko Labe Garaietara eramateko ere.

XIX. mende bukaeran meategi hori munduko garrantzitsuena bilakatu zen honako ezaugarriak zirela bide: burdina ugari eta kalitate handikoa, minerala erauzteko erraztasuna, laneko kostu urriak eta itsasoarekiko hurbiltasuna -horrek garraioa asko errazten zuen-. Horrela, eremu horretan beste estatuetako enpresak kokatu ziren, esaterako: Orconera (ingelesa) eta Franco-Belga. Enpresa horiek eman zieten, hain zuzen, behin betiko bultzada meategi horiei.

Mineralaren gehiegizko ustiaketak eskulan ugaria zuen beharrezko; hori zela eta, langile askok immigratu zuen eskualde horretara, Euskal Herriko beste zenbait eskualdetatik, Gaztelatik, Galiziatik, Aragoitik... immigratu ere. Horrela, langile horiei ostatu emateko meatze auzo ugari sortu ziren; esate baterako, La Arboleda auzunea 1877an.

Auzune horien isolamenduak eta azkar eta inolako antolakuntzarik gabe eraiki izanak bertako biztanleak bizi baldintza kaskarretan bizitzea eragin zuen. Egurrezko etxebizitzak (horietako hainbat oraindik ere ikus daitezke La Arboleda auzoan) eta meatzaritzako enpresek eraikitako barrakoiak ziren nagusi (langile asko pilaturik bizi ziren gela bakarreko pabiloi luzeak).

Lan baldintza kaskarrez gain -gehiegizko lanaldiak, soldata txikiak, kanpoan estalperik gabe lan egitea, istripuak...- bizi kalitate urria izateak hilkortasun tasa handia eragin zuen -osasuna kaltetu baino egiten ez zuten etxebizitzak, higiene urria, jateko gutxi...-. Hilkortasun tasa asko handitzen zuten, gainera, etengabeko izurriteek (kolera, tifusa...).

Egoera hori are larriago bilakatu zen "derrigorrezko dendak edota kantinak" zirela bide. Denda edo kantina horiek meatze enpresek jarri zituzten eta langileburuek gobernatzen zituzten. Meatzariak behartuta zeuden denda horietan erosketak egitera; egin ezean, langileburuek ez baitzien lanik ematen. Dendetako jabeak egoera horretaz baliatzen ziren egoera kaskarrean zeuden produktuak garesti saltzeko. Gainera, meatzariek lan egiten zuten egunak baino ez zituzten kobratzen; alegia, euria zela eta lanik egiten ez zutenean eta gaixorik zeudelako edota istripuren bat jasan zutelako lanik egiten ez zutenean, ez zuten kobratzen. Ondorioz, zenbait hilabetetan meatzariek ez zuten sosik ere ikusten; eta batzuetan, gainera, langileburuari zorretan geratzen ziren.

Baldintza negargarri horiei aurre egiteko eta beren eskubideak defendatzeko, meatzariak elkarteak sortzen hasi ziren. Ondorioz, eskualde hori langile mugimenduek , izan zuten garapenagatik ere garrantzitsu bilakatu zen. Langile mugimendu horiek orientabide sozialistako sindikatuak zituzten, batez ere, buru. La Arboledako plazan dago UGT sindikatuaren -1888an sortutako sindikatua- eta kutsu katolikoa zuen Leon XIII.a Langileen Elkartearen egoitza -1906an sortua-.

Burdin meatzeak XX. mendeko laurogeiko hamarkadara arte jarraitu zuten ustiatzen.

Azkenak Gallartan (Bodovalle) itxi ziren 1993an. Meatzeak ixtearekin batera, jendea ibai aldeko industrietara joan zen eta meatze auzune asko desagertu egin ziren edota biztanleria neurri handi batean murriztuta ikusi zuten. Esate baterako, La Arboleda auzoa garai batean 3.000 biztanle baino gehiago izatetik gaur egun 600 baino gutxiago izatera igaro da.

Meatzeak ixten joan ziren heinean, gizakiak ingurunean eragindako presioa ere murriztuz joan zen, eta natura lehengoratzen hasi zen.

"Ilargiko paisaia" horretako lurrak oso hondatuta geratu baziren ere, pixkanaka-pixkanaka espezie kolonizatzailez hasi dira -belarrak, otea...-, baina, hala ere, lurzorua hain pobrea izateak -meatze ustiaketen ondorioz- asko zailtzen du zuhaitz itxurako espezieak lurzoru horretan haztea.

Gaur egun, auzune horietan bizi direnek industrialdeko enpresetan egiten dute lan. Abeltzaintzak ere badu garrantzia, behi, zaldi, ardi eta ahuntzenak, hain zuzen. Era berean, zerbitzuen sektorea -batez ere La Arboleda auzunean- indar handia ari da hartzen -jatetxeak, zaldiak alokatzea...-; izan ere, giza jardueraren ondorioz hainbeste aldatu den inguru horrek aisiarako eta kultur ekintzetarako aukera paregabea eskaintzen du.

Burdin mineralak

Triano eta Galdamesko Mendietatik erauzitako burdin mineralak hurrengo hauek izan ziren: siderita, hematita (oligistoa), limonita eta goethita.

EZAUGARRI NAGUSIAK

Siderita (FeCO3) burdin karbonatoa da. Kolore horia edo arrea du eta bere marra zuria da. Burdin legea %48koa da.

  

Hematita edo oligistoa (Fe2O3) burdin oxidoa, gorri laranjatua da, eta marra gorria du. Burdin legea %70ekoa da.

Limonita (Fe2O3 nH20) hainbat mineralen nahasketa da. Horia edo arre iluna da, eta marra arrea edo horixka du. Zenbaiten ustez, hidratatutako burdin mineralek eta hondarrek osatutako haitza da.

  

Goethita (FeO2H) burdin hidroxidoa da. Limonitaren osagai nagusia da, baina, zenbaitetan, isolatutako mineral gisa azaltzen da. Beltza kolorekoa da eta bere marra arre horixka du, eta %60-70 bitarteko legeak. Normalean koskor esferoidez betetako masa beltz gisa (goethita botroidala edo mamelonarra) kristalizatzen da; beste batzutan estalaktita moduan (goethita estalaktitikoa) kristalizatzen da edo kolore pilo bat duenenan goethita irisatua deitzen da.

 

NOLA IDENTIFIKA DAITEZKE?

Metodo erraz bat hemengo meategietatik ateratako burdin mineral guztiak bereizteko azpiko klabean ikusten den bezala:

Burdinolak

Oiola edo Loiola ibaian zehar, gaur egun izen bereko urtegia dagoen lekuan, eta El Regato (Barakaldo) aldera jaisten diren hegaletan haizezko burdinolen edo haizeolen aztarna ugari aurkitu egin dira, garai batean burdin mineralak urtzeko erabiliak.

XIII. mendeaz geroztik burdinola hidraulikoak edo zeharrolak nagusitu ziren eta ibaien behealdeetan kokatzen ziren horiek. Horrelako instalazio ugari egon zen inguru honetan: El Regato, Galdames, Muskiz, etab. Azken herri honetan El Pobaleko burdinola aurkitzen da, Bizkaian geratzen den bakarrenetakoa bera.

Burdinola horietan era guztietako tresnak egiten ziren (aingurak, nekazaritza tresnak, iltzeak, armak eta abar). Tresna hauek ez ziren soilik bertako merkatuan saltzen; Europako herri gehienetara ere esportatzen ziren eta baita kolonia amerikarretara ere. Horrekin, beraz, imajina dezakegu zer-nolako garrantzia izan duen betidanik burdin merkataritzak gure ekonomian. Foruek ere, burdinaren industria babestearren, burdina gordina esportatzea galarazten zuten eta, beraz, bi eratara baino ezin zen esportatu: tresna eta lanabes gisa edo lingote edo totxotan erdilanduta.

Burdina honen kalitate ona garai hartako hainbat agiri eta literatur testutan irakur daiteke. Adibidez, Shakespearek, Hamlet lanean, "Bilbo" deritzo eskuburdina bati, honen jatorria zein den argi eta garbi adieraziz.

Jarduera horiek hainbat eragin izan zuten ingurugiroaren gain. Horrela, burdinoletako labeetarako egur ikatza erabiltzeak basoak sistematikoki ustiatzea eragin zuen, nahiz eta hasieran zuhaitz adarrak baino ez moztu, eta ez enborra. Kontuan izan behar da kilo bat ikatz lortzeko 5 kilo egur behar zirela eta kilo bat burdina urtzeko, aldiz, 5 kilo ikatz erabili behar zela.

Hala eta guztiz ere, gure mendien deforestazio handia XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendearen hasieran hasi zen. Izan ere, garai horretan burdinolak pixkanaka itxi egin ziren eta, nahiz eta egur ikatza hain beharrezkoa ez izan, zuhaitzak zur industriarako botatzen hasi ziren. Eta horrez gain, mendien jabetza zuten herriak baso komunalen eremu handiak saltzen hasi ziren, gerretan egindako zorrak kitatzeko. Gainera, garai hartan hazkuntza demografiko itzela eta, laborantzarako lur gehiago behar izan zen, hori ere zuhaiztiaren kalterako.

Ingurugiroaren gaineko beste eraginetako bat burdinola hidraulikoen ondorioz jazo zen. Izan ere, horrelako burdinolek ura behar zutenez, uharkak eraiki ziren ura burdinoletarantz bideratzeko eta, beraz, ibaien berezko ibilgua moztu egiten zen.


Industria iraultza

Gertakari honek zeharo aldatu zuen meatzaritza tradizionala. Industria iraultza Ingalaterran hasi zen XVIII. mendearen bukaeran, eta gure lurraldean XIX. mendearen erditik aurrera garatu zen.

Teknika berriak sartu ziren eta pentsamolde kapitalista agertu zen. Kapitalismoarentzat garrantzitsuena zera da: ahalik eta denbora gutxienean etekin handiena izatea. Bi ezaugarri horiek ekoizpen sistemak goitik behera aldatu zituzten.

XIX. mendearen erditik aurrera, atzerriko kapitala, ingelesa batez ere, Bizkaiko meategiez interesatzen hasi zen, batik bat meategiei buruzko estatuko legeak ezarri zirenetik, 1849. urteko Meategiei buruzko Legea ezarri zenetik, bereziki. Izan ere, lege horiek ustiapenak pribatizatzea eta minerala gordinik esportatzea ahalbidetu baitzuten.

Bestalde, Bizkaiko jaurerriaren foru bereziak zirela eta, bizkaitarrek baino ezin zuten burdina erauzi. Horregatik, XIX. mendean meategien pribatizazioa jazo zenean, bizkaitarrak izan ziren meategien jabe egin ziren lehenak. Horrela, beraz, atzerriko kapitalak ezin izan zuen meategi garrantzitsuenen jabetza erosi, eta meatoki horiek ustiatu ahal izateko bertako nagusiei alokatu behar izan zizkien. Horren guztiaren ondorioz, bertako burgesia garrantzitsua indartu zen (Ybarra, Chavarri, Martínez Rivas...). Eta burdin mineralari esker lortutako etekinekin eta beste inbertsio mota batzuekin (hala nola, Kolonietatik aberriratutako kapitalak, nekazaritza errentak, merkataritza eta abarrekin) siderurgi industriak, ontziolak eta bankuak sortu ahal izan ziren, Bizkaiko garapen ekonomikorako funtsezko oinarriak horiek.

Garai horretan asmatu zen Bessemer bihurgailua (1856). Tresna horri esker, kalitate hobeko altzairua lor zitekeen, baina burdin mineralak ez fosforikoa izan behar zuen. 

Europa guztian zehar bi lekutan baino ez zeuden horrelako meategiak, Eskandinavian eta Bizkaian, alegia. Eta Bizkaiak abantaila asko zituen bere alde: kalitate oneko burdina, kostaldetik hurbil egotea, meategiak aire zabalean ustiatzea, eskulan merkea eta, azkenik, minerala urte guztian zehar erauzteko aukera, Europako iparraldeko neguaren laztasunarekin alderatuz. Abantaila horiengatik guztiengatik, atzerriko kapitala Bizkaiko meategietan inbertitzen hasi zen, eta prozesu hori bizkortu egin zen behin Bigarren Karlistada amaitu ondoren (1872-1876).

Gerra amaieratik aurrera, Triano eta Galdamesko mendien gainaldeak aldaketa itzela jasan zuen eta meatzaritzako ustiapen handia deitu zenaren hasiera izan zen. Aro horrek 1876. urtean hasi eta XX. mendearen hasieraraino iraun zuen, eta XIX. mendeko 90eko hamarkadan izan zuen garapenik handiena. Ekoizpen handieneko urtea 1899a izan zen, 6,5 milioi Tn-koa, hain zuzen ere. Datu horrekin imajina dezakegu zer-nolako garrantzia izan zuten meategi horiek, bere garaian munduko garrantzitsuenak izandakoak.

Meatzaritzaren gorakadak XX. mendeko 30eko hamarkadara arte iraun zuen, indar gehiago edo gutxiagorekin. Eta ordutik aurrera gainbehera etorri da pixkanaka, gaur egun arte. 1993. urtean azken meategiak itxi ziren Bodovallen, (Gallartako udalerria).

Ilargi paisaia

Bizkaiko Meatzaldean, batez ere aire zabaleko ustiaketa gauzatu zen; izan ere, mineralaren %90a harrobietatik erauzi zen. Jarduera mota horrek ingurugiroaren gaineko izugarrizko eraginak sortu zituen; eta ondorioz, bizitza mota guztiak desagertu ziren, landare eta animalia guztiak desagertu ere.

Batetik, burdin minerala lortzeko egindako inausketek eta leherketek, eta bestetik, minerala garraiatzeko eraikitako beharrezko azpiegiturek ingurunearen deforestazioa eragin zuten. Ingurune horrek argazkietan eta dokumentaletan eskaintzen den ilargiko paisaiaren antza hartu zuen; horregatik deitu izan zaio, hain zuzen ere, "ilargi paisaia".

Emaitza giza jardueraren ondorioz guztiz aldatutako paisaia izan da. Horregatik uste dugu, hain zuzen, Meatzealdeak ahalmen didaktiko handia duela; alegia, jarduera ekonomikoak ingurune naturalean eragiten dituen ondorioak aztertzeko leku egokia dela.

Planu inklinatuak edo errestabideak

Altuera handiak igotzeko edota jaisteko bideak ziren. Bide horien gainean bagonetak ibiltzen ziren, kableek edo kateek tirata. Errestabideak minerala garraiatzeko, meatzeetatik kontsumitzeko lekuetara eramateko edo ontziratzeko lekuetara eramateko erabiltzen ziren.

Gehienak automotoreak ziren, hau da, mineralaz betetako bagonetek, beherakoan, bagoneta hutsak igoarazten zituzten. Horregatik, beharrezkoa zen bi bide izatea edo bestela erdian desbideraketa ezartzea. Planoaren goialdean diametro handiko danborrak jartzen ziren eta kablea bertan biribiltzen zen.

Gehien erabili ziren sistemak bi izan ziren: 

  • Kable jarraitukoa edo katea bakarrekoa (funikularrek bezala funtzionatzen zuen).
  • Bestea, berriz, aireko kateak. Azken sistema horrek honela funtzionatzen zuen: bagoneten gainean, airean, trakzio katea zihoan eta bagonetak katea horren mailetan lotzen ziren, gora eta behera higitzeko.

DATU INTERESGARRIAK

  • MALDA: %5 eta %80 artekoa izaten zen.
  • GARRAIATUTAKO TM: Kable bakarrekoak: 3.000 TM / eguneko. Aireko kateak: 2.000 TM / eguneko.
  • ABIADURA: Aireko kateak: 1 m / seg.
  • MALDA HANDIENEKOA: San Fermin errestabidea, %80-ko malda baitzuen. Campillo ingurua eta Los Castaños auzoko Galdameseko trena elkartzen zituen (biak Gallartan).
  • LUZEENA: Kable bakarrekoa: 1.097 metro neurtzen zituen. Orkonera konpainiarena zen eta 1880an eraiki zuten. Matamoroseko meategiak eta Orkonerako geltokia (Ortuella) elkartzen zituen. Aireko katea: 3.700 metro neurtzen zituen. Saucoko (Galdames) meategiak eta Galdameseko trenaren 11. kilometroa elkartzen zituen.
  • ERRESTABIDEEN EDO PLANU INKLINATUEN KOPURUA: XIX. mendearen amaieran 17 errestabide zeuden.

Aire tranbiak

Meatzaritza emakidetan, minerala ateratzeko, sarritan altuera handiak igo edota jaitsi behar izaten ziren. Horretarako, aire tranbia erabiltzen zuten nagusiki.

Aire tranbiek honela funtzionatzen zuten: metalezko edo egurrezko astoen (zutabe bertikalen) gainean kable bat edo batzuk ezartzen ziren. Kableetan baldeak zintzilikatzen ziren eta balde horietan minerala garraiatzen zen. Kargatzeko eta deskargatzeko lekuetan kableak polea batzuetatik pasatzen ziren.

Sistema erabilienak hauek izan ziren:

  • Kable bakarreko sistema. Amaierarik gabeko kable bakarra erabiltzen zen eta kable horrek egiten zituen trakzio eta eramate lanak.
  • Hiru kableko sistema. Bi kable finkok baldeak eramaten zituzten eta hirugarren kableak horiek mugiarazten zituen, makina eragile batek eraginda.

Aire tranbiak meatzeak beste leku batzuekin elkartzeko erabiltzen ziren: minerala garbitzeko lekuekin, beste garraiobideekin edo zuzenean zamalekuekin (portuarekin).

DATU INTERESGARRIAK

  • MALDA :%25 edo 30 baino txikiagoa izan behar zuen.
  • GARRAIATUTAKO KILOAK: 170 Kg/baldeko.
  • LEHENENGO AIRE TRANBIA: 1872an eraiki zen. Matamoros meategia eta Arkotxako (Trapagaran) Trianoko trenaren geltokia elkartzen zituen.
  • LUZEENA:Aire tranbiarik luzeena Orkonera konpainiarena izan zen. 14,2 km neurtzen zituen eta 1910 eta 1945 artean funtzionatu zuen. Carmen VII meategia (La Arboledatik hurbil) eta Campomar garbitegia (Pobeña-Cobaron) elkartu zituen. Europako garrantzitsuena izan zen.
  • AIRE TRANBIEN KOPURUA: XIX. mendearen amaieran 18 tranbia zeuden (gehienak kable bakarrekoak) eta XX. mendean beste 20 ezarri ziren (bakarra kable bakarrekoa).

Meatze trenbideak

Burdin minerala mendien goialdeetako meatzeetatik meatze trenbideetara eramateko plano inklinatuak eta aire tranbiak erabiltzen ziren, bereziki. Meatze trenbideetatik minerala itsasadarraren ezkerraldeko ontziralekuetara eta siderurgia enpresetara eramaten zen.

XIX. mendearen bigarren erdian, "trenbideen lege orokorra" (1855) onartu zenetik, meatze guneen inguruan trenbide sare trinkoa eratzen joan zen. Meatzaldea oso malkartsua denez, ingeniaritza lan ugari egin behar izan zen: lur erauzketak, tunelak, zubiak, lubetak, etab.

Trenbide horietatik gehienak meatze konpainiek egin zituzten, eurak erabiltzeko. Horien artean, besteak beste, honakoak dira aipagarrienak: Galdames (1876), Orconera (1877), Franco-Belga (1880) eta El Regato (1872). Baina guztietan garrantzitsuena, ezbairik gabe, Bizkaiko Foru Aldundiak eraiki zuen 1865ean (Trianoko trena). Lehena izateaz gain, mineral tona asko garraiatu zituelako izan zen garrantzitsua, eta foru aldundirako diru iturri handia izan zen.

Meatzaritza gainbehera zihoan heinean, trenbideak bertan behera uzten joan ziren, Trianokoa izan ezik, RENFEko Bilbo eta Muskiz arteko urreko tren linea jartzeko erabili baitzen. Ibilbide horietako batzuk (Galdames eta Frantses-belgikarra esaterako) bidegorriak egiteko erabili dira; eta El Regatokoa, aldiz, zati batean asfaltatu egin da, eta Oiolako urtegira joateko errepide moduan erabiltzen da.

Labe garaiak

XIX. mendearen erdialdean, Industri Iraultzak ekoizpen sistemak ere aldatu zituen. Eta horrela, siderurgi industria tradizionalaren gainbeherarekin, burdinolena batez ere, burdinaren industria berri bat agertu zen pixkanaka: labe garaiak.

Bizkaian sortu zen lehengoa Santa Ana de Bolueta izan zen, 1848. urtean, eta 1902.ean Nuestra Señora del Carmen, La Vizcaya eta La Iberia enpresek bat egin eta Bizkaiko Labe Garaiak sortu zuten.

Enpresa enblematiko horren ordez, 1996. urtean A.C.B. ("Acería Compacta de Bizkaia") eraiki zen.

Bi industrien arteko desberdintasunak honakoak dira: labe garaiek burdin minerala urtzeko erregaitzat ikatza erabiltzen zuten; Aceria Compacta enpresan, berriz, labe elektrikoak erabiltzen dituzte eta txatarra urtzen dute.

Bestalde, langileen kopurua nabarmen murriztu da. Bizkaiko Labe Garaietan XX. mendeko 70eko hamarkadan 13.000 langilek egiten zuten lan, eta gaur egunean minialtzairutegian 450 langile baino ez daude. Aldaketa horren berehalako ondorioetako bat Bizkaiko ezkerraldean langabezi indizeak izan duen gorakada da.

Eremu hori desindustrializatzearen ondorioak hauek dira: batetik, inguruko herrietan langabeziak gora egin du eta jende kopuruak, berriz, behera; eta, bestetik, inolako kontrolik gabeko garapen ekonomikoak ingurugiroan eragindako ondorioak guztiz agerian geratu dira (lurzoruak eta urak kutsatzea, ekosistemak desagertzea...).

Langileak

XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran hainbat langile kategoria zeuden meategiko lanetarako:

  • Harri zulatzaile edo artilleroak lehergailuak jartzeaz arduratzen ziren. Horretarako, puntan amaitutako burdinazko makila luze batez baliatzen ziren, laztabina izenekoa. Laztabinaz, beraz, haitza jotzen zuten, zuloak egin eta zuloetan kartutxoak sartzeko. Leherketak egunean hiru aldiz egiten ziren: goizeko zortzietan, eguerdiko hamabietan eta arratsaldeko lauretan. Leherketekin hasi baino lehen, korneta jotzen zen eta bandera gorriak ipintzen ziren seinale gisa.
  • Gero, peoi-langile taldeak leherketaren ondoren lortutako minerala zatitzeaz, aukeratzeaz eta garraiatzeaz arduratzen ziren. Eta horretarako, aitzurrak, pikatxoiak, palak eta otarrak erabiltzen zituzten. Horixe zen langile talderik handiena.
  • Mutil koskorrak ere aritzen ziren lanean. Pintxeak ziren eta laguntzaile lanak egiten zituzten, hala nola, ura garraiatzea, eta horrexegatik urketariak ere deitzen zitzaien.
  • Emakumeek egiten zuten lana ere ezin dezakegu ahaz , zeren etxeko lanez gain minerala garbitegietan garbitzeaz ere arduratzen baitziren.
  • Horien guztien buru langileburua egoten zen, eta lana zaintzeaz eta banatzeaz arduratzen zen.
  • Azkenik, langile meatzarien zerrenda luzea amaitzeko, makinariak, zaldietan adituak, zerrenda egileak eta abar zeuden.

Lanaldia, behin arautu ondoren, eskuarki hamar ordu eta erdikoa izaten zen neguan eta hamahirukoa udan. Bi atsedenaldi egiten zituzten, bata gosaltzeko eta bestea bazkaltzeko. Lankako edo somara lana ere bazegoen: langile talde batek bagoneta kopuru jakin bat kargatzea hitzartzen zuen langilezainarekin kasu horretan.

La Arboleda

El sistema de explotación permitía el empleo de numerosos trabajadores no cualificados, sobre todo peones, lo que abarataba considerablemente los costes. Esta mano de obra fue cubierta en su mayor parte por trabajadores venidos de Bizkaia y de otros puntos del País Vasco, así como de Aragón, Castilla, etc., muchos de los cuales eran los llamados "temporeros", que compaginaban las tareas del campo en sus pueblos de origen con el trabajo en las minas.

La llegada de gran número de trabajadores ocasionó que poco a poco fueran surgiendo barriadas mineras. Hay que destacar que ésta era una zona que carecía de las más indispensables infraestructuras al haber estado despoblada anteriormente, a lo que habría que añadir la altitud e irregularidad de su orografía, hechos que dificultaban el abastecimiento. Al comienzo de la gran explotación minera la situación era tan precaria que en 1872 una visitante inglesa que recorrió la Zona Minera manifestó que "el vecindario apenas si está dotado de edificios de viviendas".

De las chabolas que empezaron a instalarse en la década de los años 70 del siglo XIX, nacerán los primeros barrios mineros. La Arboleda, principal núcleo de la zona alta, surgió hacia 1877 al lado de la única arboleda que quedaba en la zona, por lo que recibió ese nombre.

Ustiapen sistemak langile ez aditu ugari erabiltzea ahalbidetzen zuen, peoi-langileak batez ere. Eta horrela, kostuak izugarri merkatzen ziren. Eskulan merke hori betetzeko Bizkaitik eta Euskal Herriko beste leku batzuetatik etorritako langileak erabili ziren, eta baita beste leku batzuetatik etorritakoak ere, hala nola, Aragoitik, Gaztelatik eta abar. Langile horietako asko sasoikako langileak ziren, eta euren herrietako soro lanak meategietako lanarekin uztartzen zuten.

Horrela, beraz, langile ugari etorri zen eta, horren ondorioz, pixkanaka-pixkanaka meatze auzuneak sortu ziren. Auzo horietan behar-beharrezko azpiegiturak ere ez zeuden, lehenago inor ez baitzen bertan bizi. Gainera, lekua oso altuera garaian kokatuta zegoenez eta oso orografia irregularra zuenez, oso zaila zen auzune horiek hornitzea. Meatze ustiapen handiaren hasieran egoera hain zen eskasa, ezen Meatzealdea zeharkatu zuen bisitari ingeles batek 1872. urtean zera esan baitzuen: "auzuneak ozta-ozta ditu etxebizitzak ".

Lehenengo txabola horiek XIX. mendearen 70eko hamarkadan ipini ziren eta horietatik sortuko ziren lehenengo meatzari auzuneak. La Arboleda, goialdeko meatzari gune garrantzitsuena, 1877 aldera sortu zen han geratzen zen zuhaizti bakarraren ondoan, eta horra hor bere izena.

Hasiera-hasieran, meatze konpainiak beraiek arduratzen ziren euren langileei ostatu emateaz, barrakoien bidez, kuartelak ere deiturikoak. Nabe bakarreko egurrezko eraikuntzak ziren barrakoi horiek, eta bertan pilatzen ziren langileak baldintza penagarrietan. Oheak oholtza baten gainean jarritako oholak baino ez ziren. Gehienetan bi pertsonak ohe bera erabiltzen zuten txandaka; eta sistema horri ohe beroen sistema zeritzon. Horrela, sistema horren bidez, barrakoietan askoz ere jende gehiagok har zezakeen ostatu. Langileek barrakoietan bertan, barruan, prestatzen zuten euren janaria, baina eraikuntzek ez zuten ezta oinarrizko osasun baldintzarik ere: aireztapen gutxi, ohe gehiegi, zerbitzurik eza eta abar.

Bestalde euren familiekin bizi ziren langileak zeuden. Familia horiek euren etxebizitza propioak eraikitzen zituzten, inolako ordenarik gabe eta kalitate eskaseko materialekin, egurra batik bat. Horrela, mendietan eraikuntza bakanak hedatu ziren pixkanaka, gehienetan behin-behinekoak, meatze ustiapenetatik gertu.

Hazkuntza demografiko azkarrak etxebizitzak ugaritzea ekarri zuen. Horren ondorioz, egur gehiago behar izan zen eta, horrek, mendien deforestazioa areagotu zuen. 1904. urtean La Arboledan 20 kale eta 150 etxe zeuden; bertan 487 bizilagun zeuden eta 2.553 pertsona bizi ziren. Azken kopuru horrekin ikus daitekeenez, populazio higikorra oso ugaria zen. Izan ere, batez ere udan bertara joaten ziren sasoikako langile kopurua handia baitzen.

Etxebizitzak, esan bezala, oso eskasak ziren, eta kontuan izan behar da gainera familia gehienek beste langile batzuk hartzen zituztela euren etxeetan ostalari gisa. Beraz, logela bakoitzeko pertsona kopurua izugarri handiagotzen zen, pilaketa maila benetan larria izatera iritsiz. Horren guztiaren ondorioz, meatzari auzuneak etengabeko infekzio eta izurrite guneak ziren. Horrela, 1900. urte aldera, La Arboledan, jende gehien bizi zen meatzari auzoan, etxebizitzako famili dentsitatea 2,84koa zen batez bestez, edo bestela esan, etxebizitza bakoitzean ia hiru familia bizi zen, bertan bizi zitezkeen ostalariak kontuan izan gabe.

Bizi baldintzak zenbateraino ziren eskasak argiago ikusteko, nahikoa da Eugenio Vergara Garcia sendagileak idatzitako txostenaren honako zatia irakurtzea, Trapagarango goialdeko auzunetan jazotako baztanga izurritearen ondorioz idatzitakoa bera (1901-1902):

"...las habitaciones son casi siempre reducidas, hasta el punto de que puede decirse que hay verdadero hacinamiento; (...) en ellas se procura colocar el mayor número posible de camas, hasta el punto de compartir cuatro personas la misma cama, con distintos turnos para dormir (...). Tedio y compasión me ha dado cuando por mi ministerio he tenido que entrar en alguno de esos cuartos que, teniendo apenas cabida para dos o tres personas a lo más, se albergan uno o dos matrimonios con su prole y algún peón, que contra toda regla de pudor y de buena educación, comen y duermen casi juntos, todos revueltos...".

"...se juntan por lógica y fatal consecuencia todos los elementos que conspiran contra la salud; calles estrechas y sucias, mal ventiladas y soleadas; casas viejas y destartaladas; población acumulada, pobre e ignorante.

Con tales condiciones parece imposible la vida, si esta aseveración no resulta cierta en absoluto, lo es en gran parte, pues la salud corre grave e inminente riesgo, de contínuo y la pérdida de ella abre puertas muchas veces a la muerte, y a la escasez y a la miseria, siempre, lo mismo en tiempos normales, que en luctuosos días en que una epidemia arrebata despiadada a muchos infelices, llevando el terror y la desolación por todas partes".

Pérez-Fuentes Hernández, Pilar. 1993. "Vivir y morir en las minas". 195-196 orr. Bilbo

 

Langile mugimendua

Bizi baldintzak, beraz, oso txarrak ziren, lan istripuak ugariak, elikadura urria zen (oinarria ogia eta gatzartua zen, eta aldian behin sardinak edo bakailaoa jaten zuten) eta alkohol gehiegi edaten zuten; horren guztiaren ondorioz, bizi itxaropena izugarri txikiagotu zen: garairik latzenean 30 urte baino gutxiagokoa izan zen.

Eta bazegoen, halaber, egoera penagarri hori okerragotzen zuen beste gertakaririk: derrigorrezko denda edo kantinak. Denda edo kantina horien jabeak kontratistak edo langilezainak beraiek ziren, eta meatzariak derrigortuta zeuden leku horietan erostera, lana lortu nahi izatekotan. Horregatik, ohikoa zen langilezain zein kontratistak egoeraz baliatu eta produktuen prezioak izugarri garestitzea; Bilbon baino %40 garestiagoak izatera ere heldu ziren.

Lan egindako eguneko kobratzen zen meategian. Horrela, beraz, edozein arrazoigatik lan egitera joan ezin ziren egunetan (gaixo egoteagatik, istripuren bat izateagatik, eguraldi txarragatik eta abar) meatzariek ez zuten inolako soldatarik jasotzen. Hori horrela, sarritan langileak ez zuen kobratzen eta bere langilezainarekin zorretan geratzen zen, kantinako faktura soldata baino handiagoa izaten baitzen horrelakoetan.

Egoera horixe guztia zegoen mende bukaerako atsekabe sozialaren oinarrian. Bizi kalitate negargarriak eta lan baldintza penagarriek langile mugimendua garatzea erraztu zuten, joera sozialista zuenarena batez ere. Sindikalismo katolikoa ere egon bazegoen, nahiz eta indarrik ez zuen: Asociación Obrera León XIII, 1907. urtean sortua. Bai elkarte katoliko horren egoitza eta baita UGTren egoitza ere, 1888. urtean sortua, La Arboledako plazan daude oraindik ere.

Horrela, La Arboleda, Ortuella, Gallarta eta antzeko guneak langile borrokaren gune bilakatu ziren, sozialistak eta komunistak borrokaren buru zirela. Azpimarragarria da, bestalde, borroka horretan Dolores Ibarrurik, Pasionariak, izan zuen garrantzia.

Ideia horiek finkatzeak langile grebak antolatzea lagundu zuen. Estatuko lehenengo greba orokorretako bat 1890. urtekoa izan zen. Matxinada hori baretu asmoz Loma jenerala joan zen meategietara, baina langileak zer-nolako egoera penagarrian bizi ziren ikusi zuenean hauxe adierazi zuen barrakoiei buruz: "etxe hauek ez dute balio ezta txerriak bertan bizitzeko ere". Eta, horrela, langileen lan egoera eta bizi kalitatea hobetzeko bitarteko izan zen.

Ondoko lerro hauetan 1890eko maiatzaren 20an Loma Generalak aldarrikatutako bandoa agertzen da. Agindu honekin urte hartan izandako greba orokorra amaitu zen eta handik aurrera meatzaritza ustiapenak zuzenduko zituzten baldintzak ezartzen dira:

1º- Los obreros podrán alojarse donde lo estimen conveniente, sin obligarse a pernoctar en los cuarteles o barracones.

2º- Podrán asimismo surtirse en los establecimientos de su agrado, prohibiéndose en lo sucesivo a los capataces y contratistas que tengan cantinas ni que expendan alimentos de ninguna clase.

3º- Las horas efectivas de trabajo serán diez en todo el año: debiendo compensarse el excedente de los meses de verano con la insuficiencia de los inviernos de esta forma: en enero, febrero, noviembre y diciembre, nueve horas; en marzo, abril, septiembre y octubre, diez horas; en mayo, junio, julio y agosto, once horas, entrando al trabajo en la estación actual a las 6 de la mañana, para retirarse a las 7 de la tarde, con dos horas de descanso".

"El Noticiero Bilbaíno", 1890eko maiatzaren 21a

Gallarta (Bodovalle)

Meategi hori Gallarta inguruko herri batean dago, eta AGRUMINSA (AGRUPACIÓN MINERA S.A.) enpresak ustiatu zuen. Meategi horretatik erauzitako minerala siderita zen (burdin karbonatoa).

Hasiera batean bi motatako erauzketa sistemaz baliatu ziren: zeru zabaleko erauzketaz edo banku ebaketaz, eta lur azpiko galeriako erauzketaz. Izan ere, azken urteetan lur azpitik soilik erauzi zuten minerala, lurrazalekoa agortu egin baitzen.

Meatze ustiaketa horren ezaugarri nagusi batzuk hauek dira:

  • Lur azpiko galerien luzera guztira 50 kilometro ingurukoa da.
  • Meategiak Gallarta Las Carrerasekin lotzen du 185 metroko sakoneran.
  • XX. mendeko 70eko hamarkadan burdin ustiaketa hori Europako bigarren handiena izan zen.
    60 bat ganbera ditu, 25 metroko altuera eta 100 metroko zabalerakoa bakoitza. Alderaketa bat eginez, ganbera bakoitzean Burgosko katedrala bera ere sartuko litzateke.
  • Meategi horretan 500 langile izatera iritsi ziren.
  • Galerien bolumena: 8 milioi m3.

Hori izan zen Bizkaian jardunean egon zen azken burdin meategia. 1993. urtean itxi zen.

 

Azken aldaketako data: 2017/01/12