Hegazti-behatzailearen kode etikoa
Kode etiko honek1 hegazti-behatzailearen jokabiderako gida izan nahi du, jokabide hori eredugarria izan dadin. Hegaztiak eta hegaztiei behatzea atsegin duten guztiek basoko bizitza, ingurunea eta besteen eskubideak errespetatu beharko dituzte beti. Hegaztien eta hegazti-behatzaileen artean interes-gatazkaren bat sortuko balitz, hegaztien ongizateak eta horien inguruneak izan behar dute lehentasuna.
Hegaztien eta horien ingurunearen ongizatea sustatzea.
- Habitata babestea garrantzitsua da hegaztientzat.
- Tentsiorik ez sortzeko edo hegaztiak arriskuan ez jartzeko, jokatu tentuz eta errespetuz behaketetan, argazkiak ateratzerakoan eta soinuak edo irudiak grabatzerakoan.
- Mugatu grabazioen eta hegaztiak erakartzeko beste metodo batzuen erabilera. Ez erabili inoiz metodo horiek hegazti-behatzaile asko egon ohi diren inguruetan; ez eta galzorian dauden espezieak, kontserbazioaren ikuspegitik interesgarriak diren espezieak edo inguruan bitxiak diren espezieak erakartzeko.
- Ez hurbildu habietara, hegaztiek gorte egiteko erabiltzen dituzten inguruetara nahiz elikatzeko inguru garrantzitsuetara. Deskribatutako inguru berezi horietan hegaztiei behatzeko, argazkiak ateratzeko, filmatzeko edo grabatzeko denbora luzatzea beharrezkoa bada, saiatu landaredia naturalean ondo ezkutatzen.
- Mugatu argi artifizialaren erabilera filmatzerakoan edo argazkiak ateratzerakoan, bereziki hurbileko harraldiak egin nahi direnean.
- Mugatu grabazioen eta hegaztiak erakartzeko beste metodo batzuen erabilera. Ez erabili inoiz metodo horiek hegazti-behatzaile asko egon ohi diren inguruetan; ez eta galzorian dauden espezieak, kontserbazioaren ikuspegitik interesgarriak diren espezieak edo inguruan bitxiak diren espezieak erakartzeko.
- Hegazti bitxi baten presentzia argitaratu baino lehen, kontuan izan ekintza horrek hegaztiari, horren inguruneari edo inguruko beste pertsona batzuei eragozpenak sortuko dizkion. Albistea iragarri baino lehen, egiaztatu gune horretara iristeko modua kontrolatu daitekeela eta eragozpenak ahal beste murriztu direla; horrez gain, lursailaren jabeen berariazko baimena ere izan beharko duzu. Hegazti bitxiek habiak egiten dituzten tokien berri, tokian tokiko kontserbazio agintariei baino ez zaie emango.
- Errepideak, bidexkak eta bideak dauden tokietan, ez irten horietatik; halakorik ez balego, saiatu habitata ahal den gutxien asaldatzen.
Errespetatu legea eta besteen eskubideak.
- Ez sartu jabego pribatuetan jabearen baimenik gabe.
- Zure herrialdean nahiz atzerrian, bete errepideen eta esparru publikoen erabilerak arautzen dituzten lege, erregela eta arau guztiak.
- Adeitsua izan beste pertsona batzuekin harremanak ezartzean. Zure jokaera eredugarria bada, borondate ona piztuko da bai hegazti-behatzaileen artean eta bai jende artean, oro har.
Ziurtatu hegaztientzako jantoki, habia eta beste euskarri artifizial batzuk seguruak direla.
- Garbi izan ontziak, ura eta janaria. Ez ditzatela gaixotasunik har eta ez daitezela usteldu. Garrantzitsua da hegaztiak etenik gabe elikatzea eguraldi txarra dagoenean.
- Zaindu eta garbitu egiturak aldian-aldian.
- Hegaztiak toki zehatz batera erakartzen saiatzen bazara, ziurtatu ez dela inguruan inolako arriskurik edo harraparirik: katuak edo etxeko beste abere batzuk.
Hegaztien behaketa kolektiboak, antolatua izan nahiz kasualitate hutsa izan, arreta berezia eskatzen du.
Taldeko pertsona bakoitzak, aurreko arauak errespetatzeaz gain, zenbait ardura ere baditu taldekide gisa:
- Hegaztien gainerako behatzaileen interesak, eskubideak eta trebeziak errespetatzea, bai eta aire zabaleko beste legezko jarduera batzuk egiten ari diren beste pertsona batzuenak ere. Partekatu zure ezagutzak eta esperientzia askatasunez, 1(c) araua aplikatu behar den kasuetan izan ezik. Lagundu bereziki hegaztien behaketan hasi berriak direnei.
- Hegaztien behaketarekin lotuta etikoa ez den jokabideren bat ikusiz gero, aztertu egoera eta esku hartu, zuhurra iruditzen baldin bazaizu. Esku hartzea erabakitzen baduzu, adierazi pertsonei beren ekintzak egokiak ez direla eta, saiatu, arrazoituz, jokabide hori bertan behera utzarazten. Jokabide berari eusten badiote, idatziz jaso eta pertsona egokiei jakinarazi.
Taldeko arduradunaren erantzukizunak (bidaia eta ibilaldi amateurrak eta profesionalak):
- Izan jokabide etikoaren eredu taldearen aurrean. Erakutsi praktikaren eta adibidearen bitartez.
- Taldearen kopuruari dagokionez, ingurunean eragin negatiborik ez egiteko modukoa izan behar du, eta ez egin enbarazu eremu berbera erabiltzen duten gainerakoei.
- Ziurtatu taldeko kide guztiek arau multzo hau ezagutzen eta errespetatzen dutela.
- Bisitatuko dituzuen eremuekin lotutako ezaugarri bereziak ezagutu behar dituzu, eta taldekideei jakinarazi behar dizkiezu (adibidez, grabagailuak debekatuta baldin badaude).
- Bidaia etxe profesionalen kasuan, hegaztien garrantziak eta jendaurreko dibulgazioak izan behar dute lehentasuna interes komertzialen aurretik. Jabetu horretaz. Interesgarria da gidari eta arduradunek hegaztien behaketen erregistroa izatea, ezohiko presentziak dokumentatzea eta beren erregistroak dagozkien erakundeetara bidaltzea.
*Kode hau American Birding Association (www.aba.org) elkartearen kodearen egokitzapena da.
Azken aldaketako data:
2015/01/15