Oka ibaiaren Goi Estuarioko Leheneratze-proiektua
Oka ibaiaren estuarioa Urdaibai Biosfera Erreserbaren bihotzean dago, eta bertako elementurik erakargarrienetako bat da. Estuarioa eta bere arroa Biosfera Erreserba gisa izendatu zirenean, onartu zen garapen iraunkorraren erreferentzia bihurtzea. Horretarako, eredu horri esleitutako oinarrizko hiru ildoak sustatu ziren: natura- eta kultura-baliabideen kontserbazioa, garapen ekonomiko eta sozial iraunkorra, eta ingurumen-hezkuntzako eta ikerketako proiektuak burutzeko laguntza logistikoa.
Geroago, 2004ko abenduaren 7an, Europar Batasunak Urdaibaiko itsasertzak eta padurak (ES2130007) Natura 2000 sarean batu zituenean, Oka estuarioan kontserbazio ildoa sendotu zen.
Helburu horiek jarraituz, hainbat jardun egiten ari dira goi-estuarioko ekosistema naturalak eta ondare naturala kontserbatzeko eta leheneratzeko, auzoetako oinezko eta bizikletan oinarritutako konektibitatea hobetzeko, eta bertako herritarrei eta kanpokoei dagoen ondare natural eta kulturalera hurbiltzeko. Ingurumen-balioen artean, aipatu beharra dago estuarioko inguruneetan dagoen biodibertsitate zabala.
Animalia-espezieen artean, bisoi europarra, mokozabala eta arrano arrantzalea azpimarratu behar dira. Landarediari dagokionez, espezieak uholde-eraginera eta gazitasunera egokitzeko moduaren adibide interesgarria da goi-estuarioa, baita lurraldeko giza erabilera eta aprobetxamenduekiko bateragarritasunaren adibidea ere. Erabilera eta aprobetxamendu horien ondorioz, lurraren konfigurazioan paisaia anitzen mosaiko bat dugu, padurei eta estuarioari lotutako ihidiek, lezkadiek eta landaredia halofiloak osatutako paisaiekin hasi eta baso-paisaiekin eta nekazaritza- eta baso- paisaiekin amaitzeraino. Azken paisaia mota horietan, landazabal atlantikoko paisaia osatzen duten zelaiak, larreak eta artadi kantauriarra azpimarratu behar dira.
Goi-estuarioak, halaber, kultura-ondare aberatsa du, materiala (ermitak, iturriak, errotak, baserriak, elizak eta abar) zein immateriala (usadio, mito eta kondairei lotua).
Oka ibaiaren goi-estuarioko ondare naturalaren eta kulturalaren leheneratze integrala egiteko eta ondare horri balioa emateko proiektuak honako helburu hauek ditu: estuarioaren funtzionaltasun hidrikoa neurri batean berreskuratzea, ibai- eta estuario-habitatak leheneratzea (inguruko espezieen biodibertsitate garrantzitsuaren euskarri izan daitezen); ingurumen-balio berezia duen inguru hori ezagutzeko, inguru horretaz gozatzeko eta irisgarritasuna eskaintzeko aukera bultzatzea eta sustatzea; eta bertan araututako joan-etorriak sustatu eta antolatzea.
Egindako lanari esker, berreskuratu dira Barrutibaso ingurua eta Oka ibaiaren antzinako ibilguaren funtzionaltasuna Foruan, kendu da itsasadarraren eskuin hegaleko aire linea, hobetu eta egokitu da 14 km-ko ibilbide sare bat, eta pasabide batekin lotu dira itsasadarraren bi hegalak, oinezkoentzat eta txirrindularientzat.
Gainera, eremu horren ondarea zabaltzeko eta ekoturismoa sustatzeko, hainbat interpretazio- eta dibulgazio-baliabide sortu dira. Bideoez, panelez, interpretazio foiletoez eta hezkuntzarako materialez gain; habitat, espezie eta kulturari buruzko informazioa duen smartphone-erako aplikazio bat ere garatu da, goi-itsasadarrean egokitutako ibilbideak modu autogidatuan egiteko.