Hezkuntza Saila

EUSKADI, IKASKUNTZA HERRIA

EUSKADI, IKASKUNTZA HERRIA
BIZITZA OSOAN ZEHAR EGITEN DEN IKASKUNTZA
LIBURU ZURIA

» Dokumentu osoa PDF formatoan(800 K)

Laburpena
  1. Bizitza osoan barnako etengabeko ikaskuntza Europako Batasunaren oinarrizko ardatzetako bat izatera pasa da, Europako Kontseiluak 2000ko martxoan Lisboan finkatutako helburu estrategiko berria lortzeko, hots, Europako Batasuna ezagutzan oinarritutako munduko ekonomiarik lehiakor eta dinamikoena bihurtzea hamarkada honetan, ekonomikoki era jasangarrian hazteko gauza dena, gero eta enplegu gehiago eta hobea izango duena eta gizarte-kohesio handiagoarekin. Europako Batasunak giza baliabideetan inbertitzea funtsezkoa dela azpimarratzen du, baita hezkuntza- eta prestakuntza- sistema moderno eta eraginkor batzuk izan behar direla ere, etengabeko ikaskuntzaren zeharkako ardatz amankomunarekin indartu eta osatuko direnak. Horretarako, koordinatzeko metodo irekiaren bidez, EBk, elkartekideek eta, hedaduraz, eskualdeek era koordinatuan lan egin eta giza baliabideen garapenari, besteak beste, emandako arreta areagotu beharko dute.

     

  2. Gauzak horrela, etengabeko ikaskuntza ezagutzan oinarritutako ekonomiaren eta informazio-gizartearen funtsezko elementu bihurtu da. Hiritarrei ezinbestean eman behar zaizkie berriztapen teknologikoaren, ekoizteko erak aldatzearen eta gizarte-eraberritzeen erronkei aurre egiteko eta gizartean era aktiboan parte hartzeko behar dituzten tresnak. Informazioaren gizartera egokitzeko prozesu horrek baliagarri izan beharko luke, biztanleen zati esanguratsu bat garapen teknologikoetatik at, bazterketa edo analfabetismo digital batean sartuz, geratzeak ekarriko lituzkeen bazterketa-arriskuei aurre egiteko.

     

  3. Egoera horrek hezkuntza eta prestakuntzaren ikuspegi global berria eskatzen du, ezagutzan oinarritutako gizarte eta ekonomiaren erronka berriei era koherente eta osoan helduko diena. *Etengabeko ikaskuntzak hezkuntzaren eta prestakuntzaren alde guztiak hartu nahi ditu, baita alderdi ez formalak ere, pertsonen bizitza osoan zehar*.

     

  4. Etengabeko ikaskuntzaren politika osoak hiru alderdi ditu: berriztapena, gizartean sartzea eta hiritar aktiboak. Bizitza osoan barnako ikaskuntzak ezagutzaren gizartearen oinarrizko gaitasunak eta berriztapen teknologikoa aprobetxatzeko behar diren tresnak eman nahi dizkie biztanle aktiboei. Etengabeko ikaskuntzaren bidez, gainera, jarduera ekonomikora erakarri ahal zaizkie lanik egiten ez duten pertsonei. Etengabeko ikaskuntza ere gizartean sartzeko funtsezko tresna da. Autonomia handiagoa ematen dio pertsonari eta bere bizitzako proiektuen diseinuan erabakiak eta ardurak hartzen laguntzen dio, garapen pertsonal eta profesionalean. Zentzu horretan, gizarte-egoera ahuleko pertsonei eman behar zaie batez ere laguntza. Bizitza osoan barnako ikaskuntza lagungarria da ere hiritar aktiboak sortzeko orduan: izpiritu kritikoa indartzen du eta gizartea hobeto ulertzeko lagungarri zaigu: pertsonen eta hiritarren eskubide eta betebeharrak, sistema,- toki, eskualde, estatu eta Europa mailakoa-, instituzional, politiko eta ekonomikoaren funtzionamendua. Horri esker, pertsonek eragin handiagoa eduki ahal izango dute zuzenean eragiten dieten erabakietan eta, horrela, gizarte eta kultur elkarteetan, alderdi politikoetan, sindikatuetan, irabazteko asmorik gabeko erakundeetan, GKEetan eta komunikabideetan, besteak beste, parte harzea sustatuko da.

     

  5. Etengabeko ikaskuntzan oinarritutako estrategia batek laguntza eman behar dio pertsonari: informazioa, aholkularitza edo kalitatearen bitartekaritza eta ibilbideen diseinua, ezagutzaren gizarteak eskatutako oinarrizko gaitasunak eskura ditzan. Prestakuntza-eskaintza pertsonen beharretara egokituko da, eta ez alderantziz.

     

  6. Gauzak horrela, agian gizarte osoaren partaidetza eskatzen duen ikaskuntzaren kultura berria agertzen da. Irakaskuntza-erakundeekin batera, orain arte hezkuntzaren eginkizuna beren gain hartzen ez zuten erakunde, enpresa edo zentroak ikaskuntza erraztuko duten erakundeak izatera pasatzen dira eta guztiek batera hartzen dute ondorengo zereginetan parte: oinarrizko gaitasun unibertsalak eskuratzera bultzatzea, gaitasunen ziurtatze edo egiaztatzea, ikaskuntza-beharren balantzea, ibilbide, material eta metodologien diseinua (eLearning-a sartzen direnak batez ere), ikaskuntzan sartzea, kostuen finantziazioa eta giza baliabideetan egiten den inbertsioa hobetzea, teknologia berriak sartzea, orientabide, bitartekaritza eta tutorizazio pedagogikoak, mugikortasun geografikoa (hizkuntzak ikastea barne) eta toki mailako ikaskuntza-zentroen garapena.

     

  7. Etengabeko ikaskuntzak planteatzen dituen erronka berriek ikaskuntza finantzatzeko formulak birplanteatzea eta finantziazioa gardena izan beharra eskatzen dituzte; izan ere, finantziazioaren puntu honi dagokionez, erabiltzen diren baliabide publikoei eta beroriek banatzeko erari begira gardentasuna bermatu behar da: zergak, Europako fondo estrukturalak edo komunitateko programak, gizarte-kotizazioak. Testuinguru honetan, interesatutako alde guztiek, publikoek, erdipublikoek eta pribatuek, beren gain hartu beharko dituzte ikaskuntzaren finantziazioan dituzten ardurak.

     

  8. Pertsona guztien ikaskuntza sustatzen duten lurraldeak ikaskuntzaren lurralde bihurtzen dira: ikaskuntzaren hiri, eskualde edo herri. Euskal Autonomia Erkidegoan, Europako beste eskualde batzuen antzera, orain etengabeko ikaskuntzaren paradigman sartuko liratekeen jarduera desberdinak bultzatu dira zenbait sailetatik. Eremu askotan aurrera eraman dira etengabeko ikaskuntzaren paradigma berrian sar daitezkeen jarduera esanguratsuak: Lanbide Heziketako Euskal Planaren eremuan, informazio- eta komunikazio-teknologietakoan (TIC), orientabidekoan, oinarrizko prestakuntzakoan edo Zientzia eta Teknologiakoan. Politika global bat, pertsona guztientzako bizitzan barnako ikaskuntzaren estrategia koherentea da Euskadi ikaskuntzaren herri bihurtzeko orain arte falta izan zaiguna, eta Liburu Zuriak estrategia hori proposatzen du.

     

  9. Estrategia euskal gizarte osorako eta euskal erakunde guztietatik pentsatu behar da, gizarte zibilaren parte-hartzearekin. Izan ere, etengabeko ikaskuntzari lotutako arloen, hots, hezkuntza eta prestakuntza, kultura, berriztapena, informazioaren gizartea, gizartean sartzea edo enplegua, eskuduntzak erakunde horien artean banatzen dira eta arlo horiek baliabide ugariak jasotzen dituzte erakundeen aldetik. Horretaz gain, estrategiak arreta berezia ematen dio lurraldeari, etengabeko ikaskuntzaren inguruan sortu ahal diren sinergien bilgunea den aldetik: gizarte zibilaren, erakundeen eta instituzioen arteko lankidetzak.

     

  10. Irakaskuntzaren, ikaskuntzaren edo kultur jardueren inguruan lan egiten duten pertsona guztiek etengabeko ikaskuntzaren ikuspegia beren gain hartu eta diskurso koherentea egiten baldin badute, dauden lurraldean egiazko mapak eta pertsona guztiei zuzendutako ikasi eta ezagutzeko zentroak diseinatzeko aukera ematen duten jarduerak egiten baldin badituzte, EAEko erakunde guztiek pertsona guztiek errazago ikastea eginkizuntzat jotzen baldin badute, orduan errealitate bihurtuko da Euskadi ikaskuntzaren herria dela dioen planteamendu hori.

     

  11. Eginkizun honetatik zeharkako helburu batzuk daudela ondorioztatzen da: ikaskuntza baloratzea, adin guztietako pertsonak ikaskuntzan errazago sartzea, baliabideak eraginkortasunez esleitzea, ikasteko aukerak pertsona guztiei hurbiltzea, ikaskuntzaren berriztapen eta kalitatea sustatzea (edukiak eta metodoak), eta hori guztia hiru helburu bertikalei dagozkien etengabeko ikaskuntzaren hiru alderdiei begira: lehiakortasun eta berriztapenerako ikaskuntza, gizartean sartzeko ikaskuntza eta hiritar aktiboak izateko ikaskuntza. Printzipio horietatik abiatuz, Eusko Jaurlaritzak eta gainontzeko euskal erakundeek etengabeko ikaskuntzarako dituzten plan estrategikoak egingo dituzte, haien lurraldeetatik.

Azken eguneratzea: 2017/08/31