Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

25. Igeldoko megalito multzoa (Donostia/Orio)

2. ETAPA: DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN • ZARAUTZ

Espazio sakralizatua antzina-antzinatik

Euskal kostaldean zehar dauden goraguneak, horien artean Igeldo mendia, Kalkolitotik Burdin Aroaren amaierara arte luzatzen den aldi luze batean zehar – 4000tik Kristau Aroa baino lehen eta aroa aldatu arte- itsasertzeko biztanleek euren hileta-erritualak egin zituzten lekuak dira.

Igeldoko mendizerra txikiak monumentu megalitikoen izendapen orokorraren barruan dauden hileta-egitura mota desberdinen adibide nabarmenak ditu. Antzinakoenak, orain 6000 urte eraiki zirenak, dolmen bezala ezagutzen dira, baita trikuharri bezala ere Euskal Herriko hainbat lekutan. Tamaina handiagoko edo txikiagoko egiturak ziren, harrizko bloke handien bidez eraikiak, lur tumulu baten azpian lurperatutako ganberen eta modu ordenatuan jarritako harrien forman. Mota horretako monumentuak ehorzketa erritualekin lotuta zeuden, aipaturiko konpartimentu horietan hildakoak, garrantzi handiagoko edo txikiagoko hatuekin batera jartzen baitziren.

Duela 3000 bat urte Euskal Herriko biztanleek jarraitutako hileta-erritualen eraldaketa garrantzitsua gertatu zen. Hilotzak lurperatzeari utzi eta erraustea erabaki zuten, errautsen zati bat forma zirkular edo obalatuko harri-esparru baten erdian utziz. Monumentu hauek, euren tamaina asko aldatzen delarik, askotan cromlech deitzen dira, baita harrespilak edo mairubaratzak ere, eta Erromatar Inperioa iritsi arte erabili ziren.

Multzoa osatzen duten monumentuak

Igeldoko estazio megalitikoa oso interesgarria da monumentu ugari dituelako. Aitzazate, Arrobizar eta Iturrietako trikuharriak nabarmentzen dira lehenik, baita Tontortxiki I, II, III eta IV tumuluak ere. Horietako batzuen kontserbazio-egoera eskasa da; izan ere, mendeetan zehar hainbat bortxaketa jasan zituzten, barnean urrezko altxorrak zituzten mitoak eraginda. Bigarrenik, bi cromlechen edo harrien zirkuluen presentzia nabarmentzen da: Aitzazate I eta Mendizorrotz I.

Partekatu

unesco