Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Iruñatik Lizarrara: Hiri baten harresietatik kanpo

Iruñatik Lizarrara: Hiri baten harresietatik kanpo

Itzuli  |  Ibilbidearen fitxa  |  Ibilbidea: Iruña, Gares, Eunate, Lizarra

Ibilbidearen fitxa

Iruña, Lizarra eta Gares Europatik penintsularen barneko alderako bide lerrozuzenean sortu zirela ematen du. Komunikaziorako bide berri honi esker merkataritza, artea, eta, nola ez, Santiagora zihoazen erromesak iritsi ziren Nafarroara.

Santiago Bidearen beste hainbat bide garrantzitsuren arteko topaleku izanik, Nafarroako bizkarrezur honetan erromaniko zibilaren adibide garrantzitsuak topa ditzakegu: Nafarroako erregeen jauregia Lizarran edo misterioz eta istorio bitxiez betetako eliza erromaniko bakartia: Eunateko Andre Mariarena.

Erromesak beti ezberdinak dira, baina bideko ibai eta zubiak, aldiz, beti berberak, Arga ibairen gainetik pasatzen den Garesko Erreginaren Zubia, adibidez, gaztelaniaz herriari izena ematen diona.

Puntu erdiko zazpi arku ditu, horietako bat lurperatua, eta erromanikoaren eta Santiago Bideko monumentuen artean adibiderik ederrenetakoa da.

Handik oso gertu, aspaldiko historiako bidea utzi gabe, Iruñean izango gara, antzinatasun eta historia handiko hirian. Igarobide eta atsedenlekua, alde zaharra altxor artistiko paregabea da: merkatuak, ospitale zaharrak, elizak, fatxada barroko apartak eta bereziki katedrala.

Hiri bateko bizimodu erlijioso eta zibila ezagutuz artea ulertzen laguntzen duen ibilaldia.


MIbilbidearen mapa eta argibideak

Iruñara nola heldu

Mapa

Ikusi mapa


  • Gasteiztik:
    • 95 Kms
    • E5/E80 eta A-15
  • Bilbotik:
    • 156 Kms
    • AP-68, N-622, E5/E80 eta A-15
  • Donostiatik:
    • 82Kms
    • E80/N-1, A-15

Iruñea

Iruñea hiria, mendixkaren gainaldetik, harresiz inguratuta ikusten dena, Felipe II.aren aginduz eraiki zen 1551 urtean eta badirudi bokazio militarrarekin eraiki zela. Euskaldunen hiriburua da aspalditik, hau da, "hiria".

Iruñearen sortzailea Ponpeio izan zela esaten da, Jesukristo aurreko lehenengo mendean.

Santa Maria Katedrala, gotikoa, Karlos III.ak eraiki zuen XV. mendean. Arte erlijioso frantsesean dago inspiratuta, gotiko nafarraren zorroztasunari eusten badio ere: pareta biluziak eta leihate motzak, giro iluna sortzen delarik. Katedralaren klaustroan eta areto desberdinetan XV. mendeko gotiko rayonnantaren arrandia suma daiteke: leihate handi eta apainak, kontu handiz landutako ateak, hala nola Ate Ederra; Ate Ederretik logeralara sar gaitezke eta bertako tinpanoan eta leihoburuan Ama Birjinaren bizitzaren eszena desberdinak irudikatuta daude; ondoren kapitulu-gela dago, izar formako ganga duena; apaizen errefektorioa, leihoburu altu eta estuekin.

Iruñeako Udaletxeak hiru gorputzetan bereizita dagoen fatxada barrokoa du (1755-60), behetik gora: dorikoa, jonikoa eta korintioa. Sarreran, Justizia, Zuhurtasuna eta Ospearen eskulturak aurkituko ditugu. Barrualdeko ateko leihoburuan honako lema hau irakur daiteke: "atea guztiontzako dago irekita, baina are gehiago bihotza".

Gares

Herriaren gaztelaniako izena (Puente la Reina) Arga ibaiaren gainean dagoen puntu erdiko bost arku dituen zubi ezagunetik dator; aipatutako zubia eraikitzea Nafarroako Errege Antso III. Handiaren emazteak agindu zuen eta XI. mendean eraiki zen Donejakue bidea egiten zuten erromesentzat. Gares zen Konpostelara iristen ziren bide guztiak elkartzen ziren puntua.

Herri honetan Gurutzearen Eliza bisitatzen da. Eliza honek portada erromaniko bitxia du eta ganga batek estaltzen du; ganga horrek erromesen ospitale zaharrarekin lotzen du; hasiera batean eliza erromanikoa (XII) izan zen eta nabe bakarra zuen. XVI. mendean beste nabe bat gehitu zitzaion Gurutzatu Handia gurtzeko; azken nabe hau zurezkoa zen, margotua, gotikoa eta XIV. mende amaierakoa. Litekeena da jatorri Renaniarra edukitzea.

Ibilbide honetan XII. mendeko Santiago Parrokia erromanikora hurbiltzen gara. Bi ate kontserbatu dira, eta gainontzeko guztia XVI. mendekoa da; dorrea, berriz, XVIII. mendekoa. Portada nagusian, erromanikoa, dobela zizelkatuz osatutako bost ilaren azpian lobuluanitzak dituen arku bat dago, hau da, zortzi arku txiki jarraituk osatzen dute, eta arkitektura musulmanean inspiratuta daude. Elizaren nabea XVI. mendean berreraiki zen eta bertan dago Santiagoren bizitza azaltzen duen erretaula barrokoa. Sarreraren aurrealdean Santiagoren zurezko irudi bat dago, erromesez jantzita, kaperan bieirak eta eskuan bordoi bat dituelarik. Euskaraz Beltza deitzen zaio, kandelek belztu baitzuten.

Eunate

Eunateko eliza bitxi eta misteriotsua landan dago kokatuta erabat isolaturik. Oktogonala da, ekialdeko paretara lotuta goiburu txiki bat eta kanpandorre bat ditu. Arkuteriaz osatutako galeria batek inguratzen du eta bertan hezurdurak aurkitu direla kontuan hartuta, aldameneko ospitalean hiltzen ziren erromesen gorpuak lurperatzeko erabiltzen zen hileta-kapera izan zela esan daiteke.


Galeria fotografikoa

Eunateko eliza
Eunateko eliza

Lizarra

Hiri handi hau hiriburua izan zen, izan ere, Nafarroako erregeak bertan bizi ziren XII. mendean. Ohiturari eusteko, karlistek, liberalek irabazi baino lehen, bertan aldarrikatu zuten 1883 urtean Espainiako errege bezala beraiek zuten hautagaia. Iraganetik Lizarrak monumentu historikoen multzo aberats bat eskuratu du, gutxienez sei eliza eta bi jauregi.

Ruako San Pedro eliza harri bertikal batera dago itsatsita. Eliza honetara sartzeko eskailera monumental bat dago, bertako topografia zailera bikain egokitu dena. Eskaileratik portiko lobuluanitz ojibal batera irits zaitezke, ia biribildua, jarraian jarrita hamar arku txiki dituena; bertako motibo geometrikoak ikusita arte musulman andaluziarraren eragin izugarria antzeman daiteke. Klaustro erromanikoa, zutabe bikoiztu eta kapitel landuekin, Jesukristoren eta Sainduen bizitzaren eszenak irudikatzen dituztelarik, Aragoiko erregearen ordezkari militarrak ia osorik suntsitu zituen 1512an, Nafarroako konkistaren garaian.

Nafarroako Erregeen Jauregia erromaniko zibilaren (XII. mendearen amaiera) adibide oso baliotsua da. Bi oin ditu eta beranduago hirugarren bat eraiki zen; adreiluzko bi dorre txiki ere baditu. Estatuko jauregi zaharrenetakoa da. Leiho bikoiztuak ditu eta kapitel ospetsu bat, non Erroldan adoretsuaren eta Ferragut heroi musulmanaren arteko borroka irudikatzen den.

San Miguel eliza muino baten gainean dago eta garai gotikoan berreraiki zen, nahiz eta portiko erromaniko bat kontserbatzen duen, eta bertan, zimiterio baxu baten azpian, itzala eta babesa ematen duena, Bibliako eszenak ikus daitezke. Bereziki azpimarragarriak dira alboetan kokatuta dauden bi goi-erliebeak. Batean Emakume Sainduak azaltzen dira, berpiztutako Jesukristoren hilobira hurbiltzen, eta bestean San Miguel dragoiaren aurka borrokan.


Galeria fotografikoa

San Miguel eliza
San Miguel eliza
Ruako San Pedro eliza
Ruako San Pedro eliza