Aurkezpena
Heziberri 2020 Hezkuntza Sailak gure hezkuntza-sistema hobetzeko plana da.
Planak Europako esparruan hezkuntza eta prestakuntzari buruz 2020rako finkatu diren ildo estrategikoak eta euskal hezkuntzak dituen berariazko erronkak batu nahi ditu, sistemaren bikaintasunerantz pausu sendoak emateko eta bidezkoa, kohesionatua eta aktiboa den gizarte bat lortzeko.
Heziberri 2020 Plana bi zutabetan oinarritzen da:
- Lehenengo zutabea gure hezkuntza sistemak orain arte egindako bide luze eta oparoa da. Bide horretan aurrera eraman diren hezkuntza-esperientzia ugari eta arrakastatsuak metatu dira hezkuntza komunitatean partekatzen dugun kultura pedagogikoa eraikitzeko.
- Bigarren zutabea eragile desberdinen parte-hartzea da. Hezkuntza guztion ardura izan behar da eta guztion konpromisoa ere behar du bere hobekuntza, bideragarritasuna eta iraupena bermatzeko.
Honako hiru egitasmok osatzen dute Heziberri 2020 plana:
- Lehen egitasmoa: hezkuntza eredu pedagogikoaren markoa
- Bigarren egitasmoa: Euskal Autonomia Erkidegoko curriculum dekretuak
- Hirugarren egitasmoa: Euskal Hezkuntza Legerantz hurbiltzeko urratsak ematea
Zer da Heziberri 2020 plana?
Heziberri 2020 Hezkuntza Sailak gure hezkuntza-sistema hobetzeko plana da. Horretarako Europako Kontseiluak hezkuntza eta prestakuntzari buruz 2020rako finkatu zituen ildo estrategikoak; XXI. menderako hezkuntzari buruzko Nazioarteko Batzordeak UNESCOri Jacques Delorsek egindako txostena (“Hezkuntza: altxor ezkutua”); eta euskal hezkuntza-sistemak orain arte lortutako emaitzak kontutan hartu dira.
Zein proiektuk osatzen dute Heziberri 2020 plana?
Hiru egitasmok osatzen dute Heziberri 2020 plana:
- Lehen egitasmoa: hezkuntza eredu pedagogikoaren markoa
- Bigarren egitasmoa: Euskal Autonomia Erkidegoko curriculum dekretuak
- Hirugarren egitasmoa: Euskal Hezkuntza Legerantz hurbiltzeko urratsak ematea
Heziberri 2020 dela eta, baztertu behar da hezkuntza arloan orain arte egindako lana?
Ez, Heziberri 2020 gure hezkuntza-sistemak egindako bide luzea eta emankorrean oinarritzen da; beraz, ez dago hausturarik. Heziberrik proposatzen duena sistemaren bikaintasunerantz aurre-pausua da.
Zein izan da Heziberri 2020 plana garatzeko prozesua? Hezkuntza Sailak Heziberri 2020 planarekin 2013ko irailean lanean hasi zen.
Lehenengo proiektua 2014ko otsailaren amaieran bukatu zen eta bertan eragile desberdinek: unibertsitateak, guraso elkarteak, irakasle publikoko zuzendari elkarteak, itunpeko ikastetxe patronalak, eta hainbat adituk, besteak beste, parte hartu zuten.
Bigarren proiektua aurrean aipatutako eragileekin landuz gain, sindikatuekin eta alderdi politikoekin ere jorratu zen. Dekretuak 2015eko otsailaren 18an aurkeztu eta 2016an argitaratu ziren.
Nolakoa da adostu den hezkuntza eredu pedagogikoaren markoa?
Konpetentzietan oinarritutako eredua da gure ikasleak norberaren ingurutik inguru unibertsalera bizitzeko ondo prestatuak egon daitezen.
Hain zuzen ere, ondorengo oinarrizko zehar-konpetentzietan oinarritzen da:
- hitzez, hitzik gabe eta modu digitalean komunikatzeko konpetentzia
- ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia
- elkarbizitzarako konpetentzia
- ekimenerako eta ekiteko espiriturako konpetentzia
- izaten ikasteko konpetentzia
Baita diziplina biatako konpetentzietan ere:
- hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia
- matematikarako konpetentzia
- zientziarako konpetentzia
- teknologiarako konpetentzia
- gizarterako eta herritartasunerako konpetentzia
- arterako konpetentzia
- motrizitaterako konpetentzia
Zergatik esaten da Heziberri 2020 planak planteatzen duen proposamen curricularra malgua eta irekia dela?
Ikastetxeen autonomia pedagogikoa bultzatzen da. Kontutan hartuta konpetentzietan oinarritutako eredu pedagogikoa adostu dugula, bai edukiak bai lorpen-adierazleak erreferentziazkoak izango dira. Horrek esan nahi du ikastetxe bakoitzak bere Hezkuntza Proiektura, bere Curriculum Proiektura eta bere ikasleen ezaugarrietara egokituko dituela, beti ere ikasleen oinarrizko irteera profila bermatuz.
Heziberri 2020 planako curriculum dekretuetan ikasleen bereizketa goiztiarra planteatzen da?
Ez, enbor bakarreko ibilbideari eusten zaio, ikasle guztiei DBH osoa bukatu arte banatu gabe jarraitzeko aukera emanez. Adibidez, 3. DBHko bi matematika mota izan arren, bien curriculumek 11 ebaluazio adierazletik 10 komunean dauzkate eta horretaz aparte, 3. mailako aukeraketak ez du 4. mailakoa baldintzatuko.
Estatu mailan LOMCE indargabetzen bada, zer gertatuko da Heziberri 2020 planaren curriculum dekretuekin?
Curriculum dekretuak hezkuntza eragileekin batera landutako hezkuntza eredu pedagogikoan oinarritzen dira eta idaztean LOMCEk ezartzen dituen alderik ezkorrenak saihesteko neurriak hartu dira. Heziberri 2020 plana gure hezkuntza-sistemaren hobekuntzarako jaio zen eta dekretuak baliogarriak izango dira oinarrizko legea oraingoa zein beste bat izan.
Zein da Heziberri 2020 planako hezkuntza eredu pedagogikoan eta curriculum dekretuetan hizkuntzen inguruan egiten den planteamendua?
Elebitasuna sendotzea hezkuntza marko eleaniztun baten barruan. Euskarak lehentasunezko tratua izango du, bi hizkuntza ofizialen erabilera sozialaren desoreka konpentsatzeko. Horrez gain, ikastetxe bakoitzak bere Hizkuntza Proiektua eta Curriculum Proiektua ikasleen eta haien ingurunearen baldintza soziolinguistikoen arabera egokituko ditu, beti ere ikasleen irteera profila errespetatuz. Metodologiari dagokionez, komunikatzeko konpetentzia eleaniztun bat lortzeko hizkuntzen trataera integratua eta integrala proposatzen da.
Zein da Heziberri 2020 planaren barruan aniztasunari erantzuteko planteamendua?
Heziberri 2020 planak inguru normalizatu eta inklusiboan ikasle guztien oinarrizko konpetentzien garapen gorena lortzea du helburu. Hori dela eta, berariazko hezkuntza-laguntza behar duten ikasleak garaiz hautemateko mekanismoak ezarri behar dira ikastetxeetan. Hezkuntza Sailak, bere aldetik, aniztasunaren trataerarako orain dauden neurri guztiak mantendu eta indartuko ditu.
Zein da Heziberri 2020 planaren curriculum dekretuetan ikastetxe publikoen autonomiaren inguruan egiten den planteamendua?
Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan xedatutakoa garatzeko asmoz, hezkuntza berriztatzeko kalitatezko proposamen bideragarri eta arduratsua egiten duten ikastetxeek Autonomia Proiektu bat aurkeztu ahal izango dute. Proposamen horretan jasoko dira esparru pedagogikoan eta curriculumean hartu beharreko erabaki bereizgarriak, bai eta antolaketan, kudeaketa ekonomikoan eta langile-kudeaketan hartu beharrekoak ere, irakaskuntza-prozesuak eta ikasleen emaitzak hobetzeko asmoz.
Zer kanpoko ebaluazio mota planteatzen da Heziberri 2020 planaren curriculum dekretuetan?
Heziberri 2020 planaren curriculum dekretuetan, ikastetxeek egiten duten barneko ebaluazioaz aparte, kanpoko ebaluazio diagnostikoak planteatzen dira Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Ebaluazio horiek ez dute eragin akademikorik izango; ikastetxeentzat lagungarriak eta orientagarriak izango dira; familientzat eta hezkuntza-komunitate osoarentzat, informatiboak. Datuak, orain arte bezala, ez dira erabiliko ikastetxeen inolako sailkapenik egiteko.
Zein da Heziberri 2020 Planaren barruan Eskola Kontseilu eta Ordezkaritza-Organo Gorenen papera?
Eskola Kontseilu eta Ordezkaritza-Organo Gorenek orain arte izandako eskumenak mantenduko dituzte, Hezkuntza Komunitate osoaren partaidetza bermatzeko.
Baliabideak
Egoera-problema bat eraginkortasunez konpontzeko beharrezkoak diren adierazpenezko, jarrerazko eta prozedurazko edukien multzoa.
Curriculum-edukia
Curriculum-edukia esaten zaio ikasten eta irakasten dena osatzen duten elementuen multzoari.
Diziplina baitako/diziplinarteko edo berariazko oinarrizko konpetentziak
Bizitzaren eremu eta egoeretako problemak (pertsonalak, sozialak, akademikoak eta laboralak) ganoraz konpontzeko balio dutenak, eta, horretarako, diziplina-arlo jakin baten baliabide espezifikoak behar dituztenak. Diziplina baitako konpetentzia horiek eremu batzuetako egoeren/problemen bidez eskuratzen dira, eta diziplina-arlo batekin edo batzuekin lotutako egoerak/problemak konpontzeko aplika daitezke.
Ebaluazio batutzaile edo finala
Izaera egiaztagarria du. Ikastetxea bera arduratu daiteke ebaluazio batutzaile hori egiteaz, baina, zenbaitetan, kanpo-erakunderen batek har dezake bere gain lan hori. Ebaluazio-mota horretan oinarriturik hartzen dira erabaki-mota administratiboak: maila edo etapa bat gainditzen den, promozio-kontuak, titulazioa...
Ebaluazio diagnostikoa
Ebaluazio diagnostikoak, ikaskuntza-prozesuaren hasiera-hasierako egoera behar bezala identifikatuko badu, hezkuntza-arloko esku-hartzearekin lotutako alderdi guztiei modu ahalik eta estu egokienean heldu behar die kasu bakoitzean hezkuntza-arloko esku-hartzearekin lotuta dauden alderdi guztiei, bai eta esku-hartze hori taxuz diseinatu ere.
Ebaluazio prozesual edo hezigarria
Ikasleen ebaluazio prozesual edo hezigarriak, bere aldetik, ikaskuntza-prozesu osoaren garapen eta eboluzioaren berri ematea du helburu, prozesuan aurrera egin ahala hauteman litezkeen indargune nahiz ahulguneak unean uneko premietara egokitu eta, hori guztia aintzat hartuta, erabaki egokiak hartzeko.
Ebaluazio(-adierazleak)
Ebaluazio-adierazleek jokabide behagarri bihurtzen dituzte ebaluazio-irizpideak, eta, alde horretatik, haiek dira ebaluazioaren azken erreferenteak.
Ebaluazio(-irizpideak)
Xedeak zenbateraino barneratu diren aztertzeko erreferentzia nagusia. Arlo zein ikasgai jakin batean oinarrizko konpetentziak zenbateraino landu eta garatu diren argi eta garbi aztertzeko aukera ematen digute. Ebaluazio-irizpideen bitartez finkatzen da helburuak zenbateraino lortu eta, beraz, horiek ardatz dituzten konpetentziez jabetu diren ikasleak.
Ebaluazio-xedeak
Hezkuntza-xedeek hezkuntza-prozesu osoaren norabidea erakutsi eta zentzua ematen diote. Oinarrizko Hezkuntzaren xedeak edo helburuak oinarrizko konpetentziak lortuz iristen dira.
Ebaluazioa
Gerora erabakiak hartu ahal izateko informazioa etengabe eta modu sistematikoan jasotzea eta aztertzea oinarritzat duen prozesua, horixe da ebaluazioa.
Edukiak, adierazpenezkoak
Adierazpenezko edukiak jakintza teorikoak dira, hau da, jakintzari buruzko datuak, gertaerak, kontzeptuak eta printzipioak, ikasgaitan antolatuta.
Edukiak, jarrerazkoak
Jarrerazko edukiak ikasitako joerak, ohiturak edo jarrerak dira, nahiko iraunkorrak, eta beren oinarrian gauza, pertsona edo egoera jakin bati buruzko jakintzak, sinesmenak, lehentasunak, balioak eta abar daude.
Edukiak, prozedurazkoak
Prozedurazko edukiak adierazpenezko eta jarrerazko edukiak eskuratu ahal izateko estrategia edo urrats ordenatuak dira, eta trebetasunetan islatzen dira.
- Zehar-prozedurak: eduki-mota guztientzat berdinak dira eta oinarrizko konpetentzia guztiak lortzeko balio dute, nahiz zeharkakoak edo orokorrak nahiz diziplina baitakoak edo berariazkoak.
- Diziplina baitako/diziplinarteko prozedurak: espezifikoak dira diziplina-arlo bakoitzeko edukiak eta eskumenak ikasteko, eta diziplina baitako hainbat arlo eta eskumenetan erabil daitezke.
Egoera(-familia)
Maila bereko zailtasun eta konplexutasuna duten egoeren-problemen multzoa.
Egoera-problema
- Egoera: Jardueraren bat gauzatzen edo gertaeraren bat jazotzen deneko inguru edo testuingurua.
- Problema: Konpondu beharreko zeregina.
Hezkuntza inklusiboa
Haur eta gazte guztiak hezkuntzara irits daitezen bermeak ematen dituena da eskola inklusiboa; baina, edonola ere, ahotan darabilgun hezkuntza hori ez da edonolakoa, kalitatezko hezkuntza-sistema bat baizik, denei aukera-berdintasuna, justizia eta ekitatea bermatzen diena.
Hezkuntza-eredu pedagogikoaren esparrua
Hezkuntza-eredu pedagogikoaren "esparrua" esaten zaio hezkuntza-eredu pedagogikoaren ildo nagusiak biltzen dituen dokumentu bati, curriculuma garatu ahala zehaztuz joango denari.
Hezkuntza
Hezkuntza prozesu iraunkorra da, pertsonen bizitzako hainbat etapatara zabaltzen da, eta bere xedea da gizakiaren konpetentziak maila guztietan garatzea ahalik eta gehien, subjektu indibidual eta herritar aktibo gisa, bai eta konprometitua ere gizartearen garapenarekin eta ingurumenaren garapen jasangarriarekin.
Ikasleen irteera-profila
Hezkuntza-etapa bat bukatutakoan, ikasleek oinarrizko zer konpetentzia barneratu behar dituzten definitzen du.
Ikastetxeen autonomia
Alderdi pedagogikoei, curriculumari, plangintzari, antolaerari eta kudeaketari dagokienez, nork bere kasa erabakiak hartzeko gaitasuna izatea, horixe da ikastetxeen autonomia.
Integrazioaren pedagogia
Jakintzez, egiten jakiteaz eta izaten jakiteaz ikasitakoa transferitu, artikulatu eta konbinatu egiten da, egoera funtzional konplexuak konpontzeko, eta horixe da integrazioaren pedagogia.
Irakasleen prestakuntza
Nork bere burua ezagutzaren eraikuntzan trebatzeko prozesua, hezkuntza-jardueretan eta irakasleen garapen profesionalean oinarritua.
Jarrera
Jarrera esan ohi zaie ikasitakoak eta iraunkor samarrak diren joerei edo ohiturei. Gauza, pertsona edo egoera bati buruzko jakintza, sinesmen, sentimendu, lehentasun, balio eta abarretan oinarritzen dira, eta modu jakin batean jardutera bultzatzen dute egoera jakinetan, bizitzaren eremu bakoitzean (pertsonala, soziala, akademikoa eta laborala).
Konpetentzia
Konpetentzia da "Eskaera konplexuei erantzuteko eta zereginak egoki burutzeko ahalmena. Trebetasun praktikoak, jakintzak, motibazioa, balio etikoak, jarrerak, emozioak eta gizartearen eta jokabidearen beste osagai batzuk elkarrekin mobilizatzea eskatzen du, ekintza ganorazkoa izan dadin” (ELGA, DeSeCo, 2002).
Material didaktikoak
Ikasle nahiz irakasleei irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak planifikatzen eta/edo garatzen eta/edo ebaluatzen laguntzea helburu duten eta horretarako propio sortuak izan diren materialak.
Metakognizioa
Ikaskuntza-prozesuan tartean diren jarduera mental kognitibo nahiz afektibo guztiez jabetzean datza, norberak pentsatzen, esaten eta egiten duena baloratu eta erregulatu ahal izateko.
Metodologia
Metodologia da ikaskuntza-prozesua kudeatzeko hautatzen den bidea edo estrategia, kontuan hartuz prozesu horretan parte hartzen duten elementu guztiak.
Oinarrizko Hezkuntza
Belaunaldi berriak heldu izatera irits daitezen saiatzen den hezkuntzaren etapa, bizitza osoko hezkuntza erdiesteko oinarriak ezartzen dituena.
Oinarrizko konpetentziak
Oinarrizko edo funtsezko konpetentziak dira, Europako Erkidegoen Batzordeak proposatutakoaren arabera (2006), pertsona guztiek behar dituztenak beren burua errealizatzeko eta garatzeko, bai eta herritartasun aktiborako, inklusio sozialerako eta enplegurako ere.
Oinarrizko zehar-konpetentziak edo orokorrak
Bizitzaren eremu eta egoera guztietako problemak (pertsonalak, sozialak, akademikoak eta laboralak) ganoraz konpontzeko balio dutenak, bai diziplina-arlo guztiekin lotutako egoeretan, bai eguneroko bizitzako egoeretan. Bizitzaren esparru eta egoera guztietan integratuz eskuratzen eta aplikatzen dira zehar-konpetentziak.